Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal erakundeek martxan jarri dute “Eskerrak Giza Eskubideei” kanpaina, aldarrikapenaren 70. urteurrenean

2018.eko urtarrilak 15
  • Kanpaina gaur jarri da martxan; Giza Eskubideei Begiradak / Miradas a los Derechos Humanos erakusketa ibiltariarekin hasiko da, eta abenduaren 10ean amaitu, René Cassin Sariaren banaketarekin
  • Ekimena sortu zen giza eskubideen balioa zabaltzeko eta haren sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko pedagogia zibikoa sustatzeko

Euskal erakundeek martxan jarriko dute “Eskerrak Giza Eskubideei” kanpaina, horien sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko.Ekimen horren bidez, Euskadik bat egiten du Nazio Batuek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko sustatzen duten “Defenda dezagun giza duintasuna, zuzentasuna eta justizia” kanpainarekin. Horretarako, euskal erakundeek baterako ekitaldi-programa irekia aurreikusi dute; 2018an garatuko da.

Ekimena Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, hiru hiriburuetako udalek, Eudelek eta UPV/EHUk sustatu dute, eta gaur goizean aurkeztu da, UPV/EHUren “Giza Eskubideei Begiradak / Miradas a los Derechos Humanos” erakusketa ibiltariaren inaugurazioarekin hasten den kanpainaren abiaraztearekin batera. Erakusketa hori urtarrilaren 27ra arte egongo da zabalik Bilboko Bizkaia Aretoan.

Aurkezpenean honako hauek parte hartu dute: Jonan Fernández Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia, María Guijarro BFAko Berdintasuneko, Aniztasuneko eta Lankidetzako zuzendari nagusia, Maribel Vaquero GFAko Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako zuzendaria, Nekane Zeberio AFAko Kabineteko zuzendaria, Iñigo Pombo Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Saileko Zinegotzi Ordezkaria; Juanra Viles Donostiako Udaleko Presidentetza, Gardentasun, Giza Baliabide eta Berrikuntzako zinegotzi ordezkaria, Nerea Melgosa Vitoria-Gasteizko Udaleko Bizikidetzarako eta Aniztasunerako zinegotzi ordezkaria, Josune Irabien, Eudeleko ordezkaria eta Jon Landa UPV/EHUren Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendaria.

Arduradunek azaldu dutenaren arabera, kanpaina hiru helbururekin sortu zen:

-         Herrialdeko proiektua. Giza eskubideekiko konpromisoa euskal gizartearen eta nazioarteko erakundeen aurrean herrialdeko proiektu partekatu gisa aurkeztea.

-         Pluralismoa eta adostasuna. Balio nagusiaren inguruko adostasuna oinarri duen giza eskubideei buruzko adierazpenen aniztasuna sustatzea.

-         Giza eskubideen kultura. Giza eskubideen balioa zabaltzea eta haren sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko pedagogia zibikoa sustatzea.

Programa horren barruan egin daitezkeen jardueren aniztasunak bi elementu ditu zentzu-batasun. Lehenengo eta behin, gai nagusia eta kanpainarako partekatutako erakunde-irudia; eta, bigarrenik, kanpainaren diskurtsoaren baterako oinarrizko ikuspegia.

Kanpainaren jarduerak batuko dituen mezu nagusia eskerrik asko hitzaren ingurukoa izango da.

Eskerrak giza eskubideei. Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena

Mezu nagusi horren bidez, eduki polisemikoa hiru diskurtso-ildotan batu daiteke:

-         Giza eskubideak egoteak dakarren onura azpimarratzen duen eta horrelakorik ez egoteak ekarriko lukeen ziurgabetasuna azpimarratzen duen mezua. Eskerrak giza eskubideak ditugula… Nolakoa izango litzateke mundua, bestela, giza eskubiderik gabe?

-         Giza eskubideei esker lortu den guztia eta horiei esker oraindik egiteko dagoela dakigun guztia nabarmentzen duen mezua. Giza eskubideei esker, libre eta berdin jaio diren pertsona guztien giza duintasuna defenda dezakegu.

-         Giza eskubideek esan nahi duten guztiagatik eskerrak emateko mezu xumea, besterik gabe eskerrik asko! esateko. Eskerrik asko Giza Eskubideei.

Partekatutako oinarri horretan, jarduerak urte osoan zehar banatuko dira; horrela, erakunde bakoitzak –edo horietako batzuek, proiektu baten inguruan elkartu badira– bere gain hartuko du hura autonomiaz eta aurreikusitako gainerako ekitaldiekin koordinatuta garatzeko erantzukizuna.

Programarekin batera, beste ekimen batzuk antolatu ahalko dira eta, gainera, kanpainaren mezu nagusia partekatu nahi duen beste edozein erakundek edo entitatek egin ahalko du bat. 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko hasierako programaren laburpen-koadroa 

Erakundea

Jarduera

UPV/EHU

.·“Giza Eskubideei Begiradak / Miradas a los Derechos Humanos” erakusketa.

·“Giza Eskubideei Begiradak / Miradas a los Derechos Humanos” liburuaren argitalpena.

·”Giza eskubideen paseoak” ekimena gure herri eta hirietan; horrela, giza eskubide bakoitzaren sentsibilitate artistikoa sustatuko da.

·Giza eskubideei buruzko diseinu grafikoaren kongresua, Udako Ikastaroen esparruan.

EUDEL

·Udalei, udalerriko musika-eskolarekin lankidetzan, kalean musikako mikrokontzertuak antolatzeko gonbidapena egitea.

·Giza eskubideak sustatzeko eremuarekin bat egin dezakeen beste edozein jarduera, herritarrei zabalik egongo dena.

Arabako Foru Aldundia

·Gazteriaren artean giza eskubideen ezagutza eta garrantzia sustatzea, ikus-entzunezkoen sorkuntzaren, arte bisualen eta zinemaren bidez, 2018ko ZINELEKUren edizioan; bertan, zinemako tailerrak, zinematografiako profesionalen eskolak eta beste arte-diziplina batzuk izango dira.

Bizkaiko Foru Aldundia

·Giza Eskubideen Gizartegune hausnarketarako, eztabaidarako eta eraikuntzarako espazioa, hirugarren sektoreko kolektiboei eta Bizkaiko gizarte-munduari eskainia, bai eta beste erakunde batzuetako ordezkariei ere.

·Garapenerako lankidetzan giza eskubideen ikuspegia txertatzeari buruzko aurrez aurreko ikastaroa, Unesco Etxearekin dagoen hitzarmenaren barruan.

·Giza Eskubideen Saria Zinema Ikusezinaren Jaialdian.

Gipuzkoako Foru Aldundia

·Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko ikasleei zuzendutako programa, gazteek giza eskubideak ezagutu, barneratu, sentitu, zabaldu eta horiekin konpromisoa hartzeko.

Vitoria-Gasteizko Udala

·Udaleko sail desberdinetatik giza eskubideen sustapenarekin, hauen defentsarekin eta hedapenarekin lotzen diren ekintzak, hitzaldien, erakusketen edo heziketa-tailerren bidez, eta hiriko beste erakundeekin koordinatuta. Agerian utziz udal jarduerak giza eskubideei heltzen diela, zeharkako ikuspegia izanik sail eta zerbitzu guztietan.

Bilboko Udala

·Udaberrian Garapeneko Estrategia Positiboen XII. Jardunaldiak egitea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, Giza Eskubideen Defentsan oinarrituta.

·Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko antolatzen diren berezko ekimenak edo beste erakunde batzuenak sustatzea.

Donostiako Udala

·Aieteko Baliabide Pedagogikoen Zentroaren inaugurazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan

·Ibilbide bat diseinatzea, Aldarrikapen Unibertsalaren artikuluekin, Aieteko Jauregiaren inguruan kokatzen dena, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen egoitzaren inguruan, bai eta Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Zentroaren inguruan ere.

Eusko Jaurlaritza

·Kanpainaren esparru partekatuaren diseinua eta garapena.

·Udazkenean Giza Eskubideen Nazioarteko Kongresua egitea, UPV/EHUren Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrarekin lankidetzan.

·Abenduaren 10a, 2018ko Giza Eskubideen Eguna, ospatzea, eta René Cassin Saria entregatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak