Berriak Osasuna
Eu

Euskadi 2017an milioi bat biztanleko 70,3 organo emaile edukitzera heldu da

2018.eko urtarrilak 11

Euskadin azken hamarkadan 2.500 pertsona inguru transplantatu dituzte, eta azken bost urteetan emate-tasa 13 puntutan hazi da

 

Euskadin 2017an emate-tasa milioi bat biztanleko 70,3 emaile izatera heldu da, Estatuko batez bestekoaren gainetik, Estatuan milioi bat biztanleko 47 emaile baitaude. 

Tasa hori, beti, testuinguru ebolutibo batean kokatu behar da, gutxienez 5 urteko aldiak kontuan hartuz joera hobeto aztertzeko. Zentzu horretan,  batez besteko tasa —2000. urteaz geroztik milioi bat pertsonako 40 emailetik gorakoa— azken bost urteetan 13 puntu hazi da, milioi bat biztanleko 53 emaile gaindituz. Hortaz, Osasunaren Mundu Erakundeak optimotzat jotako kopurua gainditzen dugu eta Europan zein mundu mailan buruan kokatzen gara.

2017an erregistratutako datuak aztertuz, asistoliarekin lotutako emate-programak indartu dira, eta ondorioz, mota horretako emaileen kopurua % 29,2n kokatu da, Estatuko batez bestekoaren (% 26) gainetik eta Holanda (% 52,8), Belgika (30,7) edo Erresuma Batua (% 43) bezalako herrialdeen parean, eta munduko asistoliarekin lotutako emateen arloan jarduera handiagoarekin.

Emaileen % 61 istripu zerebrobaskularraren ondorioz hiltzen da, % 12,3 traumatismo kraneoentzefalikoaren ondorioz (% 1,3 trafiko-istripuen ondorioz) eta gainerakoak beste arrazoi batzuengatik.

Beste alderdi azpimarragarri bat da 10 familiatik ia 9 (% 89) ematearen alde agertzen direla, Estatuko tasa baino 5 puntu gorago eta Europako eta Ameriketako kopuruen gainetik nabarmen (% 70-80).

 

ORGANO TRANSPLANTEA

 

Lortutako emate-tasa horiei esker, gure pazienteen transplante-probabilitatea nahiko altua da, beste herrialde batzuetan lortutakoekin alderatuta nabarmen gainetik.

Hala, 2017an, Euskadin, 282 pertsonek jaso zuten organo bat. Zehazki transplante hauek egin ziren:

 

- Giltzurruneko 178 transplante (horietako % 10,6 bizirik zegoen emaile batena)

- Gibeleko 75 transplante,

- Birikako 13 transplante,

- Bihotzeko 15 transplante,

- Eta giltzurrun eta pankreako transplante 1.

 

Azken 10 urteetan, guztira, 2.494 organo-transplante egin zaizkie Euskadiko pazienteei (1.529 giltzurrunekoak, 695 gibelekoak, 149 bihotzekoak eta 121 birikakoak). Emaitzak Europako zentro aurreratuenen antzekoak edo hobeak dira.

      

EHUNEN/ZELULEN TRANSPLANTEA/EMATEA

 

Ehunen/zelulen transplanteari eta emateari dagokienean, 2017. urtean 174 ehun-emaile aurkitu dira. Ehuna —korneak, hezur eta tendoietako ehuna, azala…— Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora igortzen da, bertan prozesatzeko, gordetzeko eta transplanterako banatzeko.

Era berean, 52 transplante alogeniko egin dira (28 ahaidetuak eta 24 ahaidetu gabeak) Euskadiko Erreferentzia Zentroan (HUDonostia). Horrek Euskadi inguruko Europako herrialdeen pareko tasetan kokatzen du.  

             

ESKERRAK GIZARTEARI ETA PROFESIONALEI

 

Hori guztia lortu ahal izan da, alde batetik, euskal gizarte osoari esker, emaileen familiak bereziki aipatuz, benetan zailak diren uneetan konpromisoa erakutsi dutelako.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak esker on hori Emate/Transplante programetan parte hartzen duten Euskadiko zentro baimenduetako (ia guztiak, bai publikoak bai pribatuak) profesional sanitarioengana eta ez-sanitarioengana zabaldu nahi du. Era berean, eskerrak eman nahi dizkie epaile, auzitegi-mediku, epaitegietako langile laguntzaile, aireportuetako langile, SOS-DEIAK eta Ertzaintza bezalako erakundeei, eurek betetzen duten papera erabakigarria delako.

Eta, jakina, gaixoen elkarteei ere eskerrak eman nahi dizkie, sentsibilizazioaren esparruan burutzen duten lanagatik. Lan hori funtsezkoa da euskal gizartearen elkartasun maila altuak eta iraunkorrak ulertzeko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 11

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau