Eu

Euskadiko Ekoturismo I. Foroa

2018.eko urtarrilak 29

Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak aurkeztu du gaur Euskadiko Ekoturismo I. Foroa. Foroa Turismo Sailak antolatu du eta Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo da otsailaren 1 eta 2an. Ekimenak turismo ekologikoaren alorreko hainbat aditu bilduko ditu. Aurkezpenean egon da, baita ere, Maider Etxebarria Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria.

Sailburuak adierazi du helburua dela Foroa hitzordu erregular bihurtzea Euskadin, bertan hausnartu eta eztabaida dezaten sektoreko profesionalek turismo ekologikoari buruz. Retortillok adierazi moduan, “uste dugu unea dela Euskadirentzat ekoturismo-estrategia globalagoa eratzeko, erakunde eta eragileen arteko lankidetzaren bitartez baliabideak batuta".

Duela urtebete inguru ospatu zen Ekoturismoari buruzko I. Kongresu Nazionala, Turismo Ministerioak eta Estatu Idazkaritzak antolatuta. Bertan finkatu ziren Daimiel deklarazioa deritzonaren oinarriak, baita ekoturismo-produktuaren plangintzarako aholkuak ere. “Bide horretan jarraitu behar dugu, aurrea hartu eta aitzindariak izan behar dugu. Ostegunean inauguratuko dugun lehenengo foro hori da turismo konprometitu eta arduratsuaren bidean egiten ari garen apustuaren aldeko beste pausu bat” adierazi du sailburuak.

“Ekoturismoak turismoa herrialdean zehar banatu eta desestazionalizatzen laguntzen du.Horrez gain, turismo aktiboa sustatzen du, baita naturarekin lotura eta errespetu handiagoa duena ere. Bidaiariaren sentsibilizazioa bultzatzen du eta bidaia-helburu bakarra izan daiteke, edo herrialdeko kultura- eta hiri-eskaintzak osa dezake; gure herrialdearen kasuan, distantziak laburrak direnez, egonaldia luzatzen lagun dezake”, amaitu du Retortillok.

 

Euskadiko Ekoturismo I. Foroa

Foroa ostegunean hasiko da Luis Andrés Oriveren konferentziarekin. Gasteizko eraztun berdearen 25 urteei buruz hitz egingo du. Egunean zehar hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egingo dira, eta ekoturismoa Europako ikuspegitik eta estatu mailan aztertuko da, baita beste erkidegoen adibideak azaldu ere. Horrez gain, turismo ekologikoaren alorreko prestakuntzak duen garrantzia aztertuko dute hainbat unibertsitateko adituek.

Ostiraleko gaiak Euskadin helmuga turistikoen kudeaketa iraunkorraren hainbat eredu izango ditu ardatz eta profesionalek diseinatutako esperientzia ekoturistak azalduko dira.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
    2018.eko otsailak 09

    EAEko Ekoturismo Foroa, EAEko Ekoturismo Sarearekin batera, natura baliarazteko elementuetan parte hartzen eta horiek koordinatzen lan egiteko tresna bat da. Lehen Foroa ikuspegi publikotik eta pribatutik zer lantzen ari diren ikusteko sortu da. Asmoa da urtean behin egitea, eta urtero gaien inguruko ekarpenak jasotzen joatea.

    www.ecoturismoeuskadi.eus webean, txostenak eta ondorioak kontsultatu ditzakezu.

    Agur

  • 2018.eko urtarrilak 31

    Naturaren kontserbazioaz kezka dugunez, beldurrez baizik ezin diogu begiratu halako ekimen bati.

    Turismoak erakutsi du ezen ez bazaio hasiera-hasieratik mugarik jartzen, azkenean suntsitu egiten dituela hasiera batean erakargarriak ziren elementu eta balioak. Hala gertatu da Mediterraneoko kostan (hotel eta apartamentuz betea), goi-mendietako hainbat lekurekin (eski-pìstaz eta resortez beteak, ur-hartuneak nonahi, lakuak eta errekak urik gabe...), herri eta hirietako auzoetan (dendak kanpotarren esku, taberna normalik ez, dena turistentzako pentsatua...).

    Duela zenbait urte ere, agroturismoa hasi zenean, orduko helburua zen nekazarien errenta osatzea. Baina arloaren ardura Turismo sailak bere esku hartu zuenean pikutara joan zen eredua, eta haien logika merkantil-ekonomikoan sartu zen bete-betean jarduera. Ondorioa: lehengo baserriak txalet edo apartamentu-etxe bihurtu dituztela, monumentu batzuk txikitu eraikinak haien estandarretara egokitzeko, nekazaritza baztertzea... Alegia, guztia desitxuratzea.

    Naturaren inguruan ikustea haien esku luzea beldurra besterik ezin du eragin. Zer logika aplikatuko dute. Nork ezarriko dizkie mugak hauei? Nork betearaziko dizkie?

Ekitaldiko kargudunak