Eu

Beatriz Artolazabal: “Euskadik hobeto kudeatu ahalko du enplegua Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren ondoren”

2018.eko urtarrilak 10
  • Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio Eusko Jaurlaritzari eta baliogabetu egin du iraupen luzeko langabeentzako  Estatu laguntza ezartzen zuen Errege Dekretua, “autonomia-mailako eskumenak hartzen zituela” ulertzen baitzuen
  • Lanbidek libreki kudeatu ahalko du enplegura jotzeko duen laguntzen sistema

 

VG 10 01 18

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur arratsaldean esan du “Konstituzionalak iraupen luzeko langabeei buruz eman duen epaiaren ondoren, Euskadik hobeto kudeatu ahalko dituela enplegu-politika publikoak”.  Artolazabalek baloratu egin du Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman izana Eusko Jaurlaritzari eta baliogabetu izana iraupen luzeko langabeentzako  Estatu laguntza ezartzen zuen Errege Dekretua, “autonomia-mailako eskumenak hartzen zituela” ulertzen baitzuen

 

Artolazabalek Efe albiste-agentziari Vitoria-Gasteizen egindako adierazpenetan nabarmendu du “epaiak aitortzen dituela enplegu-politika aktiboen inguruko euskal eskumenak; izan ere, uste du laguntza ekonomiko hori enplegua sustatzeko eta gizarteratzeko diru-laguntza dela, eta hori Euskadik kudeatu behar duela”.

 

“Orain, enplegu-politika aktiboen inguruko kudeaketa osoagoa eta hobea garatzeko beharrezko tresnak izango ditugu”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio Euskadiri eta baliogabetu egin du iraupen luzeko langabeentzako 426 euroko Estatu laguntza ezartzen zuen Errege Dekretua, “autonomia-mailako eskumenak hartzen baititu”. Baina horrek ez dakar ordainketa baliogabetzea, baizik eta kudeaketa autonomia-mailako gobernuen esku uztea.

 

Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio Eusko Jaurlaritzari Enplegurako Aktibazio Programa arautzen duen Errege Dekretuaren aurkako errekurtsoan; Errege Dekretuak langabezian babesik gabe dauden pertsonentzako 426 euroko aparteko laguntza aurreikusten du. Baliogabetu egin du, autonomia-mailako eskumenak hartzen baititu.

 

Auzitegiko iturriek azaldu dute AK-k ordainketak bultzatzen dituela eta ez dituela baliogabetzen, mantendu egiten dituela, baina eskumenak ematen dizkiela autonomia-erkidegoei horiek kudeatzeko. Horrela, ordainketek ez dute eraginik jasango; bakarrik horien gaineko eskumenek, eta horien onuradunek kobratzeko eskubideari eutsiko diote.

 

Dekretua Ministroen Kontseiluak onetsi zuen 2014ko abenduan, enpresaburu eta sindikatuekin akordio batera iritsi ondoren, eta Enplegu Publikoko Estatuko Zerbitzuari laguntza ekonomikoa finantzatzeko, kudeatzeko eta ordaintzeko egitekoa esleitu zion, bai eta horien onuradun izan daitezkeen pertsonen eskubidea aitortzeko edo ukatzeko gaitasuna ere.

 

Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztu zuen; izan ere, bere iritziz, autonomia-mailako eskumenak hartzen zituen, laguntza horien kudeaketa Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari baitagokio, enplegu-politika aktiboak Euskadiri transferitu baitzitzaizkion 2010ean.

 

Estatuko abokatuak Estatu zentralarentzako eskumenaren defentsan esan zuen laguntza hori “langabeziagatiko prestazioa dela Gizarte Segurantzako kudeaketa ekonomikoaren eskumen-tituluaren eremuan”, baina Konstituzionalak uste izan du laguntza ekonomiko hori lan-legegintzaren kontzeptuan sartzen dela eta haren izaera enplegua sustatzeko eta gizarteratzeko diru-laguntzarena dela, euskal eskumena izanik.

 

“Estatuko abokatuak baieztatutakoren aurka, baldintza bereziki ahuletan dauden iraupen luzeko langabeen kontratazioa sustatzeko ahalegina egiteko neurriak ditugu hauek, lan-merkatura itzulerari bide emango dioten enplegu-politika aktiboen ekintzen bidez”, esan du Konstituzionalak.

 

AK-k gogorarazi du Estatuak gai horren inguruko oinarrizko legeria garatu behar duela, baina “ez du ahaztu behar jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarri eta koordinazioari buruzko estatuko eskumenaren arabera emandako arauak betearazteko eskumena autonomia-erkidegoei dagokiela, hasiera batean”.

 

Oinarri hori kontuan hartuta, amaitzeko esan du “Programa horren araudi erregulatzaileak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikorako egiten duen esleipena, diru-laguntza hura emateko eta ordaintzeko funtzioak betetzeko arduraduna izan dadin, konstituzioaren aurkakotzat eta nulutzat hartu behar dela, Autonomia Erkidegoetako Enplegu Zerbitzuei baitagokie eskumen hori”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak