Eu

Iñaki Arriola sailburuak Euskadiko biodibertsitatearen inguruko II. argazki Lehiaketaren sariak banatu ditu

2017.eko abenduak 27

Iñaki Arriolak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, “Euskadiko biodibertsitatea Natura 2000 Sarean” II. Argazki Lehiaketaren lehenengo saria eman dio gaur goizean Bilbon Egoitz Ikazari Ispiluaren isla izeneko argazkiagatik; bertan, txirri arrunta izeneko txoria ikus daiteke Barbadun itsasadarraren uretan islatuta. Saria 700 eurokoa izan da.

 Bigarren saria, 500 eurokoa, Guillermo Gonzálezi eman zaio Gezi urdina izeneko argazkiagatik; argazkia Mungian dagoen (Bizkaia) Laukarizeko klub hipikoaren inguruan atera da eta martin arrantzale batek arrain txiki bat jaten duen unea hartzea lortu du.  Hirugarren saria, 300 eurokoa, Pablo Pérezi eman zaio Aintzira argazkiagatik, Arabako Errioxako paisaia bat islatzen duena.

 Sariak Ihobe sozietate publikoaren Bilboko egoitzan banatu dira ekitaldi sinple batean; horretan, Iñaki Arriolak honakoa nabarmendu du: “Euskadik fauna, flora eta paisaia aberastasun natural itzela dauka. Europako lurralde txiki bat izan arren, altxor natural handia daukagu gurean. Lehiaketa hau biodibertsitatea nabarmentzeko aukera paregabea da; izan ere, biodibertsitatea gure legatu kulturalaren parte garrantzitsua da eta ezagutzan, osasunean, aisialdian eta turismoan laguntzen du. Gainera, elikagaien, energiaren, lehengaien, airearen eta uraren iturria da; hortaz, funtsezkoa da balio horiek hedatzea”.

 Aurkeztutako 47 hautagaitzen artean aukeratutako argazki irabazleak eta bederatzi argazki finalistak Ihobe ingurumen-kudeaketako sozietate publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Ekoetxeekin elkarlanean argitaratutako 2018ko egutegian agertuko dira; hala, bi erakunde horien egoitzek banatuko dituzte egutegiak bisitarien artean.

 Lehiaketaren epaimahaia argazkilaritzaren eta komunikazioaren arloetako profesionalek osatu dute, baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza saileko eta Ihobe sozietate publikoko ordezkariek ere.

 Argazki lehiaketa honen helburua da, horren oinarrien arabera, “Euskal Autonomia Erkidegoko ondare naturala hedatzea eta nabarmentzea; izan ere, bertako lurraldea Europar Batasuneko lurralde osoaren % 1a da eta interes europarreko habitaten % 35 inguru hartzen du, fauna espezieen % 21a eta floraren % 2a”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak