Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria izan da buru Marcelo Gangoiti Saria emateko ekitaldian

2018.eko urtarrilak 26
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Hezkuntza “inklusibo” bat defendatu du Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa azpimarratu du gazteei lan-munduan txertatzen laguntzeko 

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da gaur Marcelo Gangoiti Saria emateko ekitaldian, XXII. edizioan. Bizkaian ekonomiaren sustapenarekin, berrikuntzarekin eta enplegua sortzearekin konpromisoa hartua duten enpresak aintzatesten ditu sari honek. Eusko Jaurlaritzaren izenean ekitaldira bertaratu diren beste ordezkariak izan dira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Laneko eta Justiziako sailburu María Jesús San José. Aurten, Prosertek SLri eman zaio saria. Enpresa horrek Santurtzin du bere egoitza, eta portuetako ekipamenduen ekoizpena da bere jarduera. Enpresa horrek oinarritzat dituen printzipioen balioa azpimarratu du Lehendakariak, horien artean aipatzekoak segurtasuna, sendotasuna, eraginkortasuna, konforta eta kalitatea, “printzipioen erabateko adierazpena, lehiakortasunaren eta komunitatearen zerbitzura”.

Marcelo Gangoiti Saria Ezkerraldean eta Meatzegunean batez ere diharduen eta bere lanagatik nabarmentzen den enpresa bati ematen zaio urtero. Muskizeko Somorrostro Irakasguneak koordinatzen du saria, eta SPRIren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Cebek-en babesa jasotzen du. Euskadin enpresei urtero ematen zaien sari garrantzitsuenetako bat da. Hala, ekitaldian izan dira Ekonomiaren Sustapeneko foru diputatu Imanol Pradales, Cebek-eko lehendakari Iñaki Garcinuño, Muskizeko Udaleko alkate Borja Liaño, Bilboko Elizbarrutiko bikario nagusi Ángel María Unzueta, eta Somorrostro Irakasguneko zuzendari Javier Laiseca. Edizio honetan, gainera, gonbidatu berezi bat izan da, Guillermo Dorronsoro, Deusto Business School-eko dekano eta IK4ko lehendakariorde exekutiboa.

Aurten, 70 urte betetzen ditu Somorrostro Irakasguneak eta bere lana aintzatetsi nahi izan du Lehendakariak, Lanbide Heziketa Dualaren bitartez gazteak lan-munduan txertatzen laguntzeko. Horren haritik, Eusko Jaurlaritzaren konpromiso “partekatua” azpimarratu du, hain zuzen ere gazteei lehenengo lan-esperientzia bat izan dezaten laguntzeko. Helburua da 2020. urtearen aurretik 20.000 gazteri aukera bat ematea, eta joan den urtean dagoeneko 6.900 gaztek lortu zuten lan-merkatuan sartzea. Heziketak “eremu guztietan” duen garrantzia ere defendatu du Urkulluk, eta hezkuntza “inklusibo” baten alde egiten du apustu. Heziketa horrek derrigorrezko hezkuntzan irmo oinarrituta egon behar du, aukera eman behar die ikasleei bikaintasunera bideratutako prestakuntza espezializatu batean jarraitzeko. “Ahaleginaren aldeko grina defendatzen dut, hezkuntza garapenerako tresna onena dela ulertzearen aldekoa”, ziurtatu du. Gogora ekarri beharra dago Euskadiko eskola-uzte tasa % 7koa dela, Estatuko baxuena eta Europako batez bestekoaren azpikoa.

Bestalde, Europako Berrikuntzaren Adierazle Panelaren emaitzak ekarri ditu gogora Urkulluk. Duela gutxi ezagutzera eman dira eta Euskadiren kasuan 0,48ko balioa lortu dute Europar Batasuneko 0,50eko batez bestekoaren aldean. Datu horien arabera, beraz, berrikuntza-maila handiko herrialdeen artean kokatzen da Euskadi. Adierazleen artetik, Euskadik dituen "giza baliabideak" nabarmentzen ditu txostenak. “Pertsonak dira bereizten gaituen balioa, ditugun giza baliabideak alegia, eta abagune ona da gaurkoa Somorrostro Irakasguneak zazpi hamarkadetan zehar egindako ekarpena aintzatesteko”, esanez amaitu du.

POLITIKA JUDIZIALIZATZEA

Bere esku-hartzean, egonkortasunaren, adostasunaren eta elkarrizketaren balioa ere aldarrikatu du Lehendakariak, eta salatu egin du “justiziara etengabe jotzea arazo politikoak konpontzeko”, horrek “justiziaren sinesgarritasuna hondatzeko eta arazoak biziagotzeko” besterik balio ez duela adieraziz. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak