Berriak Herrizaingoa
Eu

Trafiko Zuzendaritzak eta AXAk Road Show bat antolatu dute Donostian, gazteak gidatzearen arriskuez kontzientziatzeko

2010.eko abenduak 20

Gaur goizean, Gipuzkoako (Donostia, Irun eta Hernani) zenbait ikastetxetako ikasleak Aeslemek (Bizkarrezur-muineko Lesioak Ikertzeko Elkartea) eta IRSA Espainiak (Bide Segurtasuneko Nazioarteko Akademia) Donostiako Antzoki Zaharrean antolatu duten antzezlan bat ikusten izan dira eta, bertan, trafiko istripuren bat izan duten pertsonen testigantza hunkigarrien berri jaso ahal izan dute. Road Show bezala ezagutzen den emanaldi hau Donostian antolatzen den lehen aldia da eta Gipuzkoako hiriburuko Udalaren, AXAren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.

Bi emankizun eskaini dira, 10:00etan eta 12:00etan, eta bi saio horien artean, emanaldia antolatu duten erakundeetako ordezkariek bide segurtasunarekin lotutako programa horren berri eman dute, prentsaurrekoan.

Amparo Lopez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, Maravillas Dafauce Donostiako Udaleko Mugikortasun zinegotziak, Javier Negueruela AXAko Ipar Eremuko zuzendariak eta Rafael Arranz Aesleme elkarteak EAEn duen koordinatzaileak elkarrekin eskainitako prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, programaren helburua "gazteak eta nerabeak gidatzeak dakartzan arriskuez kontzientziatzea da. Hausnartu dezatela eta istripuak eta haien ondorioak murriztuko dituzten jokabideak jarraitu ditzatela lortzea".

Istripuak izan dituzten biktimek antzeztuta

Road Show hau bide segurtasuneko programa bat da eta, horren baitan, trafiko istripuak izan dituzten pertsonek eta ezbeharretan esku-hartu dutenek (suhiltzaileak, poliziak, biktimen senitartekoak) euren bizipenen berri ematen dute. Agertokian, gazte batek bere lagun taldearekin gau batean egindako festa antzezten dute; jaia diskotekan hasten da, baina zirkulazio istripu batekin amaitzen da. Emanaldi multimedia honek zenbait pertsonaren testigantzen berri ematen du, soinu limurtzaile batez eta irudi hunkigarriz lagunduta.

EAEko istripu-kopuruaren inguru datuak

2010ean, hildakoak eragin dituzten 55 istripu gertatu dira EAEko kale eta errepideetan, eta, guztira, 67 pertsona hil dira ezbeharraren tokian bertan edo hurrengo 24 orduetan.
2009ko epe berean, hildakoak eragin zituzten 62 ezbehar jazo ziren eta 65 lagun zendu. Hortaz, aurten hildakoak eragin dituzten istripuen kopuruak behera egin duen arren (iaz baino 7 gutxiago jazo dira), bi pertsona gehiago hil dira.

2010eko istripuei dagokienez, gertakari bakarrean pertsona biren edo gehiagoren heriotza eragin duten zortzi istripu egon izana da berritasun nagusia.

Gazteen artean hildakoak eragin dituzten trafiko istripuei dagokienez, aurten zendu diren gazteetako batek 14 urte baino gutxiago zituen eta hamahiruk, 14 eta 24 urte artean. Iazkoarekin alderatuta, aurten 14 eta 24 urte arteko sei pertsona gehiago hil dira: auto bateko gidari bat gehiago, oinezko bat gehiago eta ibilgailuetako beste lau bidaiari gehiago.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Trafiko Zuzendaria