Eu

Beatriz Artolazabal: “2017. urtea 8.626 langabe gutxiagorekin amaitu da”

2018.eko urtarrilak 03
  • “Abendua hil ona izan da, baina oraindik ere lanposturik gabe jarraitzen duten pertsonak eta familiak daude”
  • 2017ko abenduan 746 langabe gutxiago dago Euskal Autonomia Erkidegoan
  •  “Lan handia dugu aurretik, % 10etik beherako langabezia-tasako helburua lortzeko eta sortzen den enpleguak kalitate handiagoa izateko”

 

VG 2018 01 03

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, “azken hilean langabeziak izan duen beherakada onuragarriagoa izan da emakumeentzat, gazteentzat, Bizkaian bizi direnentzat eta LHko ikasketak dituzten pertsonentzat”. 2017ko abenduan 746 langabe gutxiago dago Euskal Autonomia Erkidegoan; guztira 127.547 langabe dira, eta beherakada % 0,6koa izan da.  “Oro har —aditzera eman du Beatriz Artolazabalek– hil ona izan da, baina oraindik ere lanposturik gabe jarraitzen duten pertsonak eta familiak daude. Lan handia dugu aurretik, % 10etik beherako langabezia-tasako helburua lortzeko eta sortzen den enpleguak kalitate handiagoa izateko. Dena dela, garrantzizkoena da langabeen kopurua murrizten jarraitzea. 2018. urterako, printzipioz, aurrerapauso handiagoak eta hobeak iragartzen dituzte enpresen, erakundeen eta eragile ekonomikoen diagnostikoek. Horrexegatik, eutsi behar diegu garatzen ditugun enplegu-politikei”.

 2017ko abenduan, langabe guztien % 28,3k dute langabezia-prestazioa jasotzeko eskubidea. Udako ohiko langabezia-prestazioa jasotzen duten langabeen ehunekoak gora egin zuen hezkuntza-sektoreko langileen langabeziaren ondorioz; orain, ordea, langabezia-tasak berriro egin du behera pertsona horiek haien lanpostuetara itzuli ahala.

  “Ez da erraza izaten hil honen balorazioa egitea. Edonola ere, krisialdiko datuekin eta krisialdiaren aurreko datuekin alderatzen badugu, hileko datua ona da. Urte haietan, langabeziak abenduan gora egiten zuen arren, azken urte hauetan, eta Eguberrietako kanpainen ondorioz, abenduan behera egiten du langabeziak. Oro har, hil ona izan da” erantsi du Artolazabalek.

 Urte arteko saldoan, 8.626 langabe gutxiago dago. Langabeziaren urte arteko beherako erritmoaren dezelerazio-joerak jarraitzen du.

 

Emakumeak hobeto

Abenduan, langabeziak behera egin du emakumeen artean eta gora egin du gizonen artean. Emakumeen artean % 2,18 egin du behera, eta gizonen artean % 1,49 egin du gora. Urteko tasari erreparatuta, gizonezkoen artean % 9 egin du behera langabeziak, eta emakumeen artean % 4,08 soilik. Gaur egun, langabeen % 55,51 emakumeak dira. Haatik, krisialdiaren hasieran, eta gizonezkoen langabeziak izan zuen portaera txarraren ondorioz, emakumezko eta gizonezko langabeen kopurua oso antzekoa izan zen. Krisialdiak eragin handiagoa izan zuen gizonengan, baina lehengoratzeko ahalmen handiagoa erakusten ari da gizonengan.

 Abenduan langabeziak behera egin du adin-tarte guztietan, 35-44 urteko tartean izan ezik. Beherakadarik handienak 16 urtetik 25 urtera bitarteko tartean izan dira. Urte arteko saldoan, lotura handia hautematen da langabeziaren beherakadaren eta enplegu-eskatzaile langabeen gaztetasunaren artean. Langabeen ia erdiek, % 49,3k, 44 urtetik gora dute, langabeen % 24 ez dira 35 urtera iristen, eta % 26,7 35 eta 44 urte artean daude.

 Abenduan, zerbitzu-sektorean 939 pertsona gutxiago dago langabezian, industrian 430 pertsona gehiago, eraikuntzan 106 pertsona gehiago eta lehen sektorean 33 gutxiago. Lan-esperientziarik ez dutenen artean 310 pertsona gutxiago dago langabezian. Kopuru erlatiboetan, eta joan den urteko egoerari dagokionez, nabarmentzen da asko jaitsi dela eraikuntzarekin lotzen den langabezia, % 15,4 jaitsi baita. Horrez gain, adierazgarriak dira langabeziak industrian izan duen jaitsiera (-% 8,1) eta lehen sektorean izan duen jaitsiera (-% 6,7).

 Azken hilabete honetan, langabeziaren jaitsiera nabarmena izan da txikizkako merkataritzan, 365 langabe gutxiagorekin. Beste jarduera hauetan ere adierazgarria izan da langabeziaren jaitsiera: eraikinetarako zerbitzuetan eta lorazaintza-jardueretan (-314), egoitza-establezimenduetako laguntzan (-255), administrazio publikoan (-142) eta osasun-jardueretan (-126). Aitzitik, langabeziak nabarmen egin du gora enpleguarekin (+702), hezkuntzarekin (+162) edo metalezko produktuen fabrikazioarekin (+144) lotzen diren jardueretan.

 Abenduan, luzaroko langabezia murriztu da (-887), eta iraupen laburrekoa hazi da (+141). Urteko erreferentziari erreparatuta, ikus daiteke luzaroko langabeen artean iraupen laburreko langabeen artean baino handiagoa dela murrizketa (luzaroko langabeen artean % 6,94ko murrizketa, eta iraupen laburrekoen artean % 5,65eko murrizketa). Susperraldi ekonomikoa ere aukerak ematen ari zaie langabe kronifikatuenei.

 Azken hilean, langabeziak Bizkaian egin du gehiago behera, % 1eko beherakadarekin, 763 langabe gutxiago. Araban % 0,6 jaitsi da, 129 langabe gutxiago, eta Gipuzkoan % 0,4 egin du gora, 146 langabe gehiago.

 Urteko saldoan, Gipuzkoari dagokio portaerarik onena % 8,1eko murrizketa erlatiboarekin; gero, Arabari % 6,7ko murrizketa erlatiboarekin, eta, azkenik, Bizkaiari % 5,4ko murrizketa erlatiboarekin. Gipuzkoan erregistratutako langabezia-tasa % 9,9ko da, eta Bizkaian eta Araban nabarmen handiagoa da, % 13,3 eta % 12,7 hurrenez hurren.

 Euskal hiriburuen artean, Bilbon jaitsi da gehien langabezia, 340 langabe gutxiagorekin; Donostian langabeen kopurua 121 txikiagoa da eta Gasteizen 75 txikiagoa. Langabezia nabarmen murriztu den eskualdeen artean daude Ezkerraldea (-397), Gobela  (-177) eta Enkarterriak (-81).

 Abenduan langabezia-tasa handiena izan duten udalerrien artean daude Oyón-Oion (% 22,8), Sestao (% 20,73), Karrantza Harana (% 17,57), Balmaseda (% 17,29) eta Alonsotegi (% 17,2).                                                                                                                                             

Kontratazioaren igoerari erreparatuta, jarduera hauek nabarmentzen dira: administrazio-jarduerak (+657); administrazio publikoa (+561) eta manufaktura-industriak (4.268). Era berean, igoera nabarmenak izan dira ostalaritzan (+2.719), merkataritzan (+2.320), jarduera zientifikoetan eta teknikoetan (1.402) eta osasun-jardueretan (+246). Bestalde,  jarduera hauetan jaitsi da kontratazioa gehien: ostalaritzan (-1.995), hezkuntzan (-1.311) eta manufaktura-industrian (-948).

 

 

 

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lanbideejgv
    2018.eko urtarrilak 05

    Comentario de Twitter:
    Beatriz Artolazabal: “el año 2017 se cierra con 8.626 personas desempleadas menos” https://t.co/QFbLKQhwSj https://t.co/9AchkRzfgl

  • @IkaslanEuskadi
    2018.eko urtarrilak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @lanbideejgv: Beatriz Artolazabal: “2017. urtea 8.626 langabe gutxiagorekin amaitu da” https://t.co/OqsMguE9NC @Irekia https://t.co/g2Wt

  • @lanbideejgv
    2018.eko urtarrilak 04

    Comentario de Twitter:
    Beatriz Artolazabal: “2017. urtea 8.626 langabe gutxiagorekin amaitu da” https://t.co/OqsMguE9NC @Irekia https://t.co/g2WtqG3SsN

Ekitaldiko kargudunak