Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak eta Galtzagorri Elkarteak irakasleak trebatuko dituzte irakurzaletasuna euskaraz susta dezaten haur eta gazteen artean

2018.eko urtarrilak 12

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Galtzagorri Elkarteak proiektu berri bat aurkeztu dute irakurzaletasuna euskaraz sustatzeko haur eta gazteen artean. Ekimen honen bitartez Galtzagorri Elkarteko profesionalak Euskadiko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroetara joango dira, irakasleei lantegi praktikoak eskaintzera. Gurditxo batean Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 40 liburu inguru eramango dituzte eta hauen bidez landu ditzaketen estrategiez mintzatuko zaizkie irakasleei, hauek haur eta gazteen irakurketaren bitartekari eraginkorrak eta motibatuak bihurtuz.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Iñaki Markotegi Galtzagorri Elkarteko presidenteak eta Castillo Suarez idazle eta Galtzagorriko kideak aurkeztu dute proiektu hau, Donostiako Haur Liburutegi Nagusian. Azaldu dutenez, zentroetan dagoen behar bati erantzungo dio proiektuak, irakasleek arlo honetan trebatzeko gogoa baitute. “Ekimen honen bidez hainbat helburu lortu nahi ditugu: irakurzaletasuna sustatu, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura ezagutzera eman, euskara gozamenarekin lotu, euskara maila hobetzen lagundu… Oso eraginkorra izan daitekeelakoan gaude”, azaldu du Dobaranek.

Metodologia

EAEko hezkuntza zentro guztiek parte har dezakete ekimen honetan, eta izena ematea erabakitzen dutenek Galtzagorri Elkarteko aholkulariaren bisita bana jasoko dute ikasturtean zehar. Proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du, eta kopuru hori agortu arteko saioak eskainiko dira.  Bisita hauetan, Galtzagorriko aholkulariek 40 liburu inguru eramango dituzte eskoletara. Han, liburu guztien gaiak eta ildo nagusiak aurkeztu eta azalduko dituzte. Material hori guztia izango da oinarria, eta horren bidez irakurzaletasuna sustatzeko jorra daitezkeen dinamiken eta estrategien proposamena egingo da. Azkenik, parte hartzen duten zentro guztiei gida txiki bat banatuko zaie.

Datuen arabera, Bizkaiak EAEko eskolen %50a du, Gipuzkoak %30a eta Arabak, azkenik, %20a. Hortaz, saio kopuruak horrela banatzea aurreikusten da. Era berean, saioen erdia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat izango dira, eta gainontzekoak Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzakoen artean banatuko dira, beti ere aurreikuspenen arabera. 

Astelehenean, urtarrilak 15, zabalduko da izen emateko epea eta otsailaren 5era arte izango da irekirik. Parte-hartzea lurralde bakoitzaren kuotara iritsi artekoa izango da, eta izen-ematea ordenaren araberakoa. Eskaera egin daitezkeen saioak baino ugariagoa bada, itxaron- zerrenda bat irekiko da, eta bertako zentroek lehentasuna izango dute hurrengo ikasturtean.

Hautaturiko liburuak

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako liburuak egitasmo honen oinarrian daude. Hala, 25 izenburu aukeratuko dira LH eta HHko irakasleen lantegietarako; eta 15 izenburu DBHko irakasleen lantegietarako. Urtean argitaratutako kalitate handieneko liburuek izango dute lehentasuna zerrendan, baina zenbait klasiko ere izango dira tartean. Saio guztiak irakasleei zuzenduak izango dira, baina herri bakoitzean, udal liburutegiko langileak ere gonbidatuko dira lantegietara, horrela udal liburutegi eta eskolen arteko sare-lana indartuko delarik ere. Eskolaz eskolako lantegi praktikoez gain, hiru lurraldeetako bakoitzean irakasleentzako formazio saio orokor bana eskainiko da, Berritzegune nagusietan.

Proiektu honen bitartez hainbat helburu lortu nahi dira, irakurtzeko zaletasuna sustatzearekin lotuta, bai eta euskararen garapenarekin lotuta ere:

  • Lehenengo helburua da euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea EAEko haur eta gazteen artean.
  •  Irakasleen irakurketarako motibazioa ere sustatu nahi da. Irakasleak bihurtu nahi dira haur eta gazteen irakurketaren bitartekari eraginkorrak eta motibatuak. Haur eta Gazte Literaturan adituak direnen eskutik, euskarazko kalitatezko liburuak aurkeztuko zaizkie, formatu literario ezberdinak nola erabili eta norekin erabili azalduko zaie eta, horrekin batera, irakurtzeko zaletasuna sustatzeko estrategia ezberdinak erakutsiko zaizkie
  • Euskararen erabilera sustatuko da. Ikasleek euskarazko kalitatezko liburu berriak ezagutuko dituzte urtero eta horien inguruan hitz egingo dute haien artean. Ekimena oso baliagarria izango da euskara menperatzen ez duten gazteek beren maila hobe dezaten.
  • Haur eta gazteek euskara eta euskarazko literatura gozamenarekin lotzea. Ekimen honen bitartez haurren garapen emozionala, intelektuala eta afektiboa sustatuko da euskarazko Haur Literaturarekin gozatzen duten bitartean
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura ezagutzera ematea. Proiektu honi esker, hainbat irakaslek bestela ezagutuko ez lituzketen kalitatezko hainbat nobedade ezagutzeko aukera izango dute.
  • Ikastetxeak eta ikasleak are gehiago inplikatuko dira irakurtzeko zaletasuna sustatzeko eginkizunean.
  • Udal liburutegien eta eskolen arteko sare-lana bideratuko da, baliabide publiko ezberdinak lotuz haur eta gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko bidean.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko