Eu

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Kirolaren Euskal Kontseiluko bileran buru izan da

2018.eko urtarrilak 24

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria buru izan da, gaur, Kirolaren Euskal Kontseiluko bileran. Kontseilua herri-administrazioen aholkularitza, kontsulta, jarraipena nahiz eztabaida sektoriala ahalbideratzen duen organo nagusia da, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol politikari eragiten dioten gaietarako. Sailburuak legealdi honi begira Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzaren lan-ildoak eta konpromisoak azaldu ditu. Lakuako egoitzan izandako bileran, besteak beste, Gobernu Batzordeak Legebiltzarrera bidalitako kirolaren inguruko azken bi legeez mintzatu dira: Kirolarekin lotutako lanbideei eta horietan jarduteari buruzko Legea eta Kiroleko dopinaren aurkako Legearen aldaketa.

Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariarekin batera, Zupiriak kirolarekin lotutako politikak zeharkako ikuspegitik jorratzearen garrantzia azpimarratu du: “Kirola ez da aisialdira mugatutako jarduera fisikoa, sarri aisialdiarekin berarekin nahasten dena. Ez da, ezta ere, lehiaketara mugatutako kirol-jarduera. Kirola gizarte honen zeharkako balioa da, eta funtsezko alorretara heltzen da. Jarduera fisiko eta kirolari dagozkion politikak ikuspegi zabal batetik jorratzen ditugu”.

Horrela, azpimarratu du kirola garrantzitsua dela balioen transmisioen ikuspegitik, nabarmendu du gizarte integratzaileagoa lortzeko mekanismo gisa duen indarra edo osasuna zaintzeko ikuspegitik duen garrantzia. “Jabetu gara kirolak hezkuntza-ikuspegitik duen garrantziaz, besteak beste, laguntasuna, esfortzua, diziplina edota talde-lana bezalako balioak transmititzeko. Badakigu, baita ere, kirola gizartean elkarbizitza eta integrazioa indartzeko bitarteko izan daitekeela, joko-zelaia, trainerua edo frontoia partekatzeak beste herritarrengana hurbiltzen gaituelako; urrunago egongo lirateke hala ez balitz. Jakin badakigu, halaber, jarduera fisikoak eta osasunak lotura estua dutela, eta horixe da legealdi honetan azpimarratu nahi dugun beste alor bat”, adierazi du.

 Sailburuak, gainera, legealdi honetarako Eusko Jaurlaritzaren funtsezko 11 konpromiso azaldu ditu:

  • Kirol-ereduari buruzko hausnarketa erraztea.
  • Jarduera fisikoa sustatzea, sedentarismoari aurre eginez.
  • Federazio-sistemaren inguruko berrikuspena sustatzea.
  • Goi-mailako euskal kirola bultzatzea, Basque Team ekimenaren bitartez bereziki.
  • Dopinaren aurkako borrokan lanean jarraitzea.
  • Kirolaren alorrean profesionalizazioa sustatzea.
  • Emakumeen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna lortzeko estrategiak bultzatzea.
  • Kirol egokitua sustatzen lanean jarraitzea.
  • Gure kirolak bultzatzen jarraitzea.
  • Kirolean euskararen erabilera sustatzea.
  • Gure selekzioen ofizialtasuna kirol gehiagotara iristea lortzeko lan egitea.

Kirolaren Euskal Kontseiluaren bilera honetara bertaratu dira kirol alorreko aldundi eta udaletako arduradunak, dozena bat federaziotako arduradun gorenak, EKFB-UFDE Euskadiko Kirol Federazioen Batasuneko arduradunak, EUDELeko ordezkariak, kirol alorreko adituak eta kirolari ohiak. Kirolarekin lotutako lanbideei eta horietan jarduteari buruzko lege berriaz eta Kiroleko dopinaren aurkako Legearen aldaketaz gain, Euskadiko kirolaren 14/1998 Legea aldatzeko aukera ere jorratu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak