Eu

Idiazabal Gazta ekoizteko aukera jasangarri moduan koltzaren erabilera proposatzen duen proiektu bat saritu dute, eta Neiker-Tecnaliak bertan parte hartu du

2018.eko urtarrilak 17

TURTOLIO proiektuan parte hartzen dute, halaber, Kerixara gaztandegiak –liderra da–, Kerizara Agroturismoak eta NSG-Noemi Salazar Gomezek.

Animalien elikaduran koltza irina erabiltzea sustatzen du, nazioarteko merkatuekiko menpekotasuna murrizteko eta dietaren barruan bertako lehengaiak erabiltzea bultzatzeko.

Egitasmoak Nekazaritza Berrikuntzaren saria bereganatu du.

TURTOLIO proiektuak koltzaren erabilera integrala bultzatzen du Idiazabal JDBko gazta ekoizteko alternatiba jasangarri moduan, eta Nekazaritza Berrikuntzaren saria bereganatu du, gaur Madrilen egin den ekitaldian, “Innagrotables” I. Foroaren esparruan.

TURTOLIO garatu duen talde operatiboko kideak dira NEIKER-Tecnalia, Kerixara Gaztandegia, Kerizara Agroturismoa eta NSG-Noemi Salazar Gomez, eta Eusko Jaurlaritzaren lehen sektorearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzeko Lankidetza eta Berrikuntza proiektuen barruan kokatzen da, animaliak elikatzeko lehengaien ikuspegitik, zein energia berriztagarrien ikuspegitik.

Koltza Arabako laboreen errotazioan orain dela ia hiru hamarkadatik hona integratzen ari den laborea da, gehienbat zereala, patata eta erremolatxa lantzen diren ingurune batean. Hazi oleaginoso hori prentsatzen denean koltza irin koipetsua lortzen da –animaliak elikatzeko balio du–, baita olioa ere, erregai moduan erabil daitekeena. Landare olio hori galdaretan erregai moduan erabiltzeak aukera ematen du lehen sektoreko agenteek bertan ekoitzitako bioerregaiak erabiltzeko, eta erabilera horretarako aukera iraunkorra izan daiteke. Aldi berean, koltza irinak kalitate nutritibo handia dauka animaliak elikatzeko, eta hori erabiliz nazioarteko merkatuetatik datozen beste osagaiekiko menpekotasuna murriztu daiteke, bertako lehengaien erabilera sustatuz.

TURTOLIO proiektuak lankidetza bultzatzen du, eta berrikuntzaren kultura sustatzen du latxa arrazako esne ardien hazkunde iraunkor eta integratzailerako, Idiazabal JDBaren peko artisau gazta landuz. Egindako lanari esker autokontsumoa, autosufizientzia eta ekonomia zirkular eta lokala sustatzea lortu du. Aldi berean, proiektuak agerian jarri du latxa ardien ustiategien efizientzia energetikoa handitu eta Idiazabal JDB gaztaren karbono aztarna murriztu dela. Horrekin guztiarekin latxa ardien ustiategien iraunkortasuna eta lehiakortasuna handitzea nahi da.

NEIKER-Tecnalia

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko erakunde publikoa den NEIKER-Tecnalia Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Euskal Institutuak ezagutza eta soluzio berritzaileak eta transferigarriak garatzen ditu, nekazaritzako elikaduraren sektoreari balioa emateko eta bere lehiakortasuna hobetzeko, ingurumena errespetatzeko irizpideekin, gaur egungo zein etorkizuneko iraunkortasuna segurtatzeko, eta gure ingurunearen garapen ekonomiko eta sozialean aktiboki lagunduz. 

Kerixara

Kerixara SLL TURTOLIO proiektuaren liderra da, eta latxa arrazako esne ardien ustiategi bat da, eta Idiazabal JDB gazta artisau moduan egiten du. Ustiategiko bazkide Martin eta Felix Ajuriak urteak daramatzate beren artaldearen elikadura hobetzen, eta, berriki, lankidetza proiektuetan parte hartu dute, sektorearen lehiakortasunarekin zein ingurumenarekin sentsibilizatuta.

Kerizara Agroturismoa

Kerizara agroturismoko etxe bat da, Nekatur sareko kidea. Arduradunak urteak daramatza independentzia energetikoa lantzen, gasolioaren erabilera eta bertako energia berriztagarrien iturriak uztartuz. 

NSG-Noemi Salazar Gomez

Nekazaritzako elikagaien sektorean espezializatutako aholkularitza, ingeniari agronomoek dihardutelarik. Arduradunak landa garapeneko eta zabalkundeko proiektuetan duen esperientzia eskaintzen du, nekazaritza sektorearen barruan zein kanpoan, eta nekazaritza eta abeltzaintza sektoreari lotutako lankidetza proiektuak koordinatzen ditu.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Coiaanpv
    2018.eko urtarrilak 24

    Comentario de Twitter:
    Premio a un proyecto en el que participa Neiker-Tecnalia para el uso de la colza como alternativa sostenible en ... https://t.co/7ryXgFymdN

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak