Eu

Eusko Jaurlaritzak zuzeneko zazpi diru-laguntza onartu ditu, 319.600 eurokoak guztira, Araban kultura bultzatzeko (Gobernu Bilera 2017-12-26)

2017.eko abenduak 26

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bideo-jokoaren esparrua indartuko du eta Gasteizko film office-aren lana lagunduko du

Eusko Jaurlaritzak gaurko bilkuran zuzeneko zazpi diru-laguntza onartu ditu, aurtengo aurrekontuetan Araban kultura bultzatzeko asmoz sartu zen 500.000 euroko zuzenketa betetzera bideratuak. Proposamen honen helburua da kulturari eta sormenari lotutako hainbat esparru garatzea, lau ildo estrategikotan zatitzen diren dozena bat proiekturen bitartez: Arabako sormen-errealitateari eta kulturari buruzko azterketa egitea; lurraldearen ehun kulturalari eta sortzaileari sostengu ematea; kultura-jakintzaren transferentzia bultzatzea; eta, azkenik, berrikuntza garatzeko espazio eta materialetan inbertsioak egitea. 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak joan den azaroaren 10ean aurkeztu zuen akordio hori, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin batera. Partida horren jatorria 2017ko aurrekontu-negoziazioan dago, eta gaur onartutako laguntzen bitartez guztira gauzatuko diren 500.000 euroetatik 319.600 euro bideratu dira. Zuzenketaren helburua kultura bultzatzea bazen ere Araban indar berezia eginez, Eusko Jaurlaritzak erabaki du partida oso-osorik bideratzea lurralde historiko horretara eta horren kulturara. 

Hauek dira gaur onartutako laguntzak: 

  • 35.000 euro Arrakala kolektiboarentzat, Anezka proiektua bultzatzeko.
  • 35.000 euro Azala elkartearentzat, ‘Mugimendu-arkeologia, airea hondeatzen’ proiektua finantzatzeko.
  • 15.000 euro Ilustradores de Euskadi-Euskal Irudigileak elkarte profesionalarentzat, Irudika Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionala finantzatzeko.
  • 149.600 euro Basque Games elkartearentzat, Araba Games proiektua finantzatzeko.
  • 35.000 euro Garaion Naturartea elkartearentzat, Arabartean Espazioa ekimena elkarrekin finantzatzeko.
  • 10.000 euro Ortzai Antzerki Laborategia elkartearentzat, Global Art Project proiektua elkarrekin finantzatzeko.
  • 40.000 euro Gasteizko Udalarentzat, Film Office zerbitzu publikoaren garapena bultzatzen jarraitzeko eta bere lana Arabako lurralde osora heda dezan ahalbidetzeko.

Akordioa aurkeztu zenean azaldu zen moduan, helburua da Araban kulturari beste bultzada bat ematea, eta hori lortzeko lan sakona egin dute elkarrekin Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak, interesgarrienak izan zitezkeen ekimenak identifikatzeko. Kultura-sektore estrategikoetan eta jarraitutasuna izango duten apustuetan lan egingo da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko