Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak, Foru-aldundiek eta Euskadiko udalerriek konpromisoa hartu dute familiaren eta haurren aldeko politika publikoak garatzeko

2018.eko urtarrilak 18
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Urkulluk, Gonzálezek, Rementeriak, Olanok eta Landak familien eta haurren aldeko ituna sinatu dute
  • “Jaiotza-tasa handitzea eta seme-alabak dituzten familientzako laguntzak areagotzea herrialdearen helburu dira”
  • Euskadin, urtean, 18 mila ume jaio dira; amatasunaren batez besteko adina 33,4 urte da, eta ugalkortasun-tasa 1,39koa
  • Itunaren funtsezko balioak honako hauek dira:errespetua, berdintasuna, aitorpena, elkartasuna eta autonomia
  • Pasa den abenduaren 20an, Familiaren Euskal Kontseiluak aho batez onetsi zuen
  • “Euskadik, Europako gizartearen parte den aldetik, biztanleen pixkanakako zahartzeari eta jaiotza-tasa sustatzeko beharrari erantzungo dieten gizarte-, kultura- eta ekonomia-politikak garatzeko erronka du”
  • Ituna legegintzaldi honetarako hiruhileko honetan onetsiko den familia eta haurrentzako laguntzen eremuko jarduera-planean zehaztuko da  
  • Planak aurreikusten du 2 eta 3 urteroko bitarteko gorakada bigarren semeagatiko edo alabagatiko laguntzetan; horrek urtean 5 milioi euro arteko inbertsio gehigarria ekarriko du

Iñigo Urkullu Lehendakariaren iritziz, gaur goizean Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta euskal udalerriek sinatutako Familia eta Haurren Itunak “erronka demografikoari eta gazteriaren aldeko apustuari erantzuten die, Euskadiren etorkizuneko ikuspegiko lehentasun partekatua dela kontuan hartuta”. Ramiro González, Unai Rementería eta Markel Olano diputatu nagusiek, Imanol Landa Eudeleko presidenteak eta Lehendakariak, gizarte-erakundeetako eta hirugarren sektoreko ordezkarien aurrean, Familiaren Euskal Kontseiluak abenduaren 20an onetsitako akordioa berretsi dute.

Iñigo Urkulluk eskerrak eman dizkie administrazio publikoei eta familiaren eta haurren eremuan lan egiten duten gizarte-erakundeei, “jasotako ekarpenengatik eta lan partekatuaren espirituagatik, auzolanagatik, itunean lagundu baitute, garrantzi handiko erakunde- eta gizarte-konpromisoan. Gure helburu partekatua da Euskadiko familia eta haurrei laguntzea eta horiek bultzatzea. Hori da sustatu nahi dugun ondasun komuna”.

Itun hau diagnostiko partekatuan oinarritzen da, eta egiturazko bi fenomenori erantzuten dieten politiken ekintza koordinatua antolatzen du: pertsonek beren proiektu familiarra hasi ahal izatea zailtzen duten oztopoek irautea eta nahi beste seme-alaba izatea, alegia, jaiotza-tasa baxuak. Euskadin, urtean, 18 mila ume jaio dira; amatasunaren batez besteko adina 33,4 urte da, eta ugalkortasun-tasa 1,39koa” esan du Lehendakariak.

Era berean, Urkulluk nabarmendu ditu “belaunaldien artean desberdintasunen transmisioarekin amaitzeko dauden zailtasunak, seme-alabak dituzten familiek gabezia ekonomikoak dituztelako, alegia, aukera-berdintasunaren printzipioaren eztabaida”.

Balioak

“Itunaren funtsezko balioak honako hauek dira: errespetua, berdintasuna, aitorpena, elkartasuna eta autonomia –esan du Lehendakariak–, eta familia-proiektuaren inguruan erabakitzeko eta hautatzeko askatasunarekiko errespetua; familiako kide guztienganako errespetua; aniztasunarekiko eta familia-mota desberdinei berdintasunean oinarritzen den tratamenduarekiko errespetua; emakume eta gizonentzako aukera-berdintasuna, eta erantzunkidetasuna; familiak belaunaldien elkartasunaren eragile gisa duen egitekoaren aitorpena; familiak askatasunaren, elkartasunaren, errespetuaren, tolerantziaren, berdintasunaren, aniztasunaren, partaidetzaren eta bizikidetzaren balioen transmititzaile gisa duen egitekoaren aitorpena; ahultasun-egoera berezian edo bazterketa-arriskuan dauden familiekiko elkartasuna; eta guztien autonomia, familia-eremuan erabateko garapen pertsonala izateko”.

Urkullu Lehendakariak, diputatu nagusiekin, Eudeleko presidentearekin eta Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, nabarmendu du “jaiotza-tasa handitzea eta seme-alabak dituzten familientzako laguntzak areagotzea herrialdearen helburu dela. Sinatu dugun familien eta haurren aldeko itunak Europara hurbiltzen gaitu, eta helburu du gure gizarte-politikak Europako erakundeek sustatutako gizarte-inbertsioaren paradigmara egokitzea. Paradigma berri horren ezaugarria da konponketarako politika batzuetatik prestaketarako beste politika batzuetara igarotzea”.

“Euskadik, Europako gizartearen parte den aldetik, biztanleen pixkanakako zahartzeari eta jaiotza-tasa sustatzeko beharrari erantzungo dieten gizarte-, kultura- eta ekonomia-politikak garatzeko erronka du. Gaur sinatzen dugun ituna legegintzaldi honetarako urteko lehen hiruhileko honetan onetsiko den familia eta haurrentzako laguntzen eremuko jarduera-planean zehaztuko da; beste neurri batzuen artean, 2 eta 3 urteroko bitarteko gorakada aurreikusten du bigarren semeagatiko edo alabagatiko laguntzetan; horrek urtean 5 milioi euro arteko inbertsio gehigarria ekarriko du”, esan du Urkulluk.

Lehendakariak eta diputatu nagusiek Lehendakaritzan azaldu duten bezala, “gaur, Europan, familia- eta hezkuntza-politikak eta genero-berdintasuneko politikak funtsezko elementutzat jotzen dira, gizarte- eta ekonomia-garapenerako. Ikuspegi hori haurretan inbertitzeko, aukera-berdintasunerako gizarte-mugikortasunerako bide ematen duten baldintzak sortzeko, emantzipazio-prozesuei eta helduarora igarotzeko prozesuei bide emateko, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko eta emakumeak ordainpeko eta kalitateko enplegura jo ahal izateko aukera ematen duten zerbitzuetan oinarritzen da.

Dekalogoa

Lehendakariak esan du “itun honen bidez, Familientzako IV. Laguntza Planean gauzatuko diren ekintza, konpromiso eta aurrekontu bereziei bide emango zaiela. Plana gaur geure gain hartzen ditugun konpromisoen dekalogoa lortzen aurrera egiteko ibilbide-orria da: 1.- Gutxieneko ekonomia-baliabideak bermatzea seme-alabak dituzten familia guztiei eta haur-pobrezia prebenitzea, familia-aniztasuna errespetatzen dela. 2.- Aitek eta amek beren seme-alabei behar besteko denbora guztia eskaini ahal izateko bide ematea eta, horretarako, gizarte-denbora egokiago antola dadin sustatzea eta antolamendu erantzunkideari bide ematea. 3.- Gazteen emantzipazioari eta bizi-proiektu autonomoei bide ematea, nahi izanez gero, ondorengoak izan ahalko dituzten familia-unitate berriak sortu daitezen bultzatzeko. 4.- Gurasotasun positiboko, haur-osasuneko, gatazken prebentzioko eta familia-bitartekaritzako programak sendotzea, aita eta amen guraso- eta hezkuntza-gaitasunak sendotzeko. 5.- Ume guztiek irisgarriak eta eskuragarriak diren kalitateko haurrentzako arreta-zerbitzuak jasotzeko aukera izatea.  6.- Hezkuntza-politikak birbideratzea eta eskola-sistema inklusiboan eta koedukatzailean sakontzea, zuzentasuna bermatzeko eta gizarte- eta ekonomia-egoera desabantailatsuan dauden ikasleen zailtasunak konpentsatzeko gai izanik. 7.- Ume eta gazteek, baldintza-berdintasunean, gizarte- eta hezkuntza-, kirol-, kultura- eta aisia-baliabide eta -ekipamenduen eskaintza zabalagora jo ahal izatea. 8.- Lehentasuna ematea lankidetzari, politika publikoetan eragina duten gaien dimentsio ugariko izaera kontuan hartuta: genero-ikuspegia, hezkuntza, berdintasuna, osasuna, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak, kultura edo enplegua. 9.- Gai horiekin zerikusia duten eragile pribatuak sentsibilizatzea, bereziki lan-harremanetan inplikatuak, besteak beste, sindikatuak eta enpresa-elkarteak.  10.- Familia- eta haur-politiken gobernamendua hobetzea.

“Itun honen bidez, herrialdeko erronkari erantzun nahi zaio, eta konpromiso publikoa dakar eta familiek giza harremanaren, gizarte-hezkuntzaren, hezkuntza afektiboaren eta komunitarioaren nukleo gisa duten garrantzia aitortzen du. Familia-proiektu bat bizi-baldintza onenetan egitearen aldeko apustua egiten du, eta erronka demografikoan eta gazteen aldeko apustuan zentratzen da, kontuan izanik gure Euskadiren etorkizuneko ikuspegian lehentasun partekatua dela”, esan du amaitzeko. 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • Enplegua eta Gizarte Politikak
    2018.eko otsailak 01

    Estimada Nagore. En su caso no podemos ofrecerle una respuesta a través de Irekia. Acuda a la delegación del Gobierno que le corresponda y consulte con personal técnico.
    Gracias

  • 2018.eko urtarrilak 31

    Kaixo. Mi segunda hija nació en Diciembre de 2016. Hice la solicitud inicial de ayuda por nacimiento en enero de 2017. Y la segunda solicitud la acabo de hacer en enero de 2018. Al entregarla en GV me dijeron que estaba fuera de plazo, dado que tenía que haberla hecho también en 2017 (al haber nacido la niña en 2016). Efectivamente, error mio, que creía que debía esperar un año para solicitarla...
    Mi duda es de si ahora con esta modificación, podre volver a solicitar la ayuda de segundo año que he perdido, o por el contrario la he perdido para siempre. Mila esker

  • Enplegua eta Gizarte Politikak
    2018.eko urtarrilak 25

    Kaixo Asier. La previsión es que esta novedad se apruebe a lo largo de este 2018, pero tendrá caracter retroactivo al 1 de enero. Podrán beneficiarse de las ayudas los niños y niñas nacidos a partir de 2016 y que sean segundos hijos o hijas.

  • 2018.eko urtarrilak 19

    Hay algo que no se aclara en ningún momento. Los que este año 2018 van a recibir la ayuda del segundo año por nacimiento del segundo hijo, ¿el año que viene podrán recibir la ayuda por este tercer año que se amplia o se queda todo para los que nazcan a partir de ahora?

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ramiro González, Unai Rementeria, Markel Olano, Imanol Landa