Eu

Hitzarmena sinatzea Deustuko Kanalean betelanak egiteko, sortuko den lurra Zorrotzaurreko garapen urbanistikorako lagatzeko

2018.eko urtarrilak 23

Bilboko Portuan gaur hitzarmen bat sinatu dute Estatuko eta euskal herri-administrazioek. Horretan lankidetzarako eta elkarlanerako marko bat ezartzen da, berau beharrezkoa izanik Zorrotzaurreko garapen urbanistikorako. Hitzarmena sinatzeko ekitaldian, besteak beste, honako hauek egon dira: Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, Iñigo de la Serna, Sustapeneko ministroa; Juan Maria Aburto, Bilboko alkatea; José Llorca, Estatuko Portuen Erakundeko presidentea; eta Asier Atutxa, Bilboko Portuko Agintaritzaren presidentea.

Bilboko uriak azken hamarkadetan izan duen birgaitze urbanoaren prozesu trinko eta onartua batez ere historian portu-jarduerei eta industria-jarduerei lotu-lotuta egondako aldeetan oinarritu da. Eta horren barruan dago Zorrotzako penintsulako jarduketa ere. Datozen hilabeteetan irla bihurtuko da Zorrotzaurre Bilboko Udalak sustatutako obren ondorioz. Lehendabizi, Deustuko Kanalean dauden portuko lursailak askatuko dira. Kanala bera artifiziala da eta haren jatorria eta erabilera portuari lotuta egon da mende honen hasierara arte. Lursailak izan duten erabileratik libre geratzeko jarduketa dagoeneko burututa dago eta Zorrotzaurreko Eremu Mistoko Hiri Antolaketarako Plan Berezian ezarritako aurreikuspen urbanistikoari azken ukituak ematea falta da; hau da, portuko ur-laminetan betelanak eginez Deustuko Kanala bideratuta trazatu berri bat eduki beharrari dagokiona falta da.

Hain zuzen, hitzarmen honek egituratu egiten du Deustuko Kanalaren trazatuaren aldaketa fisikoa egiteko erakundeen arteko akordioa. Hitzarmena erakunde hauek sinatu dute: Sustapen Ministerioak, Estatuko Portuen Erakundeak, Bilboko Portuko Agintaritzak, Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak, Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzaileak eta Zorrotzaurreko 1. Jarduketa Integratuko 1. Betearazpen-unitateko Kontzertazio Batzordeak. Kanala aldatzeko ur-laminaren zerrenda bitan betelanak egin behar dira.

Guztira eraginpeko aldea ia 50.000 metro karratukoa da eta Bilboko Portuko Agintaritzari esleitutako portu-jabari publikoari dagokio. Horren xedea erribera lerro berri bat eratzea da, onartutako Zorrotzaurreko garapen urbanistikoarekin bat etorrita.

Hitzarmenak, beraz, sinatu duten herri-administrazioek eta erakundeek euren gain hartu behar dituzten konpromisoak xedatzeko eta arautzeko balio du, jarduketa ondo burutzeko eta lankidetzari eta elkarlanari begira marko bat ezartzeko. Hitzarmen honen bidez, alde sinatzaileek, bakoitzak bere eskumenen eta eginkizunen arabera, Deustuko Kanalean betelan-obrak egiteko behar diren jarduketak prestatu nahi dira, baita obren ondorioz ateratako lursailak desafektatu eta horren ondoren Zorrotzaurreko hirigintza-prozesuan txertatu ere.

Zorrotzaurreko proiektuaren atzean dagoen interes orokorra, Bilboko garapenerako balio estrategiko handia duena, kontuan hartuta, Bilboko Portuaren Agintaritzak jarduketa honetan parte hartzea funtsezkoa da, lortu nahi diren helburuak lortze aldera. Portuko ur-laminan beharrezko lurzorua sortzea da xedea hortik ateratako lurzorua Zorrotzaurreko hirigintza-prozesuan txertatzeko. Horrela bada, erakundeen arteko hitzarmena sinatu ondoren, Bilboko Portuaren Agintaritzak, beharrezko administrazio-baimenak lortu ondoren, Deustuko Kanaleko betelanak egiteko kontratua esleitzeko lizitazio publikoaren deialdia egingo du. Hori etorkizuneko gauzaren salmentaren ondarezko kontratu baten bidez egituratuko da.

Kontratu-prozedura honen ondorioz, kontratuaren adjudikaziodunak, lehentasunez, Deustuko Kanalaren ezkerraldeko betelanen obrak egin beharko ditu. Aurrekontua 20 milioi eurokoa izango da, BEZa kanpo. Gainera, kostuak eta gastuak ordaindu eta jarduketa honi lotutako jarduketa guztiak ere egin beharko ditu. Bere aldetik, Portuko Agintaritzak baimena emango du portu-jabari publikoan betelanak egiteko eta, obra horien ondoren, ateratako lurzoruak ez direla beharrezkoak adieraziko du eta Sustapen Ministerioaren aurrean horien desafektazioa sustatuko du, Estatuko Portuen Erakundearen bidez, bere ondarean jasota geratzeko. Azkenean, horrek kontratuaren adjudikaziodunari eskualdatuko dio. Honek orduan Zorrotzaurreko Plan Berezian zehaztutako higiezinen sustapenari ekin ahalko dio.

Kontratua arautuko duten baldintzen pleguen onarpenari lotutako aldez aurreko tramiteak egin ondoren, lizitazioa eta esleipena 2018an egitea dago aurreikusita; eta betelanak 2019an hastea eta 2021ean amaitzea. Obrak egin eta gero, desafektazioa egin beharko da eta ateratako lurzoruak enpresa adjudikaziodunari besterenduko zaizkio. Prozesu hori amaitu ondoren, higiezinak eraikitzeko prozesua hasi ahalko da. Azken urrats hori 2022tik aurrera burutzea dago aurreikusita.

Zorrotzaurre proiektua

Zorrotzaurreko birgaitze urbanoaren hirigintza-eremuak ia 838.781 m2-ko azalera du. Birgaitze horrek industrialdea izan zena Bilbora itsasadarretik sartzeko hall bihurtuko du, Zaha Hadid arkitekto angloirakiar ospetsuak diseinatu zuen Master Planari esker. Honetan etxebizitza irisgarriak, enpresak jartzeko aldeak eta garapen ekonomikoa, gizarte eta kultur ekipamenduak eta auzokoek aisia emateko eta atsedena hartzeko alde zabalak uztartzen dira.

Zorrotzaurreko proiektua, Bilbon martxan jarri den birgaitze urbanoko garrantzi handiko azken operazioa da. Plan integral eta jasangarria da eta egun narriatuta dagoen aldea egoera onean utziko du, Bilboko auzo berri bat sortzeko. Auzo berri hori uriaren gainerakoarekin ondo komunikatuta egongo da, etxebizitza irisgarriak izango ditu, baita kutsatzen ez duten enpresak ezartzeko alde, gizarte eta kultur ekipamendu ugari, eta herritarrek atsedena hartzeko edo aisia gustura emateko alde zabalak ere.

Azaleraren erdia baino gehiago herri erakundeenak dira (Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udala) eta gainontzekoak, zenbait jabe pribaturen artean bananduta daude.

1995ean onartu zen Bilboko Hiri Antolaketarako Plan Orokorrak, Zorrotzaurreko industria erabileraren ordez, egoitzarena ezarri zuen. Aldi berean, Plan Berezi baten idazketaren esku utzi zuen alde horren hiri-diseinua definitzea.

2001ean, Zorrotzaurreko jabe publiko eta pribatuek Zorrotzaurreko Hirigintza Garapenerako Kudeaketa Batzordea sortu zuten, alde horren birgaitze urbanoaren plana sustatu eta burutzeko helburuaz.

Proiektuaren Master Plana, Zaha Hadid arkitekto angloirakiar ospetsuak diseinatu zuen. Master Plan honek, 2004an egin eta 2007an berrikusi zenak, Deustuko Kanalaren erabateko irekidura aurreikusten du. Horrek, Zorrotzaurreko penintsula irla bihurtzea dakarke, alde horrek uholdeak izateko arriskua baztertuz.

Orain lehen fasea burutzen ari da; hain zuzen, 1. Jarduketa Integratuko 1. Betearazpen-unitatearen Birpartzelazio Proiektua burutzen ari dira.

Zorrotzaurre proiektuari buruzko datuak:

  • Babes Ofizialeko Etxebizitza, Etxebizitza Tasatuak eta libreak : 150.478,32 m2  
  • Hirugarren sektorea: 33.539,95 m2
  • Ekipamenduak: 90.017,27 m2
  • Ekoizpen-izaerakoak: 6.288,23 m2
  • Aterpe dotazionalak: : 9.050 m2
  • Espazio libreak: 154.065,77 m2
  • Azpiegiturak: 645,43 m2
  • Ibilgailuentzako eta oinezkoentzako errepideak eta bideak: 165.024,74 m2
  • Deustuko Kanala zabaltzea: 29.154,35 m2

 

Oro har, Zorrotzaurre egun Bilboren eraldaketa urbanoaren arloko proiektu estrategikorik handiena da eta uriarentzat aukera-espazio gehien sortuko dituena. Erabilerak eta haien dentsitateak nahastu egin dira garapen urbano konpaktua eta kalitatekoa lortzeko eta mugikortasun jasangarriagoa ahalbidetzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñigo de la Serna, Sustapen ministroa. Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea. Asier Atutxa, Bilboko Portu Agintaritzaren burua