Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Durangoko Arte eta Historia Museoaren eraberritzearen inaugurazioan izan da

2018.eko urtarrilak 25

Iñigo Urkullu Lehendakaria Durangoko Arte eta Historia Museoaren berritze-lanen inaugurazioan izan da gaur arratsaldean. Eraikina egokitu ondoren, berriro zabaldu ditu ateak museoak. 16 aste iraun dute lanek, eta eraikinaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko eta bertako zenbait gune handitzeko egin dira. Aldi berean, abian jarri da Eduardo Chillidaren “Oihartzunak-Resonancias” grabatu erakusketa, martxoaren 11ra arte bisitatu ahal izango dena.

Ekitaldian izan dira Durangoko alkate Aitziber Idigoras, museoko zuzendari Garazi Arrizabalaga, Eduardo Chillidaren biloba Mikel Chillida, baita erakusketaren komisario David Pavo eta Iker Pérez ere, agintariei lagundu dietenak erakusketan zehar egin duten ibilbidean. Bertan, 26 obra grafiko eta artista-liburu bat daude ikusgai.

Erakusketa, Durangoko Arte eta Historia Museoko bildumari dagozkion Eduardo Chillidaren 18 lanak batu, katalogatu, kontserbatzeko eta publikoari erakusteko nahiaz sortzen da. Hori dela eta, Chillida-Belzunce Fundazioa eta Chillida Leku Museoari laguntza eskatu zitzaien, erakusketaren bilduma osatzen duten 9 obren ekarpenarekin lagundu dutelarik. 

Durangoko Arte eta Historia Museoa XVIII. mendean Jose Joaquin de Echezarretak eraikitako Etxezarreta Jauregian dago. Museoak gune bi ditu: Historiari buruzkoak (momentuz itxita dago, laster hasiko dira muntaketa lanak) Durangoko historia azalduko du bertan, hiribilduaren sorreratik aro garaikidera arte; Arteari buruzko guneak, berriz, euskal arte moderno eta gaur egungoaren erakusgarri diren margolan bilduma hartzen du. Museoaren helburua Durangon, historian zehar, izan den ekintza kultural oro bildu eta zabaltzea da, baita atzerrian Durangori buruz egindako lan eta erreferentziak gordetzea ere. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak