Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriarte Legebiltzarrean izan da, Euskadiko Eskola Kontseiluaren ekimenean

2018.eko urtarrilak 23
  • Euskadiko Eskola Kontseiluak udalerrietan gauzatu duen parte-hartze proiektuaren ondorioak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean
  • Santurtzi, Urnieta eta Arabako Errioxako ikastetxeek (Bastida, Guardia eta Oiongoek) hartu dute parte ekimenean. Irakasle, familia zein ikasleek hezkuntza hobetzeko euren ikuspuntua azaltzeko aukera izan dute
  • 70 ikaslek, irakasleen eta familien ordezkariekin batera, irailean hasi zen proiektuaren ondorio nagusiak azaldu dituzte gaur Legebiltzarrean

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Euskadiko Eskola Kontseiluak udalerrietan eta hezkuntza gaien inguruan parte-hartzea bultzatzeko abian jarririko proiektuaren ondorioak aurkezteko ekitaldian parte hartu du, gaur eguerdiz Eusko Legebiltzarrean. “Hezkuntza hobetzea: jakin, elkarrizketatu eta partekatu” goiburupean, ekimen hau ikasturte hasierarekin abiatu zen, eta ordutik hona, hogeiren bat ikastetxeren inplikazioa eta  parte hartzea sustatu du, ikastetxe horien zuzendaritza taldeek emandako hauspoari esker. Ikastetxe horietako bakoitzean, Eskola Kontseiluak irakasleen, familien zein ikasleen lankidetza lortu nahi izan du.

Proiektuak aurreikusiak zituen hainbat fase igaro ostean eta hobetzeko proposamenak udaletxeetan aurkeztu ondoren, gaur eguerdiz Legebiltzarrean entzun ahal izan dira irakasleek, familiek eta ikasleek euren lanetan garatu dituzten ondorioak. Irakasleei eta familiei dagokienez, pertsona ugarik hartu du parte, ekarpenen bidez, guztien artean hezkuntzaren hobekuntzarako ekarpena egingo duen manifestura iristeko. Ikasleek ere euren ikuspuntua erakutsi dute jasotzen duten hezkuntza hobetzeko eraz, ikasgelan eginiko lanen bidez.

Gaur azkenik, ikastetxeetako irakasleek, familien ordezkariek zein ikasleek ahotsa jarri diete nork bere ekimenari. Aurkezturiko ekarpen guztiak argitaratuta daude Euskadiko Eskola Kontseiluaren webgunean.

Hezkuntza sailburuak ere Eskola Kontseiluak sustatu duen ekimenaren balioa azpimarratu nahi izan du. Cristina Uriarteren esanetan, “guztion ardura da hezkuntza gaietan eta hezkuntzaren hobekuntzan inplikatzea. Proiektu honek agerian utzi du badela jendea inplikatzeko eta ekarpenak egiteko gogoz. Horretarako beharrezko da orientazioa, eta parte hartzeko tresnak ematea, Eskola Kontseiluak eman dien honen gisakoak”.

Uriartek, balorazio positiboa egin du gero eta hezkuntza hobea lortzeko helburuz aurkeztu diren proposamen eta konpromisoez. Sailburuaren esanetan agerian geratu da hezkuntzaren inguruko kezkak eta helburuak gizarte guztiak partekatzen dituela, ekimenak aurkeztuz. Horietako zenbaiti, gainera, ekin die dagoeneko Hezkuntza Sailak. Parte hartzea, elkarrizketa, konpromisoa eta akordioa dira gakoak, Uriartek azaldu duenez.

Euskadiko Eskola Kontseiluaren ekimen hau, gainera, Hezkuntzaren aldeko Akordioa erdiesteko Eusko Jaurlaritzak irailean abian jarri zuen prozesuaren osagarri da. “Ez dago zalantzarik, dena da osagarri. Hezkuntza komunitate guztiaren inplikazioarekin Hezkuntzaren aldeko Akordiorako egiten ari garen lanak, guztion ekarpenak behar ditu. Gaur Legebiltzarrean aurkeztu diren dokumentuak, ziur naiz, aberasgarri gertatuko dira gure hezkuntzaz gizarte guztiak izan behar duen ikuspegi partekatua osatzeko” azaldu du Cristina Uriartek.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak