Eu

Gym Berdea proiektua berritzailea da Estatuan; Larrabetzun osasuna, zahartze aktiboa eta gizarteratzea sustatzen ditu, lorezaintza ekologikoaren bidez

2018.eko urtarrilak 17
  • Larrabetzuko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailek eta Besaiak eredu hau beste euskal udalerri batzuetara zabaltzea iradoki dute
  • Parte-hartzaileen profila honako hau da: 50 eta 60 urte bitarteko emakumea, jarduera fisikoa alde batera utzi zuena

Larrabetzu, 2018/01/17

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak, Joseba Bidaurrazaga Bizkaiko Osasun Publikoko zuzendariordeak, Iñigo Gaztelu Larrabetzuko Udaleko alkateak eta Keko Alonso Besaia, Jardiecología & Alternativas forestales-eko sustatzaileak, gaur goizean, prentsaurrekoan, Gym Berdea proiektua aurkeztu dute; proiektuaren hirugarren edizioa hastear dago Larrabetzun. Proiektu hau berritzailea da Espainiako Estatuan; jarduera fisikoa, osasuna eta naturaren ezagutza sustatzen ditu, eta, aldi berean, aukera ematen du bertan parte hartzen duten pertsonen artean gizarte-loturak ezartzeko.

Proiektu hau Larrabetzun sortu zen, 2016an; definizio ugari onartzen ditu, izan ere, aldi berean, aire zabaleko gimnasioa da, ikuspuntu integraletik osasuna sustatzeko espazioa, lorezaintza ekologikoa ikasteko tailerra, hainbat adin, okupazio, kultu eta ideologiatako pertsonei zuzendutako taldeko jarduera, herria edertzea helburu duen proiektua eta gizarteratzeko tresna. Gym Berdeak Green Gym britainiarra du eredu, William Bird doktoreak, osasunaren prebentzioan eta hezkuntzan espezializatutako medikuak, The Conservation Volunteers-ekin batera sustatutako proiektua; beren herrialdean arrakasta handia izan du.

“Ariketa fisikoa, ikaskuntza teoriko-praktikoa, lurrarekiko harremana eta harreman pertsonalak dira Gym Berdea proposamena osatzen duten elementuak. Proposamen suspertzailea hainbat baldintzatako pertsonentzat”, azaldu die Keko Alonsok, proiektuaren sustatzaileak, komunikabideei. “Gure proposamena jardueraren eta ilusioaren pizgarria da, osasuna sustatzeko pizgarria, hainbat errealitate pertsonaletarako”.

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du proiektuak “jarduera sustatzen duela, eta hori oso positiboa dela zahartze aktiboaren prozesuan, eta guztiok egon beharko genukeela bertan murgilduta, gure adina edozein dela ere”, eta azpimarratu du bereziki Gym Berdean gizarte-defizitak dituzten pertsonen parte-hartzea. “Gym Berdea, halaber, bakarrik sentitzen diren pertsonei dago zabalik, adikzioren batetik desintoxikatu nahi dutenei, edo krisi pertsonala gainditzen ari direnei. Talde batean integratzeko, taldean eraikitzeko eta, gero, lan horren emaitzak ikusteko aukera oso onuragarria da pertsona horientzat; izan ere, horrela, beren ahalmenak indartuta antzematen dituzte”. Gym Berdeak Larrabetzuko Manuene eguneko ospitalearekin dihardu lankidetzan; eguneko ospitale hori adikzioetan dago espezializatuta. Halaber, sare komunitarioko beste baliabide batzuekin ere ari da lankidetzan, proiektua hainbat egoeratan dauden pertsonen artean zabaltzeko, beraiek programan parte-hartzeak dakarren onura aprobetxatzeko.

Gym Berdearen bi edizioetan parte hartu duten hogeita hamar pertsona inguruk hainbat profil zituen, baina oso ongi integratu dira lantaldean. Gainera, eskuratu dituzten ezagutzak Larrabetzuko Eskolako 6 eta 12 urte bitarteko adingabeei transmititu ahal izan dizkiete, beraiekin jardun baitute elkarlanean hainbat saiotan.

Hobekuntzak

Joseba Bidaurrazaga Bizkaiko Osasun Publikoko zuzendariordeak proiektuaren aurreko bi edizioetan parte hartu duten pertsonek izan dituzten onuretako batzuk azaldu ditu: “Gym Berdearen bidez, pertsonen bizi-kalitatea eta osasun-mailak hobetzen dira; egoera fisikoa hobetzen da, jarduera bat behin eta berriz egiten delako; autopertzepzioa eta autozaintza hobetzen dira; nork bere burua ikusteko modua hobetzen da, ondare kolektiboa edertzen ari den taldeko partaide ikusten baitu bere burua; ondasunen zaintza hobetzen da komunitatearen eskutik, komunitateko kide direnak borondatez ari baitira horiek zaintzen; eta hobetu egiten da egonkortasun pertsonala, izan ere, beharbada bistaz ezagutzen zituzten pertsonetan, adiskide berriak aurkitu dituzte, giro neutral eta positiboan”.

Gainera, Gym Berdeak etengabeko ikaskuntza-osagaia du, oso komenigarria nerbio-sistemaren endekapenezko gaixotasunak prebenitzeko. Nahiz eta jarduera publiko orokorrari zabalik dagoen, Gym Berdeak nagusiki bere egin duen profila Larrabetzun honako hau da: 50 urtetik gorako emakumeak, jarduera fisikoa alde batera utzita zeukatenak, eta, kasu batzuetan, baita ikaskuntza eta pertsona berriekin gizarte-jarduerak egitea ere.

“Harreman pertsonal positiboek, naturarekiko harremanak eta espazio berde publikoa edertzen duen proiektu bateko partaide izateak, maila emozionalean eta espiritualean, bete egiten gaituzte”, esan du Keko Alonsok, eta esan du, halaber, saioetan “gure osasunaren funtsezko alderdiak lantzen direla, besteak beste, elikadura edo postura”.

‘Larrabetzu Eredua’

Bestalde, Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak esan du Gym Berdea proiektuak udalerriak eginiko agroekologiaren aldeko apustuaren bidez ireki zen bidean sakontzen duela; jarduera horrek, “enplegua sortzeaz gainera, lurra eta ura kutsatzaileetatik babesten ditu eta kalitateko elikagaiak dakartza; ondorioz, osasuna sustatzen da”.

“Lan-ildo honi dagokionez, Larrabetzuk sortu du, era berean, etxeko eta espazio publikoko hondakin organikoak tratatzeko sistema berria; hasieran “Eredu austriarra” izena hartu zuen, eta, orain, Espainiako Estatuan, “Larrabetzuko Eredu” izenez ezagutzen da. Agrokonpostajearen prozesu horretan, lurraren profesionalek hondakin organikoak bildu eta prozesatzen dituzte, kalitateko konposta sortzeko; horrek lurraren emankortasunari egiten dion ekarpena “Nafarroako Unibertsitateak babestu du”.

Gym Berdea Larrabetzun tokiko eskalan garapen jasangarria zehazteko ildoan, kasu honetan lorategiaren espazioan, Larrabetzuk sortutako proiektu berria da. Gym Berdearen saio bat ikasgelan hasten da; egingo den lanari buruzko oinarrizko kontzeptu batzuen azalpen teorikoa ematen da, eta lanaren deskribapena bera egiten da; gero, beroketa aerobikoa egiten da, luzaketak egiten dira, eta, amaitzeko, lan bat egiten da herriko espazio berde batean.

Otsailaren 7tik aurrera, ikastaroaren hirugarren edizioa hasiko da Larrabetzun; izena emateko epea, dagoeneko, martxan dago. Gainera, proiektuaren sustatzaileek, Larrabetzuko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailek eta Besaiak, eredu hau beste euskal udalerri batzuetara zabaltzea iradoki dute.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2018.eko urtarrilak 17

    Zorionak Larrabetzu!, honelako ekintza freskoa beti da berri ona! :)

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Joseba Bidaurrazaga Bizkaiko Osasun Publikoko zuzendariordea, Iñigo Gaztelu Larrabetzuko Udaleko alkatea eta Keko Alonso Besaia, Jardiecología & Alternativas forestales-eko sustatzailea