Eu

Beatriz Artolazabal´ek Uruguay´ko Gobernuko ordezkaritza bati egin dio harrera; interesa erakutsi du Uruguayko Gobernuko ordezkaritzak Euskadin mendekotasunari eta desgaitasunari eskaintzen zaien arretaren inguruan

2018.eko urtarrilak 29

 Uruguayko Gobernuko Gizarte Garapeneko Ministerioaren ordezkariek hiru lurraldeetako baliabideak ezagutuko dituzte, zuzeneanEgonaldia hiru egunez luzatuko da, eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko karguen laguntza izango dute

  • Hiru lurraldeetako gizarte-arloko hiru diputatuek parte hartuko dute hilaren 31ra arte, asteazkenera arte, egingo diren bisitetan

Vitoria-Gasteiz, 2018/01/29

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua buru izan da, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Uruguayko Gobernuko Gizarte Garapeneko Ministerioaren (MIDES) ordezkaritza bati eginiko harreran. Ordezkaritza horrek hiru eguneko bisita egingo du hiru lurraldeetan mendekotasunaren eta desgaitasunaren eskariei erantzuteko dauden baliabideetara. Bisita horietan, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko ordezkariak Uruguayko ordezkaritzarekin batera izango dira, anfitrioi lanetan.

Artolazabal sailburuarekin batera, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak, Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendariak, Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak eta Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak ere Uruguayko ordezkariak agurtu dituzte, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan; bertan hasi da erakunde-bisita.

Uruguay´ko Gobernuaren ordezkaritza honako hauek osatzen dute: Renata Scaglione Zaintzen Idazkaritza Nazionaleko Plangintza eta Jarraipen Arloko zuzendaria; Nathalia Balmelli Zaintzen Idazkaritza Nazionaleko Mendekotasun Arloko Ekipo Teknikoko kidea; Juan Carlos Rodríguez Zerbitzuen Arloko zuzendaria - Zaintzen Idazkaritza Nazionala; eta María Lidia Carvajal, Erregulazio Saileko Ekipo Teknikoko kidea-Adinekoen Institutu Nazionala (INMAYORES).

Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek azaldu dizkiete gonbidatuei euskal erakundeek hiru lurraldeetan garatzen dituzten gizarte-politikak, eskumenen banaketa, Gizarte Zerbitzuen Legea eta kasu bakoitzerako jarduketa-organoak. Bereziki, mendekotasun- eta desgaitasun-eremuetan garatzen dituzten ekintzak nabarmendu dituzte; horiek gonbidatuen interesa erakarri dute.

Gero, 11:30ean, Uruguayko ordezkaritza, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera, Eusko Legebiltzarraren egoitzara hurbildu da; bertan, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko lehendakariak egin die harrera.

Bisita baliabideetara

Erakunde-bisita hiru egunez luzatuko da, urtarrilaren 31ra arte, asteazkenera arte, eta agendan Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako instalazio eta baliabideak bisitatzea jasotzen da.

Lehen bisita-egun honetan, Uruguayko Gobernuko Gizarte Garapeneko Ministerioaren ordezkariek Arabako lurraldeko zenbait baliabide ezagutuko dituzte, zuzenean Biharko jardunaldian, asteartean, zenbait bisita izango dira Bizkaian, eta, asteazkenean, hilaren 31n, Gipuzkoa ezagutuko dute. Lurralde bakoitzean, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ez ezik, foru-aldundi bakoitzeko gizarte-arloetako ordezkariek ere egingo diete harrera.

Horrela, gaur Marian Olabarrieta Arabako Gizarte Zerbitzuetako foru-diputatuak egingo die harrera. Marian Olabarrietarekin batera, adinekoen egoitza bat, eguneko arretako landa-zentro bat eta etxebizitza komunitario bat bisitatuko dituzte.

Bihar, asteartean, betiON telelaguntzako euskal zerbitzu publikoaren egoitza ezagutuko dute; egoitza horren titular da Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila. Gainera, Isabel Sánchez Robles Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru-diputatuarekin batera, desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako apartamentu batera, baliabide soziosanitario batera eta desgaitasun-zentro batera irtetea aurreikusten da.

Asteazkenean, Uruguayko Gobernuko ordezkaritza Gipuzkoara joango da, eta, bertan, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru-diputatuak egingo die harrera. Bertan aurreikusten da egoitza batera eta eguneko zentro batera eta Gureak-en egoitzara bisita egitea; Gureak desgaitasuna duten pertsonentzako, batik bat adimen-desgaitasuna dutenentzako, lan-aukerak (nagusiki Gipuzkoan) kudeatzen dituen enpresa-taldea da.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Marian Olabarrieta, Isabel Sanchez-Robles, Maite Peña