Eu

Jon Luqui Urretxuko alkateak Artolazabal sailburuari Sarralde´n musika-entseguetarako egokitutako lokal berriak erakutsi dizkio

2018.eko urtarrilak 25
  • Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Sarraldeko musika-entseguetarako lokalen gazte-ekipamendua sustatu du, 53.000 eurorekin
  • Bertatik hondarrak eta industria-materialak kentzean, espazioak berreskuratu dira
  • Luqui:“ondare historikoa kontserbatzen dugu, gure gazteen jarduerarekin”
  • Otsailean, Urretxu, Zumarraga eta eskualdeko hogei musika-taldek beren jarduerari ekingo diote
  • Artolazabal: “aukera paregabea gazteen aisiarako eta kulturarako, azpiegitura berriarekin”

  25 01 18, Urretxu

Ion Luqui Urretxuko alkateak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Musika Entsegu Lokalak proiektuko instalazio eta ekipamendu berriak bisitatu dituzte; egun batzuk barru estreinatuko dituzte eskualdeko gazteen hogei musika-taldek, Sarraldeko industria-bulego zaharrak berreskuratu ondoren.

 Urretxuko Udalak, beste lankidetza publiko eta pribatu batzuekin batera, “Irimo” proiektua garatzen du, udal-ondareko eraikin baten oinarriaren gainean, arlo hori aisia soziokulturaleko eta ideiak eta esperientziak trukatzeko leku bilakatzeko, eta, horrela, erabilera anitzeko leku izateko. Gaur goizean, Artolazabal sailburuak eta Luqui alkateak, Mikel Serrano Zumarragako alkatearekin eta Ander Añibarro Gazteriako zuzendariarekin batera, obrak amaitu berri dituzten kultura-espazioak bisitatu dituzte.

 Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzak, autonomia-erkidegoko gazteen ekipamenduen sarea sustatzeko, 52.691 euroko diru-laguntza eman du, Sarraldeko entsegu-lokaletara bideratuta. Horren bidez, Luqui alkatearen hitzen arabera, “hasieran denboran luzeagoak izan behar zuten faseetako lan gehienak 2017an zehar egin dira”.

 Portuko zenbait edukiontzi berreskuratu dira instalazioetako ekipamendu gisa, eta antzinako industria-bulegoetako barrualdean jarri dira. Artolazabal sailburuak goraipatu egin ditu “azpiegitura berrian gazteen aisiarako eta kulturarako eskaintzen diren aukerak”.

 Musika Entsegu Lokalak 2017 proiektua Urretxuko Udalak, beste lankidetza publiko eta pribatu batzuekin batera, arlo hori aisia soziokulturaleko eta ideiak eta esperientziak trukatzeko leku bilakatzeko martxan duen Irimo programaren barruan sartzen da.

 1927an, Pío Sarralde Sáez de Herediak, industrial arabarrak, Sarralde Fabrika sortu zuen, altzairu berezien eta pieza moldekatuen manufakturarako. Aldi berean, Larreategik eta Iñurrategik Irimo Fabrika sortu zuten, eta izen hori hartu du arloa osorik berreskuratzeko proiektuak.

 Sarralde eraikina, proiektuaren helburu dena, Luis Astiazaran arkitektoaren obra da, 1939koa, orduan zegoen fabrikaren hedapena izan zena. 30eko hamarkadaren amaieran eta 40koaren hasieran, Astiazaranek Gipuzkoan zenbait industria-eraikin egin zituen. Irimo eraikinaren izena hartzen du arloak eta, sortu zenetik, 1929an, tailerra izan zen, baina, 1939tik aurrera, José Luis Apariciok enpresako nagusi egin zenetik, harrezkero hasi zen Irimo markarekin lanean.

 “Sarraldeko antzinako industria-eraikinaren egokitzapena Irimo proiektuaren barruan sartzen da; proiektua hirigintza-arloan eraldatzailea da, beharrizanen arabera ekonomia-, gizarte- eta kultura-jarduerak erakartzekoa; horretarako, ingurunea, ingurua eta pertsonak errespetatzen dira eta, betiere, ekonomia-oinarria jasangarria da”, esan du Urretxuko alkateak.

 Gaur egun, lekuan bertan industria-eraikuntza da nagusi; horietako gehienak ez dira erabiltzen, eta horiek erabiltzeko proposamenak egin dira, guneko industria-erabilerari eutsiz eta.  Prozesu parte-hartzailea antolatu zen eta, bertan, kultura- eta auzo-elkarteek, teknikariek eta ordezkari politikoek beren ekarpenak egin zituzten, lan-ildo estrategiko batzuk adostu zituzten eta horiei forma eman zitzaien.

 IRIMOren faseak

Lehenengo fasearen hasieran, 2012ko abenduan, prozesu parte-hartzailea garatu zen, proiektuaren helburu nagusiak zehazteko, besteak beste, tokiko eta lurraldeko, alderdi politikoetako, udal-teknikarien arteko, garapen-agentziako, auzo-elkarteetako, gazteen arteko, jabeen arteko, enpresaburuen arteko, Adif, Sprilur eta foru-aldundiko 70 ordezkarirekin baino gehiagorekin.

 Beste akordio batzuekin batera, erabaki zen pixkanakako eraldaketa jarraitua sustatzea, etorkizuneko aukerak hipotekatu gabe, Irimo arloa udalerrian integratzea, erabilera publikoko espazioak sortzea eta, horrela, arkitektura-ondarea agerian uztea, garbiketan eta deskontaminazioan aurrera egitea, ekonomia sortzeko eta jarduera eta erabilera desberdinen nahastea sustatzeko espazio egoki gisa ulertzea.

 Bigarren fasean, talde eragilea osatu zen, eta horren helburua zen lehen faseko emaitzak jaso eta Irimoko hiri-eraldaketaren eredua abian jartzea. Talde eragilea Urretxuko eta Zumarragako zenbait pertsonek osatu zuten, arkitekturarekin, ingeniaritzarekin, enpresarekin, kulturarekin eta komunikazioarekin, sormenarekin, berdintasunarekin eta soziologiarekin lotura zuten arloetakoek.

 Hirugarren fasean, 2014an, Sarralde eraikineko antzinako laborategia egokitu zen eta gunea aktibatzeko plana hasi zen.  “Nahiz eta talde eragilea 2015. urte-amaieran desegin zen, prozesuaren hasieratik gaur egun arte gunean egin diren jardueraren izaera soziala eta anitza dira nabarmentzekoak; besteak beste, foro, musika-kontzertu eta merkatu alternatiboak antolatu dira”, esan du Luquik.

 Auzolandegiak

Gazteek Auzolandegiak programan parte hartu zuten eta, horrela, 2016an Sarralde eraikineko gune bat jolas-jardueretarako eta ideiak eta esperientziak trukatzeko egokitu zen; bertan, Urretxuko eta eskualdeko udalerrietako gazteak batzen ziren, ekitaldi soziokulturaletan.

 Programa bizikidetzarako, tolerantziarako, elkartasunerako, partaidetzarako, adiskidetasunerako eta kultura arteko ikaskuntzarako tresna izan zen, bai eta lekua udalerriko zati aktibo gisa balioesteko ere, herritarren onurarako.

 “Urretxuko industria- eta kultura-ondareak orain balio handiagoa du, espazio horren aldaketa-irudia dela eta, eta inbertsio handiagoa behar duten gune berriak gaitzeko eskaria ekarriko du; horrela, Sarralde Galdategia duela 10 urte baino gehiagotik itxi zenetik, bertan nagusi izan den arretarik eza gaindituko da”, esan du Luquik.

 Gune hori gaitzea Urretxun erreferentzia-puntua da eskualdeko bertako jarduera soziokulturaletarako, eta, horrela, Sarraldek etorkizuneko jarduketei bide ematea suspertzeko balioko du”, esan du alkateak.  2016ko uztailean egin ziren lanak honako hauek izan ziren: antzinako laborategiaren azken ukituak amaitu ziren, hau da, apurtuta zeuden lauzak kendu ziren, trenkadak altxatu ziren zegoen hutsunea ixteko, zarpiatu egin zen eta luzitu egin zen, zementuzko morteroz, margotu egin zen eta azken ukitu batzuk eman.

 Era berean, antzina biltegi gisa erabiltzen zen gunean egingo diren ekitaldi soziokulturaletarako elementuak eta altzariak daude; horretarako, itxitura egin behar izan zen, eta, horrela, gune hori gainerakoetatik bereizi zen.

 Lorezaintzako eta apaindurako lanek eragin zuten Sarraldeko kanpoaldeko ikus-erakargarritasunean; izan ere, berdeguneak eta lorategiak egokitu ziren, bai eta sarbideak ere.

 Entsegu-lokalak

Urretxuko eta Zumarragako udalek batera jardun zuten, eta uste izan zuten interesgarria dela gazteen artean kultura- eta aisia-jarduerak sustatzea, besteak beste, bakarkako musika-entseguak eta talde eta elkarteetakoak. Horrela, lokala egokitzeko obrak udalerri bien kargura egin ondoren, Urretxuk MUTAMU (Musika Taldeen Mugimendua) elkarteari laga zion lehen Sarralde Galdategiak zuen lokalaren erabilera, Ipeñarrieta kaleko 52 zenbakian.

 Bi udalek, 2016ko azaroan, adostu zuten Urretxuko Sarralde eremuan entsegu-lokalen proiektu berria martxan jartzea; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak laguntza eman zion proiektuari, bigarren erabilerako zortzi itsas edukiontziren bidez, horiek egokitu ondoren, Sarralden entsegu-lokal gisa erabiltzeko.

 Urretxuk eta Zumarragak biek gaitu zituzten hasieran 20.000.-€-ko aurrekontu-partidak, Sarralden musika-entseguko lokalen proiektuari lotuta. Partida horiek zabaldu egin dira 2017an, eta proiektuak, guztira, 98.182,63 €-ko aurrekontua izan du; proiektuak, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren beste laguntza bat ere eskuratu zuen, 52.691 €-koa. Horrela, hasieran denboran luzeagoak izan behar zuten faseetako lan gehienak 2017an zehar egin dira.

 Irimo dela eta, 2014aren eta 2017aren artean, kutsakorrak izan zitezkeen materialak kendu ziren bertatik, aurreikusitako gunea musika-lokaletarako egokitzeko. Udalak ingurumenari dagokionez leheneratu egin zuen gunea, eta, 2017ko azaroaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ebazpen-proposamena bidali zuen; horren bidez, entsegu-lokaletarako baliatutako lekuko lurzoruaren kalitatea adierazi zen.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Luqui