Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak 700.000 euroko inbertsioa egin du Galdakao-Usansolo ospitaleko eskaner berrian

2017.eko abenduak 28

Osasuneko sailburu Jon Darpónek gaur bisitatu du urtean batez beste 9.000 azterketa egingo dituen OTA berria

Azken belaunaldiko eskaner bat da, azkarragoa eta zehatzagoa, eta azterketa diagnostiko berriak irudi bidez egiteko aukera ematen du

Teknika modular berriei esker, bestalde, pazienteek jasotzen duten erradiazio-dosia gutxitu daiteke

 

Osasuneko sailburu Jon Darpónek eta Osakidetzako zuzendari nagusi María Jesús Múgicak gaur goizean bisitatu dute Galdakao-Usansolo Ospitaleko Erradiologia Zerbitzuan 64 koroako eskaner berria, eta haiekin batera izan da Osasun Arretako zuzendari Andoni Arcelay ere. Ekipo modernoagoa, azkarragoa eta zehatzagoa da, azterketa diagnostiko berriak irudi bidez egiteko aukera ematen du eta tratamendu zehatzagoak eta pertsonalizatuagoak egitea ahalbidetzen du. Eskanerra edo OTA (ordenagailu bidezko tomografia axiala) proba diagnostiko bat da, eta X izpien bidez organismoaren barruko irudi erradiografikoak ateratzen ditu zeharkako ebakiduretan, ebakidura sagitaletan eta koronaletan, bai eta 3D edo 4D irudiak ere.

Ekipo berri honekin jauzi kualitatibo bat emango da egin daitezkeen azterketen kalitatean, eta esparru horretan erabilgarri dauden baliabiderik onenen bermea eskainiko zaio pazienteari. Sailburuak azpimarratu du Bizkaian egindako inbertsio honekin beste urrats bat emango dela Eusko Jaurlaritzak bizkaitarren osasun-arretan bikaintasunaren alde egindako apustuan.  

Guztira 703.321 euroko inbertsioa eginda erosi den eskaner berri hori instalatu da irudi bidezko diagnosi-ekipoak etengabe berritu eta eguneratzeko Osakidetzak abian duen prozesuaren baitan, eta helburua da pazienteei ematen zaien arreta hobetzea irudiaren kalitate hobea eskainiz, azterketak azkarrago eginez eta probaren prozesua erosoagoa bihurtuz.

Ekipo berri honekin, batetik, azterketa erradiologiko berriak egin ahal izango dira, hala nola, perfusio-azterketak (kontrasteak ehunetan egiten duen bidea ikusteko proba), litiasien azterketa eta azterketa koronarioak. Metalezko materialak dituzten (protesiak) pazienteetan irudia ere hobetzen du eta 4D azterketa dinamikoak egiteko aukera ematen du. Denbora errealean hobetzen du 3D tekniken bidez gidatutako interbentzionismoa, lesioetan hobeto orientatuta egoteko eta arrisku-eremuak saihesteko.

Bestalde, ekipo zehatzagoa da, lesio txikiagoak hautematen baititu eta diagnostikoan zehatzagoa izateko aukera ematen baitu. Proba batzuetan, gainera, irudia estatikoagoa denez eta dosia modulatzeko teknikei esker, dosi ezberdinak administra daitezke aztergai den anatomiako eremuaren arabera. Eskaner honekin lesioen diagnostiko hobea egin daiteke paziente onkologikoetan, koloretako mapa eta azterketa konparatibo zehatzagoak egin baitaitezke.

Eskanerra egokitzeko lanari esker, gerta litezkeen erreakzio kaltegarriak azterketaren aurretik eta ondoren kontrolatzeko pazienteak zaintzeko gela bat ere egin ahal izan da, bai eta txostenak egiteko eta hezur eta muskuluen ekografia egiteko gelak ere.

 

2017ko mugarri garrantzitsuak Euskal Osasun Sistema Publikoan

 

Era berean, Osasuneko sailburuak Galdakao-Usansolo Ospitalera egin duen bisitan, Osakidetzako profesionalek urte osoan zehar egindako lana eta erakutsitako konpromisoa eskertzeaz gainera, 2017ko mugarririk garrantzitsuenak ekarri ditu gogora. Horrela, osasun-azpiegitura berrien arloan honakoak azpimarratu ditu:

- Aurten Urdulizko Ospitaleari eman zaion bultzada, eta aipatu ditu medikuntza-ospitalizazioko oheak, helduentzako eta haurrentzako larrialdi-zerbitzua, endoskopia  eta kirurgia handi anbulatorioko ebakuntza-gelak.    

-Txagorritxu AUHn Zerbitzu Orokorren eraikin berrian hasitako lanak, Santiago Ospitaleko helduentzako eta haurrentzako errehabilitazio-zerbitzuaren instalazio berriak eta larrialdiak handitzeko lanak, eta Lakuabizkarrako Osasun Zentroko errehabilitazioko igerileku berria. 

-Basurtuko Unibertsitate Ospitalean abian jarritako ebakuntza- eta suspertze-gelak (15 milioi euroko inbertsioa).

- Eta Kanpezuko eta Amurriko osasun-zentro berriak eta Laudioko anbulatorioko kontsulta eta zerbitzu berriak.

Goi-teknologiako erreminta berriak osasunaren zerbitzura jartzeari dagokionez, sailburuak gogora ekarri du AUOn estreinatu berria den Osateken Erresonantzia Magnetikoa eta Bilboko, Basurtuko eta Donostialdeko ESIetan instalatu diren bi OTA berriak. Sailburuak esan du horiekin eta Galdako-Usansolo Ospitalean instalatu berria den OTArekin nabarmen hobetuko dela pazienteei ematen zaien zerbitzua, eta, gainera, erreminta berriak eta hobeak jarriko direla Osakidetzako profesionalen eskura. Jon Darpón sailburuak gogoratu du, bestalde, Amancio Ortega Fundazioarekin lortutako akordioa, 14,7 milioi euro eman baitizkio Osakidetzari 5 azeleragailu lineal eta mamografo bat erosteko.

Euskal osasun-sistema publikoak aurten eman dituen beste aurrerapauso batzuk izan dira Ama Esnearen Bankua abian jarri izana ume goiztiarrak elikatzen laguntzeko; 2017-2021 aldirako Euskadiko Adikzioen VII. Plana; Itxarote zerrendak murrizteko plana, 40 milioi euro jaso dituena; “Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenak” proiektua; eta Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak onartutako 2017-2020 aldirako Lerro estrategiko soziosanitario berriak.

Urteko mugarri garrantzizkoenak aipatu dituenean, Jon Darpónek aipatu du e-Osabide historia klinikoa eta errezeta elektronikoa egoitza soziosanitario guztietara eta 3. adinekoen egoitza guztietara hedatu izanaren garrantzia, eta 18 urtetik beherako adingabeentzat glukosa neurtzeko gailu transdermikoak finantzatzeko Osakidetzaren zerbitzuen kartera zabaldu izana, eta esan behar da gailuak oso emaitza onak lortzen ari direla.

Osakidetzako langileen kudeaketaren arloan, sailburuak azpimarratu du ia amaitzear daudela 2014-15eko LEParen prozesuak, eta 1.014 plaza esleitu direla; onartuta dagoela 2016-17rako LEPa, 3.335 plazarekin eta lekualdatze-lehiaketa 3.004 plazarekin, eta aipatu du bietan akordioa lortu dela SATSE, SME eta UGT sindikatuekin, garrantzizko neurri horiei guztiei esker egonkortasun eta kalitate handiagoa emango zaionez Osakidetzan lan egiten duten langileen enpleguari.

Era berean, gogoratu du osasunaren arloko ikerketaren eta berrikuntzan esparruan Bioaraba eratu dela, Osasun Ikerketa Institutu gisa UPV/EHUrekin batera, eta Osakidetzak urtean zehar lortutako sariak ere aipatu ditu. Esku-hartzeari amaiera emateko, Jon Darpón sailburuak aipatu du Konstituzio Auzitegiak 114/2012 Dekretuaren artikuluak indargabetzeko emandako epaia, unibertsaltasunari eta koordainketa farmazeutikoari buruzkoa, eta esan du “hala eta guztiz ere Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo du gizarte-laguntzekin mediku-tratamenduekiko atxikidura sustatzeko, 2013tik egin duen moduan, eta aztertzen ari gara zer formularen bidez jarrai dezakegun osasun-laguntza ematen Euskadin bizi diren pertsona guztiei”.

 

Galdakao, 2017ko abenduak 28

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak