Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza ikastetxe publikoetako zuzendariekin elkartuko da
- Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak garatzen ari den lan ildo nagusien berri eman die ikastetxe publikoetako arduradunei
Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Olatz Garamendi Euskadiko ikastetxe publikoetako zuzendariekin elkartu da gaur goizez, HEIZEk (Ikastetxe Publikoetako Zuzendaritzen Federazioak) gonbidatuta, Sailburuordetza hori egun garatzen ari den lan ildo nagusiak azaltzeko.
Eibarko Mogel Isasi Institutuaren egoitzan burutu den saioaren zatirik handiena aurrekontuen inguruan osatu da, eta Eusko Jaurlaritzak hezkuntza gaietara bideratzen dituen diru kopuruak azaltzeko baliatu da. Garamendik nabarmendu duenez, Hezkuntza Sailak 2018rako aurreko urtean baino 57,4 milioi euro gehiago ditu (2.665,4 milioi 2017ko aurrekontuan, eta 2.722,8 aurten). Igoera honekin, Hezkuntza Sailak Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren baitan duen pisuak ere gora egin du: %26,3 aurten, %25,9 iaz. Sailaren aurrekontuak azken urteetan izan duen bilakaera aztertuz gero, berriz, ikus daiteke Hezkuntza Sailak 2013an baino 309 milioi euro gehiago dituela aurtengo aurrekontuan.
Ikasturte honetan, baina 2017 urtearen barruan, Hezkuntza Sailak ahalegin berezia egin du 2018an ordaintzea aurreikusten zen zenbait ordainketa aurreratzen. Neurri hau posible izan da, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak hartutako akordioaren ondorioz, Hezkuntza Sailak jaso dituen 53 milioi euroei esker. Ordainketen aurrerapenaren onuradun nagusiak eskolatze-bekak izan dira (24 milioi eurorekin), baina baita unibertsitate bekak (10 milioi), UPV/EHUko soladata-osagarriak (6 milioi), Haurreskolak Partzuergoa (1,06 milioi) eta hainbat ikastetxe publikotako ekipamenduak ere (2,1 milioi). Ordainketak aurreratu izanak gastu gaitasun handiagoa ematen dio Hezkuntza Sailari 2018rako.
Eskolatzeko beken inguruko datu adierazgarri bat, honako hau da: 2017-2018 ikasturte honetan bekatara bideratutako 55 milioi euroetatik, 43 milioi ebatzita eta esleituta zeudela 2017 urtea bukatu baino lehen. Milaka euskal familiaren mesederako gertatu da, zalantzarik gabe, aurrerapen hau.
Azpiegitura Plana
Azpiegituren atalean, Garamendi sailburuordeak 2014-2018 Azpiegitura Planaren baitan garatu diren edo garatzen ari diren obra nagusiak azaldu ditu, eta zehaztu duenez, aldi guztirako 300 milioi euroko aurrekontua izan duen plan horretan aurreikusitako obren %83 amaituta, eraikitzen hasita edo administrazio-izapideak abiatuta dituztela aurkitzen dira. Egun, Hezkuntza Sailak hurrengo Azpiegitura Plana atontzeari ekin dio, eta beharren azterketa egiten ari da. Plan berria honako lan ildo hauetan oinarrituko da: eraikinak zaharberritzea, jolastokietan aterpeak egitea, hezkuntza-espazioak metodo pedagogiko berrietarako egokitzea, eta ingurumenarekiko konpromisoa.
Azkenik, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza taxutzen ari den Digitalizazio Plana ere hizpide izan dute Hezkuntza Saileko arduradunek, eta langileen lan-baldintzak hobetzeko Irakasle Funtzionarioen Mahai Sektorialean Sailak egin dituen proposamenak ere azaldu dizkiete zuzendariei.