Berriak Herrizaingoa
Eu

Aresen aburuz, Frantziako lapurretak frogatzen du ''ETAk oraindik ez duela ekintza terroristak bertan behera uzteko erabakia hartu''

2010.eko abenduak 22

Abertzale erradikalei eskatu die beren gaitzespena ''argi eta garbi'' erakusteko eta subiranotasunaren aldeko alderdiei berriz, eskaera honekin bat egiteko

Frantziako Bourg de Peaje herrian ETAk elektronika eta informatikako materiala ostu izana ''larria eta kezkagarria'' dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, Rodolfo Aresek. Bere ustez, ''lapurreta honek argi uzten du taldeak oraindik ez duela terrorismoa alde batera uzteko erabakia hartu''. Honen harira, ''beren burua abertzale erradikalen agintaritzat dutenei, sinesgarritasuna bereganatu nahi badute, ekintza terrorista honekiko gaitzespen argia erakusteko'' eskatu die. Era berean, ''subiranotasunaren alde egiteko Batasuna zenarekin elkartu diren alderdiei'' ere mezu bat bidali die: ''eskaera honekin bat egiteko eta, abertzaleen baiezkoa lortu ezean, beren albotik aldentzeko''.

ETAk aurki bidaliko duen ustezko komunikatu baten edukiaren inguruko "zurrumurru eta usteen" aurrean azken asteotan egin izan duen bezala, "zuhurtziaz eta erantzukizunez" jokatzeko deia egin du beste behin Aresek. Joan den astelehenean Frantziako erdialdean izandako lapurreta "larri eta kezkagarriaren" atzean ETAko kideak daudela baieztatu ostean egin ditu sailburuak azken adierazpen hauek.

Herrizaingo sailburuaren arabera, "batzuek bestelako usteak bazituzten ere, ETAk ez du oraindik terrorismoa alde batera uzteko erabakia hartu; hala erakusten du azken ekintza terrorista honek". Era berean, talde armatuari jakinarazi dio "horixe dela eska dakiokeen erabaki bakarra eta hartzen ez duen bitartean, aurka egingo zaiola Zuzenbide-estatuak ahalbidetzen dituen baliabide guztiak erabilita".

"Beren burua abertzale erradikalen agintaritzat duten horiei eta politika, legezko politika soilik egitearen aldekoak direnei", Aresek mezu berezia luzatu die: "beren apustua sinesgarria izatea nahi badute, hitzetatik ekintzetara pasa eta ekimen terrorista berri honen aurkako gaitzespena agertzeko" eskatu die.

Zentzu berean, "subiranotasunaren alde egiteko Batasuna zenarekin elkartu diren alderdiei" eskatu die "gaitzespen hori egiteko eskatu diezaiotela eta, hala izan ezean, beren albotik aldentzeko". "Aparteko ibilbide demokratiko bat duten alderdi politikoek ezin diote beren historiari traizio egin terroristengandik betirako eta atzera bueltarik gabe aldendu ezinean dabiltzanekin lan egitearren".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)