Eu

Erkoreka: “Euskal enpresaburuek datorren urtean langabezia-tasa % 8 azpitik kokatzen dute. Hori baieztatuko balitz albiste bikaina izango litzateke”

2017.eko abenduak 28

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua elkarrizketatu dute Onda Cero irratian

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Onda Cero irratian. Elkarrizketan, 2017. urtearen balantzea egin du eta hastear dagoen urteko erronkak ere aztertu ditu, “erakunde- eta aurrekontu-egonkortasunez” hasten den urtea. Eusko Jaurlaritzarentzat enpleguaren sorrerak izango du, oraindik ere, lehentasuna 2018. urtean; izatez, helburua da langabezia-tasa % 10etik behera kokatzea 2020. urtearen aurretik. Dena dela, aste honetan bertan, Confebask euskal patronalak iragarri du espero duela 2018. urtearen amaieran langabezia-tasa % 8 baino txikiagoa izatea. Hori baieztatuko balitz “albiste bikaina” izango litzateke bozeramailearen iritziz.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ixten ari den urtearen balantze positiboa egin du, finkatutako helburu ekonomikoak gainditu diren aldetik. Horrelaxe ondoriozta daiteke euskal patronalak argitara eman dituen kopuruetatik, betiere enpresek berek emandako informazioetan oinarrituta. “Panorama politikoan egonkortasuna da nagusi, adierazle ekonomikoak positiboak dira eta enpresaburuek berek hobetu dituzte aurreikuspenak”, eman du aditzera Erkorekak. Nolanahi ere, “nahikoa ez den” jakitun, Eusko Jaurlaritzak 2018an elkarlan horrekin jarraitzeko asmoa du, guztion ongia bilatzea helburu duen “auzolanaren” espiritutik eta bizikidetza erraztuko duen akordio integratzaile batean oinarrituta.

Bozeramailearen iritziz, akordio hori baliagarria izango da Gernikako Estatutuaren testua gainditzeko —37 arlotan bete gabe jarraitzen du—.Eusko Jaurlaritzak adierazi du “prest dagoela” emateke dauden transferentzien inguruko negoziazioari hasiera emateko, eta Gobernu zentralari bidali dio —Madrilen azter dezaten— transferitu beharreko gaien zerrenda biltzen duen Eusko Legebiltzarrak agindutako dokumentua. “Deia egin dugu bi erakundeen arteko akordioa lortzeko eta, hartara, Lege hori betetzeko”, erantsi du. 

Bozeramaleak, era berean, gobernu-akordioaren balantze positiboa egin du, “emaitza onak ematen ari da”.

BILBAO, HIRI SEGURUA

Duela egun batzuk Bilbaon gertatu zen Ibon Urrengoetxea zornotzarraren hilketagatik galdetuta, Erkorekak berriro ere deitoratu du gertatutakoa, eta adierazi du “gertakari puntuala” izan dela eta “ohiz kanpokoa izateagatik, hain zuen ere, utzi gaituela gu guztiok shock-ean”. Aditzera eman duenez, Euskadin, zorionez, segurtasun-sentsazioarekin bizi gaitezke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)