Eu

16 milioi euroren laguntzak iragarrita ardogintzaren sektorea kanpoan sustatzeko eta modernizatzeko inbertsioetarako (Gobernu Bilera 2018-01-23)

2018.eko urtarrilak 23
  • Helburua da ardoa gure mugetatik haratago sustatzea eta merkatuaren eskarietara hobeto egokitzen laguntzea, lehiakortasuna eta errendimendua hobetuta
  • Programa horien bitartez 50 milioi euroren laguntzak emango dira guztira, eta horietatik –35 milioi inguru– inbertsio pribatutik etorriko dira eta gainerakoa –16 milioi– fondo publikoetatik

2018ko ekitaldian ardogintzaren produktuak hirugarren herrialdeetan ezagutarazteko eta sustatzeko programak eta ekintzak garatzeko eta sektorean inbertsioak egiteko laguntzak iragarriz Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak emandako agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak bere azken Kontseilu bileran. Programa horien bitartez sortzen diren laguntzak 50 milioi eurokoak dira guztira, eta horietatik  –35 milioi inguru– inbertsio pribatutik etorriko dira eta gainerakoa –16 milioi– fondo publikoetatik.

Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan abiarazitako Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoak (GEPE) dituen helburuekin bat etorriz, elikaduraren balio katearen eremuan lan egiteko ildo nagusiak markatzen baititu,  laguntza horien helburua da ardoa gure mugetatik haratago sustatzea eta sektorean inbertsioak egiten laguntzea, merkatuaren eskarietara hobeto egokitzeko eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorean eta, beraz, Euskadiko ekonomian ere zati nagusi diren enpresen lehiakortasuna eta etekin globala areagotzeko. 

Laguntza motak 

- Hirugarren Herrialdeetan Sustatzeko Programak: Programa horietan sartzen diren produktuak dira ardoak, likore ardoak, ardo apardunak, kalitateko ardo apardun aromatikoak, ardo txinpartadunak, ardo txinpartadun gasdunak, mahaspasa bihurtutako mahatsen ardoak, gehiegi heldutako mahatsen ardoak eta ekoizpen ekologikotik datozen ardoak. Produktu horiek esportatzeko aukerak eduki behar dituzte edo hirugarren herrialdeetan merkaturatzeko bide berriak, eta kontsumo zuzenera bideratuta egon behar dira.  Gainera, kategoria hauetako batekoak izan behar dira: Jatorri Izendapen babestuko ardoa, Adierazpen Geografiko Babestuko ardoa, edo Ardotarako mahats aldaeraren izena adierazita duen ardoa. 

Hirugarren Herrialdeetan Sustatzeko Programak gauzatzeko epea ekitaldi bateko ekainaren 1etik hurrengo ekitaldiko maiatzaren 30era artekoa da.

- Ardogintzaren sektoreko inbertsioak: Ekoizpenaren baldintzak, komertzializazioarenak edo biena hobetzera zuzendutako inbertsioak, bai eta produktu, prozedura eta teknologia berriak garatzera bideratutakoak ere. Ardogintzaren sektoreko inbertsioak gauzatzeko epea ekitaldi bateko urriaren 16an hasiko da eta hurrengo ekitaldiko urriaren 15ean bukatuko. Halere, urte bat baino gehiagorako programa bat ere aurkeztu daiteke, eta kasu horretan gehienez ere bi urterako izango da. 

Laguntza bien onuradunak izan daitezke ardogintza enpresak, ardo eta mahasti ekoizleen elkarteak eta beraien elkarte profesionalak eta profesional artekoak, ardoen adierazpen geografiko babestu eta jatorri izendapen babestuen kudeaketa organoak eta ordezkaritzakoak, bi ekoizlek edo gehiagok eratutako aldi baterako elkarteak edo elkarte iraunkorrak, eta legeak ezarrita hirugarren herrialdeetan produktuak eta merkatuak sustatzeko ekintzen garapenerako eskumena duten erakunde publikoak.

Diru kopurua 

Sustapenerako laguntzei dagokienez, kalkulatzen da onurardunek gutxienez finantzaketaren %50 eskuratuko dutela. Kalkulatzen da, beraz,  fondo publikoetatik 8.500.000 € erabiliko direla, horietatik 1.500.000 € 2018ko ekitaldian eta gainerako 7.000.000 €-ak 2019ko ekitaldian. 

Inbertsiorako laguntzei dagokienez, berriz, onuradunek %25 inguru jasoko dute eta, beraz, fondo publikoetatik  7.500.000 € erabiliko dira horretarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko