Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Emaitek eta Etorgai ikerketa estrategikoko programetarako laguntza-deialdiak aurreratu egin dira, 54 milioiko zuzkidurarekin (2010-12-21(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2010.eko abenduak 21

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eskatuta, izaera estrategikoko eta lankidetzarako I+G+b bultzatzeko Emaitek eta Etorgai programetarako laguntza-deialdiaren aurrerapena onartu du gaur; bion artean 54 milioi euroko hasierako aurrekontua dute.

Emaitek programak 2011. urtean 26 milioi euroko hasierako aurrekontua izango du, eta teknologia-zentroek beren negozioa beren ikerketako, teknologia-garapeneko eta berrikuntzako emaitzen orientaziora bideratzea du helburu nagusi. Era berean, lortu nahi du korporazioek eta aliantza teknologikoek beren teknologia-zentroak bultzatzea, zentroen emaitzak eta gaitasunak hobetzera bideratutako ekintzen garapenaren bitartez.

2010ean, programa horren bitartez 15 teknologia-zentrori laguntza eman zaie. Hasiera batean aurreikusita zegoen 13 teknologia-zentrori laguntzea, baina baliabide ekonomikoak zabaldu egin dira zentro gehiagori lagundu ahal izateko, eta beraz deialdiaren helburua erabat bete dela uste dugu.

Etorgai programaren helburua euskal enpresa-sektoreari laguntzea da, Euskadin izaera estrategikoko industria-ikerketako proiektuak egiteko. Dimentsio eta hedadura zientifiko-teknologiko garrantzitsua duten arlo estrategikoetako proiektuak finantzatzera zuzendua dago ekimena, eta etorkizuneko jardun estrategiko teknologikoko eta nazioartean proiekzioa izan dezaketen arloetan ikerketa planifikatua lortzera bideratua dago, eta baita garapen esperimentaleko proiektuak finantzatzera ere.

2011ko deialdirako 28 milioi euroko partida bat sartu da aurrekontuan, eta horrekin espero da 60 enpresari dagozkien 23 proiektu diruz laguntzea. Deialdia datorren urteko urtarrilaren 1etik maiatzaren 27raino egongo da irekita.

Laguntza horiek itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen formularekin emango dira, eta lehiarako diru-laguntzatzat hartuko dira. Erakunde onuradunak ETEak nahiz enpresa handiak dira, baita fundazioak eta enpresa-elkarteak ere.

2010ean 48 proiektu aurkeztu dira Etorgai programan, eta horietatik 40 onartu dira, hau da, % 83ko arrakasta-tasa. Proiektuetarako eratutako partzuergoetan 302 enpresa aurkeztu dira, eta horietatik 236ri laguntza eman zaie, aurreikuspenak erabat gaindituz.

Deialdi honetan lagundutako proiektuen I+Gko enpresa-inbertsioa 282 milioi euroko zenbateko garrantzitsura iritsi da. Proiektuak hainbat arlo estrategikotan dibertsifikatu dira: biozientziak, nanoteknologiak, energia, garraio adimenduna, manufacturinga, material berriak eta IKTak.

Deialdien aurrerapena

Programa horietarako deialdiaren aurrerapena duela urtebete hasi zen, enpresek laguntza horiek ekitaldiaren hasieratik bertatik jaso ahal izan ditzaten lortzera bideratutako neurri gisa. Horrela, beraz, eskabideak 2011. urtearen hasieratik aurrera aurkeztu ahal izango dira.

I+Gari lotutako jarduerak finkatzeko etengabeko laguntza behar dela kontuan izanda hartu du erabaki hori Eusko Jaurlaritzak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan