Berriak Osasuna
Eu

Asko igo dira gripe kasuak Euskadin, urteko garai honetan ohikoa den mailara helduz

2018.eko urtarrilak 03

Osakidetzak giza baliabideak eta baliabide materialak indartu ditu, bere gripe-kontingentziako planean aurreikusten den bezala, kasuen gorakada honek eragindako laguntza-eskaeraren gehikuntza handiari aurre egiteko.

Txertatze-epeak zabalik jarraitzen du. Izan ere, Osasun sailak urtarrilaren 6ra arte luzatu du ahalik eta arrisku-populazio zabalenarengana heltzeko: 65 urtez gorako pertsonak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak eta haurdun dauden emakumeak.

 

 

Euskadin gripeari loturik 100.000 biztanletatik 277,24 kasu eman dira. Hortaz, gripe-kasuek nabarmen egin dute gora, epidemia honekin urteko garai honetan gertatu ohi den bezala. Hala adierazten da Osasun Saileko Zaintza Epidemiologikoko Sareek – Mediku Jagoleek eta Osakidetzak astero egindako azken txostenean.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak giza baliabideak eta baliabide materialak indartu dituzte, beren gripe-kontingentziako planean aurreikusten den bezala, era horretan, gripe-kasuen gorakada horrek eragindako laguntza-eskaeraren gehikuntza handiari ahalik eta modu eraginkorrenean aurre egiteko. Kontingentziako plan horri esker, beharrezkoak diren baliabideekin eta antolakuntzarekin, gripe-epidemiari eta neguko hilabeteetan osasun-zentroetara hurbiltzen den biztanle-kopuru handiagoari hobeto aurre egiten zaie. Helburua da paziente guztiak ahalik eta normaltasun handienarekin artatzea. Horretarako, aurreko urteetan bezala, gripearen eta eskura dauden laguntza-baliabideen zaintza epidemiologiko zorrotza egiten da.

Jarraipen epidemiologikoa lau punturen koordinazioan oinarritzen da:

- “Mediku Jagoleen Sarea”, Lehen Arretako pediatria eta medikuntza orokorreko medikuz osatua, gaixorik dauden pertsonen kopuruaren inguruan informatzeaz arduratzen dena.

- Erreferentziako mikrobiologia-laborategiak, diagnostikoak eta anduiak baieztatzeaz arduratzen direnak.

- Ospitaletako informazio-sistemak, larrien dauden pazienteen jarraipena egiten dutenak.

- Osasun Saileko Osasun Publikoko teknikariak, erregistratutako datuen azterketa eta analisi xehatua egiteaz arduratzen direnak.

Gainera, Larrialdiekin koordinatuz, laguntza maila diferenteen artean, etengabeko koordinazioa eskaintzen da egunero. Horren buru Batzorde espezifiko bat dago Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan. Batzorde hori ESI guztiek eta kronikoen ospitaleek osatzen dute. Egoeraren jarraipena egiteaz arduratzen dira, bai lehen arretako kontsultetan eta larrialdietan, bai ospitaletako larrialdien eta ohe libreen egoeraren inguruan.  

 

 ASTEKO AZKEN TXOSTENAREN DATUAK

Azken astean, aurreko astearekin alderatuta, Euskadin gripe-kasuek asko egin dute gora, 100.000 biztanleetatik 277,24 kasu eman baitira. Biztanle-talde kaltetuena 0 eta 4 urte bitarteko haurrak dira,  100.000 biztanleetatik  208,8 kasu eman baitira tarte horretan.

Denboraldiaren hasieratik gripearen ondorioz 124 pertsona ospitaleratu dituztela jakinarazi da, horietatik 49 larri, eta hauen artean 11 hil egin dira. Azpimarratu behar da hildako pertsona horien % 50ek bakarrik hartu zuela txertoa arrisku-taldeen barruan egon arren.

Horregatik garrantzitsua da 65 urtetik gorako pertsonek, gaixotasun kronikoren bat duten pertsonek eta haurdun dauden emakumeek txertoa jartzea. Hain zuzen ere, arrisku-egoeran dagoen pertsona-kopuru handienarengana heltzeko asmoz, duela hamabost egun, txertoa jarri ahal izateko hasieran aurreikusitako epea urtarrilaren 6ra arte luzatzea erabaki zuen Osasun Sailak. Osasun-agintariek azpimarratu dute, segurtasuna eta eraginkortasuna kontuan hartuta, txertoa dela gripeari eta gaixotasunak talde ahulenen artean eragin ditzakeen konplikazioei aurre egiteko tresna eraginkorrena.

Gripe-kasuen gorakadak, normala den bezala, arreta jasotzeko eskaera nabarmen handitzea eragin du. Hala, aurreko astean Lehen mailako Arretan gripe-sindromea zuten 3.956 pertsona artatu zituzten. Ospitaletako larrialdi-zerbitzuetan, urtarrilaren 2an bakarrik, 3.089 pertsona artatu zituzten, astearte bateko urteko batez bestekoa baino % 25 inguru gehiago; eta Arreta Iraunkorreko Puntuetan (AIP) beste 2.130 larrialdi-kasu artatu zituzten, astearte bateko urteko batez bestekoa baino 1/3 gehiago. 

 

PREBENTZIO NEURRIAK ETA GOMENDIOAK

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak prebentzio-neurriak hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute:erabili eta botatzeko paperezko zapiak erabiltzea; eztul edo doministiku egitean, ahoa edo sudurra besoarekin tapatzea; eta eskuak urarekin eta xaboiarekin maiz garbitzea.

Halaber, gogoratu dute gripea gaixotasun desatsegina den arren pertsona osasuntsuen artean onbera dela, eta ez duela tratamendu espezifikorik; horregatik, sukarra jaisteko atsedena,  likido ugari eta sukar-kontrakoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarra jaisten ez bada, medikuarengana joan beharko dugu. Halaber, azpimarratu behar da gaixotasun biriko bat denez antibiotikoak ez direla eraginkorrak (oso kasu jakinetan bakarrik hartu beharko lirateke eta medikuaren aginduz beti), eta kutsatzeko aukera handia duenez, badaezpadako higiene-neurriak hartzea gomendatzen dela, besteak beste, eztuletik eta doministikutik babestea, eskuak maiz garbitzea edo erabili eta botatzeko paperezko zapiak erabiltzea.

Gripearen berezko sintomak sumatzen dituzten pertsonen kasuan, osasun-baliabideen erabilera arduratsua egin dezaten gomendatzen da, sintomatologiaren arabera, norberaren arazoa artatzeko eta konpontzeko zein den osasun-zerbitzu aproposena (familia-medikua, Arreta Iraunkorreko Puntuak edo AIP eta, azken kasuan egoera larritzen bada, ospitaletako larrialdi-zerbitzuak) baloratuz. Era horretan, arreta jasotzeko beharrezkoak ez diren itxaronaldiak saihestuko dira eta, aldi berean, osasun-sistema bera bete ez dadin lagunduko dugu.

Hain zuzen ere, gizartea kontzientziatzeko asmoz, Osasun Saila eta Osakidetza kanpaina bat burutzen ari dira: Osakidetzaren ospitaletako eta osasun-zentroetako fatxadetan olanak jarriz; iep-etan eta autobusetako eta metroko markesinetan; prentsa idatzian eta digitalean, telebistan, irratian eta Sailaren web orrietan. Aurten, lehen aldiz, Euskadiko gizarte osora eta ez bakarrik arrisku-taldeetara heldu nahi izan da, kalean milaka liburuxka banatuz. Bertan, pertsona guztientzako —eta ez arrisku-taldeetakoentzako soilik— interesgarriak diren gripetik babesteko zein higiene-neurri har daitezkeen biltzen dituen oinarrizko informazio soila eskaintzen da. Mezu horiek ere irratitan, egunkaritan, osasun-zentrotan eta anbulatoriotan, Osakidetzaren eta Osasun Sailaren web orritan eta abar errepikatu dira.

Gainera, Osasun Sailak eta Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa-kanpainan parte hartzeak duen garrantziaz informatzeko eta kontzientziatzeko eskura dituzten baliabide guztiak ipini dituzte. Horien artean:

- Lehen arretan eta ospitalearen esparruan profesionalen osasun-kontseilua indartzea.

- Txertoa jarri nahi duenari modu erraz eta eskuragarri batean egin dezan laguntzea.

- Telefono, gutun edo Beti On laguntza-zerbitzuaren bitartez txertoa jartzeko beharraren inguruan informatzea eta gogoratzea.

- Anbulatorioetara eta osasun-zentroetara telefono-deietako itxaron-moduetan gripearen aurkako txertoa jartzeari buruzko mezuak eranstea.

- Kanpainaren irudia eta mezuak altako txostenetan, hitzordu-dokumentuetan, mezu elektronikoen behealdean eta zentroetan ditugun informazio-monitore guztietan jartzea.

- Haurdun dauden emakumeei bereziki azpimarratzea.

 

                                                                                                 Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 3a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko