Eu

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak 13,38 milioi euro zuzenduko ditu enpleguko, gazteen itzulerako eta zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratu eta laneratzeko programetarako

2017.eko abenduak 26
  • 4 milioi euro zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuetarako
  • Lanbidek txanda-kontraturako laguntzen deialdia egin du, eta 1.000.000 euro zuzenduko ditu horretarako
  • Milioi 1 euro desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko neurri gisa enplegu lagunduari lotutako jardunak garatzeko laguntzetarako
  • Gazte langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan praktiketan kontratatzeko laguntzak; milioi 1 euro
  • 35 urtetik gorako langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko laguntzak: 400 mila euro
  • Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak gazteen itzulerarako programa bultzatu du 1.770.000 euroko zenbatekoarekin
  • 4,2 milioi euro Lanbideren bitartez enplegu-zentro bereziei laguntzeko unitateak finantzatzeko

 

VG 17 12 26

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur goizean azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman die bere Sailaren hainbat ekimeni. Guztira, 13,38 milioi zuzenduko dira enpleguko, gazteen itzulerarako eta zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratu eta laneratzeko programetarako. Artolazabal sailburuak zehaztu duenez, 4 milioi euro zuzenduko dira zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratu eta laneratzeko proiektuetarako; Lanbidek txanda-kontraturako laguntzen deialdia egin du, 1.000.000 euroko zuzkidurarekin; milioi 1 euro zuzenduko dira desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko neurri gisa enplegu lagunduari lotutako jardunak garatzeko laguntzetarako; gazte langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan praktiketan kontratatzeko laguntzetara milioi 1 euro zuzenduko dira; 35 urtetik gorako langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko laguntzetara, berriz, 400 mila euro zuzenduko dira; gazteen itzulerarako programa 1.770.000 eurorekin bultzatuko da; eta 4,2 milioi euro zuzenduko dira Lanbideren bitartez enplegu-zentro bereziei laguntzeko unitateak finantzatzeko.

 

 Lanbidek txanda-kontraturako laguntzen deialdi berri bat jarri du abian, eta 1.000.000 euro bideratuko ditu 2018an horretarako

 Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal´ek proposatuta, 2017ko ekitaldiko txanda-kontraturako laguntzen deialdia –Lanbideren bitartez garatuko dena– onartu du Gobernu Kontseiluak. Euskal Enplegu Zerbitzuak 1.000.000 euro bideratuko ditu horretarako.

Eusko Jaurlaritzak enplegua bultzatzeko gaur onartu dituen neurrietako bat erretiro partziala hartzen duen langile bat 30 urtetik beherako beste batez ordeztea da, eta haren aplikazioa 2015eko urtarrilean Euskadiko Gizarte Elkarrizketako Hiruko Mahaiak plantillen gaztetzearen inguruan lortutako akordioaren ondorioa da.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 12.7 artikuluari jarraikiz txanda-kontratuak egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoek, ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek eskatu ahal izango dituzte, eta administrazio publikoak, erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko entitate publikoak eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten sektore publikoko gainerako entitateak salbuetsita geratuko dira.

Eskaerak aurkezteko epea erabaki honen ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2018ko urriaren 19ra arte iraungo du.

 

Milioi 1 euro desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko neurri gisa enplegu lagunduari lotutako jardunak garatzera zuzenduko diren laguntzen deialdirako

 Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eskatuta, desgaitasunen bat duten pertsonak ohiko lan-merkatuan txertatzeko neurri gisa enplegu lagunduari lotutako jardunak garatzera zuzenduko diren laguntzen 2018ko ekitaldirako deialdia –Lanbideren bitartez garatuko dena– onetsi du Gobernu Kontseiluak. Euskal Enplegu Zerbitzuak 1.000.000 euro bideratuko ditu horretarako. Deialdiaren xede diren diru-laguntzak EAEn finkatuta dauden eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta beste entitate batzuek eta enplegu-zentro berezi gisa kalifikatuta eta inskribatuta dauden zentroek eskatu ahal izango dituzte.

Eskaerak aurkezteko epea erabaki honen ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2018ko urtarrilaren 31ra arte iraungo du.

  35 urtetik gorako langabeak euskal enpresek kanpoan dituzten lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia

 Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eskatuta, 35 urtetik gorako langabeak euskal enpresek kanpoan dituzten lantokietan kontratatzeko 2018ko ekitaldirako deialdia –Lanbideren bitartez garatuko dena– onetsi du Gobernu Kontseiluak. Euskal Enplegu Zerbitzuak 400.000 euro bideratuko ditu horretarako.

 Deialdi horren xedea 35 urtetik gorako langabeak euskal enpresek kanpoan dituzten lantokietan eta beren kualifikazioarekin lotutako lanpostuetan kontratatzearen bidez lan-merkatuan txertatzeko aukera bultzatzea eta lanbide-esperientzia sendotzea da. Diru-laguntza horiek EAEn finkatuta dauden eta kanpoan lantokiak, enpresa partaidetuak edo enpresa talde bereko enpresak dituzten enpresa pribatuek edo publiko-pribatuek, kanpoan kokatutako enpresekin lankidetza-akordioak edo zerbitzuak emateko kontratuak dituzten enpresek eta kanpoan ezartzeko prozesuan sartuta eta behar bezala dokumentatuta eta justifikatuta dauden eta hainbat baldintza betetzen dituzten enpresek eskatu ahal izango dituzte.

 Eskaerak aurkezteko epea erabaki honen ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2018ko irailaren 20ra arte iraungo du.

  Gazte langabeak euskal enpresek kanpoan dituzten lantokietan praktiketan kontratatzeko laguntzen deialdia

 Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eskatuta, gazte langabeak euskal enpresek kanpoan dituzten lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia –Lanbideren bitartez garatuko dena– onetsi du Gobernu Kontseiluak. Euskal Enplegu Zerbitzuak 1.010.000 euro bideratuko ditu horretarako.  Laguntza horien helburua titulazioa edo kualifikazioa duten baina aldez aurreko lan-esperientziarik ez duten gazte langabeak EAEn finkatutako enpresen kanpoko lantokietan praktiketan kontratatzea da, haien etorkizuneko laneratzea bultzatzeko neurri gisa.

 Diru-laguntza horiek EAEn finkatuta dauden eta kanpoan lantokiak, enpresa partaidetuak edo enpresa talde bereko enpresak dituzten enpresa pribatuek edo publiko-pribatuek, kanpoan kokatutako enpresekin lankidetza-akordioak edo zerbitzuak emateko kontratuak dituzten enpresek eta kanpoan ezartzeko prozesuan sartuta eta behar bezala justifikatuta dauden eta hainbat baldintza betetzen dituzten enpresek eskatu ahal izango dituzte. Eskaerak aurkezteko epea erabaki honen ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2018ko irailaren 20ra arte iraungo du.

 

4 milioi euro zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako proiektu bereziak garatzeko laguntzen deialdirako

 Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eskatuta, Gobernu Bilerak abian jarri du lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona landunei eta langabeei zuzendutako proiektu berezien garapenerako 2018an Lanbidek eskainiko dituen laguntzen deialdia. Euskal Enplegu Zerbitzuak 4.000.000 euro bideratuko ditu horretara.  Diru-laguntzak proiektu bereziak finantzatzera bideratuko dira, eta proiektu berezitzat hartuko dira horietan parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna nabarmen hobetuko duten prestakuntza, orientazio edo enplegu jarduerak edo bestelako neurriak.

 Diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte: foru-aldundiek eta foru-sektore publikoak; EAEko udalek eta tokiko sektore publikoko entitateek; EAEko sektore publikoko entitateek; EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziek eta horiekin lotutako elkarteek; Lanbide Heziketako erakundeen dagokion erregistroan inskribatutako edo-eta akreditatutako irabazi-asmorik gabeko prestakuntza-erakunde pribatuek; Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dauden prestakuntza-erakunde publikoek; EAEn egoitza edo ordezkaritza duten entitateek, baldin eta horien merkataritza-jarduera xede sozial baten mende badago, lehentasunez, eta azken hamar urteetan bere irabazien % 70 xede sozial horiek lortzean inbertitu badute; eta zuzenbide publikoko partzuergoek. Eskaerak aurkezteko epea erabaki hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2018ko irailera arte egongo da zabalik.

 

Eusko Jaurlaritzak 1.770.000 eurorekin sustatuko du gazteen itzulerarako programa

 Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren akordioaren berri eman du Gobernu Bileran; akordio horren bidez, 2018. urterako gazteak itzultzeko laguntzen deialdia onetsi du, gazteak EAEko lan-zentroetan kontratatzeko.

Programa berri hori 2017aren amaieran sustatu zen, eta 2018an 1.770.000 euroko aurrekontua izango du. Programaren helburua da kalitatezko enplegua sustatzea beste herrialde edo autonomia-erkidego batean lanean ari diren 35 urtetik beherako gazteak Euskadira itzuli ahal izateko.

Programak 2017rako erabilitako formula aitzindaria errepikatzen du. Horrek esan nahi du datorren urterako laguntza-ildoa bikoitza izango dela: alde batetik, 35 urtetik beherakoak diren eta kanpoan gutxienez 12 hilabete lanean daramatzaten euskaldunak kontratatzen dituzten euskal enpresek diru-laguntza jasoko dute, soldataren zati bat ordaintzeko; bestetik, kontratatutako gazteek laguntza bat jaso ahalko dute, joan-etorrien gastuak ordaintzeko.

Enpresentzako laguntzak gutxienez urtebeteko iraupena duten kontratuetara bideratuko dira, eta plusak emango zaizkie kontratu mugagabeak sinatzen dituzten enpresei.

Eskakizunak

Laguntza horiek jaso ahal izateko, 35 urtetik beherakoak kontratatzen dituzten euskal enpresek (helbide soziala eta fiskala EAEn izan behar dute eta lan-zentroa Euskadin finkatuta) honako eskakizun hauek bete behar dituzte:

•              Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura izan. Euskadirekin lotura dutela ulertzen da honako eskakizun hauek betetzen dituzten pertsonek:

-              EAEn jaio izana.

-              EAEn administrazio-egoitza egiaztatzea, kanpora irten aurretik, behintzat bi urtez.

-              Ikasketak aurrez aurre EAEn egin izana eta bertan titulazio ofizialen bat eskuratu izana.

•              Atzerrian bizi izatea edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora, gutxienez lan-kontratua hasi aurreko 12 hilabetean.

•              Euskal Autonomia Erkidegoan lan egin ez izana, gutxienez lan-kontratua hasi aurreko 12 hilabetean.

•              Aurretik enpresa onuradun kontratatzailearekin edo enpresa-talde berari dagokion enpresaren batekin lan-harremanik eduki ez izana.

•              Eskainitako postua betetzeko lanbide-profil egokia izatea.

•              Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide- eta bizitegi-egonaldi konpromisoa eskuratzea, eta dagokion erroldan alta ematea, kontratua hasi eta lehen 30 egunean; hala mantendu beharko da, behintzat kontratuak iraun bitartean.

•              Euskal Autonomia Erkidegora itzultzeko borondatea adierazi izana eta enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea Enplegu Zerbitzu Publikoan. Urrats hori lan-kontratua zehaztu aurretik eman daiteke.

•              Langabezian egotea kontratua formalizatzeko unean.

•              Honako talderen batean egotea, egindako ikasketen edo titulazioaren arabera:

-              Unibertsitate-titulazioa:

-              Unibertsitateaz kanpoko titulazioa:

            Goi Mailako Heziketa Zikloa (LHII)

            Erdi Mailako Heziketa Zikloa (LHI) edo Oinarrizko Lanbide Heziketa.

            Profesionaltasun-egiaztagiria.

-              Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

-              Ikasketarik gabea.

•              Gazteen Itzulera Programako parte-hartzailea izatea kontratazioaren aurretik, jarraian adierazitako paragrafoan ezarritako baldintzetan.

 

Formalizazioa

Eskabideak http://www.lanbide.net orrian dagoen eredu ofizialaren bidez aurkeztu beharko dira.

Eskabideak aurkezpen-hurrenkeraren arabera aztertuko dira eta hurrenkera berean onetsiko dira deialdian aurreikusitako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztenak, harik eta funtsak agortu arte.

Gazteak kontratatzeko diru-laguntza eskatzeko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2018ko irailaren 20an amaitu. Joan-etorrietarako gastuen diru-laguntza eskatzeko epea, kasu bakoitzean, lan-kontratua formalizatu eta biharamunean hasiko da eta 2018ko azaroaren 10ean amaitu.

 

4,2 milioi euro enplegu zentro berezietako jarduera babesteko unitateak finantzatzeko lanbideren laguntza deialdirako

 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eskatuta, Gobernu Bilerak abian jarri du Enplegu Zentro Berezietako Jarduera Profesionala Babesteko Unitateak 2018an finantzatzeko Lanbidek eskaintzen dituen laguntzen  deialdia. Euskal Enplegu Zerbitzuak 4.200.000 euro bideratuko ditu horretara. Diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte erroldan langile desgaituak (bereziki, desgaitasun mota dela eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dauzkatenak) eta Babes Unitateak dituzten Enplegu Zentro Bereziek.  Eskaerak aurkezteko epea erabaki hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hilabetekoa izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak