Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak eta sindikatuek urteko lehenengo osasuneko Mahai sektoriala amaitu dute 2016-2017ko Epe-a egiteko oinarrien eta baldintzen gaineko akordioa lortuta

2018.eko urtarrilak 16

Mahai Sektorialean 2016-2017ko Enplegu Publikoaren Eskaintza ekaineko hilabetean egiteko baldintza orokorrak onartu dira, Osakidetzako 3.335 lanpostuen deialdia egiteko eta lanpostu horiek langile finkoekin kontsolidatzeko aukera emango duena.

Enplegu Publikoaren Eskaintza berri honetan 21 kategoria sartuko dira, eta sindikatuekin lortutako akordioaren arabera, medikuei zuzendutako lanpostuak 50 eta 60 espezialitateen artean banatuko dira. Horrek esan nahi du 80 azterketa-deialdi egingo direla.

 

       Gaur, asteartean, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak eta Euskal Osasun Zerbitzuan ordezkaritza duten sindikatuek urteko lehenengo osasuneko mahai sektoriala egin dute Vitoria-Gasteizen. Bertan, akordioa lortu dute Enplegu Publikoaren Eskaintza berriaren garapena arautzeko. EPEa datorren ekainean egingo da. Akordioa SATSE, Euskadiko Sindikatu Medikoa eta UGTrekin lortu da.

       Gaurko bileran adostutakoaren arabera, 2016-2017ko EPEa sindikatuekin adostutako oinarriekin eta gai-zerrendekin egingo da. Era berean, adostu dute Enplegu Publikoaren eskaintza honetan, azterketetan lortutako puntuazioaz, langileek Osakidetzan garatu ahal izan duten esperientziaz eta lortutako prestakuntzaz gain, amaierako nota ere kontuan hartzea, Osakidetzari geroz eta prestatuago, gaituago eta konprometituago dauden profesionalak eskaini ahal izateko helburuarekin.

       Akordio berri honek, gainera, prozedura berritzailea dakar, horren bidez, hurrengo bi EPE-etara aurkezten diren hautagaiek puntuazioa aukeratu ahal izango baitute. Hau da, 2016-2017ko Enplegu Publikoaren Eskaintzara eta 2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzara aurkezten diren pertsonek puntuaziorik altuena aukeratu ahal izango dute, lanpostu bat kontsolidatzeko kontuan hartzen den nota horixe izan dadin.

      Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari Juan Carlos Sotok nabarmendu duenez, sindikatuekin egindako bilera amaitu eta gero, “gaur lortutako akordioa aurrerapauso garrantzitsua da, Osakidetzako Enplegu Publikoaren hurrengo Eskaintzaren zain dauden milaka pertsonen interesen alde. Akordio hau, gainera, Osasun Sailaren eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren borondate irmoaren eta ahaleginaren emaitza ere bada, Euskal Osasun Zerbitzuaren barruan enpleguaren egonkortasuna lortzearen eta behin-behinekotasuna murriztearen aldeko lanen emaitza”.

      Bestalde, gaur goizean egin den lehen mahai sektorial honetan Osakidetzak eta Euskadiko Sindikatu Medikoak adostu dutenaren arabera, Osakidetzako mediku guztiek eta nahi duten teknikari guztiek ere, aurretik 67 urteetan ezarritako erretiro-adina beste urtebetez atzeratzeko aukera izango dute.

          Langile fakultatibo mediko eta teknikoen 68 urtera arteko luzapena, betiere borondatezkoa izango dena, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak bultzatutako neurrietako bat da, datozen urteetan egongo diren erretiroengatik sortutako lanpostu hutsak betetzeko profesional kopuru handiagoa izateko. Beraz, gaur hartutako neurri hau lagungarria izan daiteke behar besteko profesionalen eskaintza eta eskariaren egoera hobetzeko.

       Osakidetzaren hurrengo Administrazio Kontseiluak berretsiko ditu gaurko bileran hartutako akordioak.

 

Vitoria-Gasteizen, 2018ko urtarrilaren 16a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau