Berriak Lehendakaritza
Eu

Emakunderen beka baten laguntzaz egindako azterketa batek polizien atxiloketa-prozesuetan emakumeek bizitako esperientzia analizatzen du

2018.eko urtarrilak 16
  • Oso gune maskulinizatuak izateak emakumeen zaurgarritasuna handitzen duela ondorioztatu du eta genero-begirada aplikatzea funtsezkoa dela uste du. 
  • Genero-indarkeriaren testuingurutan emakumeak inputatzearen inguruan gogoeta egiteko gomendatzen du, biktimizazio bikoitza eragin baitezake.
  • Emakumeek egindako delituak gizonezkoek egindakoak baino askoz ere gutxiago direla (% 10,9) eta gehienak haienak baino arinagoak eta indarkeria erabili gabe eginak direla berretsi da.

 

Gaur aurkeztu, eta Emakunderen beka baten laguntzarekin Lohitzune Zuloagak, Estibaliz de Miguelek eta Miren Ortubayk egindako “Experiencia de la detención policial en las mujeres de la Comunidad Autónoma del País Vasco” izeneko ikerketak 2011-2016 epean EAEn poliziak atxilotutako emakumeen esperientzia aztertzen du, genero-ikuspegitik.  Helburua fenomenoaren dimentsioa eta ezaugarriak ezagutzea izan da, arau-hausteak egin izanaren akusaziopean gure lurraldeko polizia-etxeetatik igarotzen diren emakumeen bizipenari arreta berezia eskainiz.

Emaitza nagusien artean ikus daiteke genero-diferentziak daudela polizia-estatistiketan agertzen diren emakumeen bolumenari dagokionean, hauek egiten dituzten delitu motei eta delitu horiek dituzten ondorioei dagokienean, atxiloketaren esperientzia pertsonalari dagokionean —bizi dituzten emozioak eta kezkak kontuan hartuta—, eurek dituzten beharrei dagokienean, eta polizia-erakundeak haiek identifikatzeko moduari eta ebazteari dagokienean.

Azken urteetan arau-hausteren bat egiteaz akusatu dituzten emakumeen guztizko bolumenak gora egin duen arren, gizonen bolumenarekin alderatuta gutxiengo izaten jarraitzen dute: batez beste emakumeak % 10,9 diren bitartean gizonezkoak % 89,1 izatera heltzen dira. Emakumeek delitu arinagoak egiten dituzte eta normalean ez dute indarkeria erabiltzen. Zifren bilakaera analizatuta agerian geratzen da, gainera, kasuen erdian ondarearen aurkako delitua dela arau-hauste mota nagusia. Kategoria horretako delituen hiru laurden ebasketak dira. Identifikatutako profilaren arabera, normalean gizarte-bazterketa eta -marjinalizazioa bizi duten emakumeak dira.

Oso gune maskulinizatuak

Bestalde, azterketan ikusi da polizia-etxeak bezalako oso gune maskulinizatutan emakume izateak pertsona horien zaurgarritasuna handitzea eragiten duela. Tratu “neutrala eta objektiboa” lehenesten den polizia-kulturan eta kultura penalean, baldintza soziokultural eta generoari lotutako horien eragin negatiboa normalean ez da kontuan hartzen atxilotutako emakumeen kasuan. Beti zaila den atxiloketaren esperientziak, emakumeen kasuan, kontuan hartu beharreko hainbat gai garrantzitsu loturik darama berarekin, bai bizipen subjektiboan (estigmatizazioa eta beldurraren esperientzia handiagoa, eta seme-alabekiko kezka handiagoa), bai garbitasuna eta higienea, gorputzaren bizipena etab. bezalako elementuei dagokienean erakunde maskulino batekin duten elkarrekintzan.

Familia-esparruan gertatutako indarkeriarekin lotutako inputazioak edo atxiloketak Ertzaintzaren estatistiketan hirugarren delitu-kategoria gisa agertzen dira. Kasu horretan, inputatutakoen edo atxilotutakoen % 14 emakumeak dira. Aurrekariak kontuan hartuta, “kontrasalaketak” deitutakoak dira. Kasu gehienetan gizona atxilotu egiten dute eta emakumea inputatu. Polizia-erantzunak “objektibitate eta neutraltasuneko” irizpideak jarraitu ohi ditu. Hortaz, bi aldeek oldarkor jardun dutenaren zantzuak aurkitzen badira, biak inputatzen dituzte. Ikertzaileek azpimarratutakoaren arabera, irizpide horrek ez ditu kontuan hartzen defentsa gisa erabilitako indarkeria edo erasoan erabilitako intentsitatea bezalako errealitateak.

Bestalde, azterketak erakusten du egoera irregularrean dauden pertsona atzerritarrentzako une zaila izaten dela atxiloketa, batez ere herrialdetik kanporatuak izateko beldurra eta bertako hizkuntza eta prozesu penala bera ez ezagutzea batera ematen direlako.

Ikerketan gaur egun burutzen ari diren jardunbide egokiak bildu dira, eta, orokorrean argi geratzen bada ere eskubide formalen betetzea ematen dela,  era berean, polizia-praktika hobetzeko neurri zehatzak proposatu dira. Oro har, lau alderdi kontuan hartzea gomendatzen da.

  • Genero-ikuspegiaren inguruko prestakuntza, polizia-atxiloketa prozesuan eta polizia kidegoarekin harremanetan jartzeko prozesuan emakumeen esperientzia ulertu ahal izateko.
  • Sekzioen arteko ikuspegia. Horren bitartez, joera klasistak, arrazistak eta etnozentrikoak erakusten dituzten polizia-jarduerako eta arrazoiketako premisak zalantzan jarri ahal izateko. Aurreikuspen horiek ez dira erakunde penaletan bakarrik ematen, gizartera oro har ere zabalduta daudelako.
  • Herritarrak egoeraren arabera hauek tratatu ahal izateko oztopo suertatzen diren objektibotasuneko, neutraltasuneko eta inpartzialtasuneko balioak aztertzea; izan ere, bidezko tratu bat eman ahal izateko, pertsonengan eragina duten desparekotasun sozialak kontuan hartu behar dira.
  • Bikoteko edo genero-indarkeriako gatazka baten testuinguruan emakumeen aurkako inputazioen arazoaren inguruko gogoeta sakona, biktimizazio bikoitza saihesteko eta tratu txarrak ematen dituzten gizonek sistema penala modu kaltegarrian ez erabiltzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak