Eu

Eusko Jaurlaritzak helduen euskalduntzean bi ikertzaile gaitzeko beka-deialdi bat onartu du (Gobernu Bilera 2017-12-26)

2017.eko abenduak 26

Hizkuntzaren didaktika aplikatuan formazioa jasoko dute eta 20 hilabetez izango dira lanean

Eusko Jaurlaritzak 66.800 euro onartu ditu bere gaurko saioan helduen euskalduntzean bi ikertzaile gaitzeko, beka-deialdi baten bitartez. Ekimen honen helburua da hizkuntzaren didaktika aplikatuaren metodologiagintzan aditu gisako prestakuntza eskaintzea. Helduen euskalduntze eta berreuskalduntzerako HABE erakundean arituko dira bekadunak, 20 hilabetez bere Donostiako egoitzan egonik. 

HABEren egitekoen baitan dago helduei euskara irakasteko metodologiagintzaren eremuan ikerlana sustatzea eta bere helburuak lortzeko irakasbide eta tresna egokiak bilatzea izanik, jakintza-esparru horretan ikertzaileak gaitzeko bi bekatarako deialdia egin du. Ikerketa-eremu berriak zabaldu eta landu nahi ditu HABEk, eta, zehazki, helduen euskalduntzearen curriculumgintzan zein ebaluazio-egiaztatzegintzan adituak prestatzeko aukera eskainiko da. 

Deialdi honetara aurkeztu nahi dutenek honako baldintza nagusiak bete beharko dituzte: batetik, unibertsitateko goi mailako titulazioa edukitzea, batez ere pedagogia, hizkuntzalaritza edo filologia eta soziologia arlotakoa; bestetik, gutxienez, euskararen C1 ezagutza-maila egiaztatua izatea. Bekaren xedearekin estuki lotuta dagoen bestelako ikastaro, argitalpen edo lan-eskarmentu merezimendu bezala baloratuko da, deialdia xedatzen duen ebazpenean zehaztutako irizpideen arabera. Eskariak aurkezteko epemuga 2018ko urtarrilaren 29a da. Eskabideak aurkezteko modua eta deialdi honen xehetasun eta jakingarri guztiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpenean daude jasota.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko