Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “AHTrako bidaiarien eta salgaien tren-konexio mistoaren aldeko apustuari eusten dio Eusko Jaurlaritzak”

2017.eko abenduak 29

Urkullu Lehendakariari elkarrizeta egin diote Radio Euskadiko Boulevard saioan

Sustapen Ministerioak Burgosekiko AHT bidezko konexioari buruz iragarritakoaren gaineko kezka azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak, ez baitator bat hasiera batean planteatutakoarekin. Eusko Jaurlaritzak Euskal Y-rako bidaiarien eta salgaien tren-konexio mistoaren aldeko apustuari eusten dio, eta adierazi du “asko hitz egin behar dela oraindik”. Hala eman du aditzera lehendakariak gaur Radio Euskadiko Boulevard programan egindako elkarrizketan.

Honela mintzatu da lehendakaria, Iñigo de la Serna Sustapen ministroak etorkizunean Bilbao eta Madril lotuko dituen trenbide-tartearen aurkezpena egin, eta erabilera mistoa baztertzen zela jakin ondoren. Urkulluk ez du ezkutatu Eusko Jaurlaritzak planteamendu horien aurrean duen kezka, “Bilbaoko eta Pasaiako portuen eta Mesetaren arteko” konexioari ematen dion garrantziagatik, hain zuzen ere. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak “ez du gaia itxitzat jotzen”, eta hurrengo elkarrizketetan egoera hori bideratzea espero du. “Oraindik ere, asko hitz egin behar da Euskadiren eta Abiadura Handiko Trenaren trazaduraren konexioari buruz, eta zerbitzu mistoa eskaintzeko baliagarria izateari buruz”, erantsi du.

2017. urtea amaitzear dagoenean, lehendakariak urtearen balantze positiboa egin du. Aditzera eman du aurten “egonkortasuna eta konfiantza” nagusi izan dela, eta hala islatu dela inbertsioan eta hazkunde ekonomikoan. “Enplegu gehiago eta hobea” sortzea izango da, berriro ere, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat 2018. urterako. Ildo horretan, espero du Confebaskek aste honetan bertan egindako aurreikuspena betetzea, eta, hurrengo urtearen amaieran, langabezia-tasa % 8tik beherakoa izatea. “Ea horrela den, eta Euskadiko patronalaren itxaropenak bete daitezkeen, eta, gainera, sortzen den enplegua kalitatekoa den”.

Enpleguaren sorreraz gain, aste honetan bertan, euskal gizarteari egin zaion Eguberrietako ohiko harreran, lehendakariak aditzera eman du hezkuntza dela herri-erronka nagusietako bat, eta, hartara, Eusko Jaurlaritzak bikaintasunerantz aurrera egin nahi duela, oinarri “ona” duen hezkuntza-sistema abiapuntu izanik. Urkulluk eskola-elkarte osoaren —eta batez ere sindikatuen— “erantzukizuna” eskatu du, aldarrikapenak ikasgeletatik urruntzeko eta “hezkuntza-sistema hobetuko duen estrategia partekatua” planteatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzak gizarte-elkarrizketan aurrera egiteko duen konpromisoa berretsi du.

BLOKE POLITIKAREN AMAIERA

Berriki  Katalunian egin diren hauteskundeei buruz galdetuta, lehendakariak uste du “behar-beharrezkoa” dela “bizikidetzan normaltasuna” ahalbidetuko duen “barne-akordioa” lortzea. Ildo horretan “bloke-politikak” haustea eta alderdi politikoen artean “zubiak eraikitzea” eskatu du. Eta aldarrikapen hori Euskadira ere zabaldu du. Urkullu konbentzituta azaldu da Eusko Legebiltzarrean “ahalik eta adostasun handiena” lor daitekeela autogobernuko txostenean, eta, hartara, autogobernua eguneratzeko oinarriak finka daitezkeela.

Ildo horretan, Espainiako Gobernuari eskatu dio lehenbailehen has dadila eskualdatu gabe dauden transferentziei buruzko negoziazioa, betiere Eusko Legebiltzarrak agindutako txostenari jarraituta. “Estatutua osatzeko eskualdatu beharreko gaiei buruzko txostenaz jakitun izateko unea da; Eusko Jaurlaritzak etengabe du hori gogoan”, erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak