Aurten 39 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan eta kaleetan, iaz baino zazpi gutxiago
Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak 2017ko ezbehar-kopuruaren eta “Don’t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” programa hezitzailearen balantzea egin du
Euskadin behera egiten jarraitzen du trafiko-istripuen ondorioz hildakoen kopuruak.Behin-behineko datuen arabera, eta urtea amaitzeko egun batzuk falta direnean, 39 pertsona hil dira, 2016an baino zazpi gutxiago, iaz 46 hildako izan baitziren.Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur aurkeztu du heriotzen balantzea Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, Bilbon.Prentsaurreko berean ikasleentzat joan den irailean abian jarritako "Don’t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” programa ibiltariaren laburpena ere egin du.
Aurten hogeita hemeretzi pertsona (28 gizonezko eta 11 emakumezko) hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan eta kaleetan izandako trafiko-istripuen ondorioz.39 pertsona horietatik 23 gidariak ziren (7 motor-gidariak eta 16 auto-gidariak edo bestelako ibilgailuetako gidariak), 9 bidaiariak (1 motorrekoa eta 8 autoetakoak) eta 7 oinezkoak.
Lurralde Historikoen araberako banaketari dagokionez, 22 pertsona hil dira Gipuzkoan, 9 Araban eta 8 Bizkaian. Gogora ekarri behar da Gipuzkoan izandako hiru istriputan 7 pertsona hil zirela (2 Usurbilen, 3 Azkoitian eta 2 Behobian), eta Araban, zehazki Agurainen, izandako beste istripu batean ere 2 pertsona hil ziren.
Istripuen kopuruari buruzko datuak behin-behinekoak diren arren –urtea oraindik ez da amaitu–, zifrek beheranzko joera erakusten dute. Abenduaren 27ra arte 7.547 istripu erregistratu ziren, eta 2016an, berriz, urtea 8.125 istripurekin amaitu zen.
“Urtetik urtera behera egiten du hildakoen kopuruak.2000. urtean 218 pertsona hil ziren Euskadin izandako trafiko-istripuetan.Egungo egoera oso bestelakoa da. 18 urtetan % 82 egin du behera heriotzen kopuruak. Hala eta guztiz ere, erne jarraitu behar dugu eta ez gara autokonplazentziara mugatu behar.Hausnarketarako datu bat da –esan du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak– segurtasun-uhala lotuta eraman behar zuten arren lotuta ez zeramaten hildakoen ehunekoa % 20,8koa izan dela. Ekintza sinple horrek, ibilgailua abian jarri aurretik uhala lotzeak, alegia, bizia salba diezaguke”.
2016an berrogeita sei pertsona hil ziren (41 gizonezko eta 5 emakumezko) Euskadiko errepideetan eta kaleetan. Berrogeita sei pertsona horietatik 31 gidariak ziren (1 bizikleta-gidaria,11 motor-gidariak eta 19 auto-gidariak edo bestelako ibilgailuetako gidariak), 10 oinezkoak eta 5 bidaiariak (1 motorrekoa eta 4 autoetakoak). Lurralde Historikoen araberako banaketari dagokionez, 21 pertsona hil ziren Bizkaian, 16 Gipuzkoan eta 9 Araban.
2017an iaz baino gidari eta oinezko gutxiago hil dira, baina bidaiari gehiago –iaz 5 eta aurten 9–.
Istripuan hildakoek gidatzen zuten ibilgailu-motari dagokionez, aurten ez da txirrindularirik hil –nahiz eta 77k izan dituzten zauri larriak–, eta behera egin du hildako motor-gidarien kopuruak ere (2016an 11 eta 2017an 7).
Datu horiek Ertzaintzak zein udaltzaingoek erregistratutako istripuei dagozkie, eta hiri-bideetan eta hiri arteko bideetan trafiko-istripuetan izandako hildakoak ere hartzen dira barnean.
“Don’t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” ekimenaren laburpena
Prentsaurrekoan 2017an abian jarritako “Don`t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” sentsibilizazio-programaren balantzea ere egin du Sonia Díaz de Corcuerak.
Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako programa ibiltariak 9 udalerri (Agurain, Amurrio, Durango, Galdakao, Gernika, Ermua, Irun, Zarautz eta Eibar) bisitatu ditu irailaren 22tik gaur arte. Guztira 14 saio egin dira, eta horietan 30 ikastetxetako 3.751 ikaslek, 150 irakaslek eta 84 gonbidatuk hartu dute parte. Parte-hartzaileak oso pozik geratu dira, bertan jasotako ebaluazio-inkestetan ikusten den moduan.
“Don´t be Dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” programa berritzaile eta elkarreragilea da, eta trafiko-istripuen arrazoiak eta ondorioak azaltzea eta horiei aurrea hartzeko sentsibilizazio-aholkuak ematea du helburu.
Pertsonaia birtual eta elkarreragile batek, Dummy batek, alegia (automobilgintzako enpresak modelo berrietan segurtasun-probak egiteko erabiltzen duten panpinak), bideratzen ditu trafiko-istripuen biktima izan diren pertsonen edo horien senitartekoen lekukotasunak, eta horretarako, Stop Accidentes Elkartearen eta Bizkarrezur Muineko Lesioak Ikertzeko Elkartearen (AESLEME) laguntza izaten da. Istripuek sortzen dituzten larrialdi-egoeretan parte hartzen duten pertsonen (ertzainen, udaltzainen, Osakidetzako langileen, suhiltzaileen eta salbamenduko langileen, larrialdietarako teknikarien, …) bizipenen kontakizunak ere jasotzen dira ekitaldian. Lekukotasunekin tartekatzen diren bideoetan heriotza ekar dezaketen trafiko-istripuak eragiten dituzten egoera arriskutsuak azaltzen dira, hala nola, gehiegizko abiadura, alkohola eta/droga kontsumoa, pertsona batek, gidatzen ari den bitartean, mugikorra edo bestelako tresna elektronikoak erabiltzea edo trafiko-seinaleak ez errespetatzea.
Honako estekan ikus daiteke orain arte egindako saioak laburbiltzen dituen bideoa: https://youtu.be/Pq6-x-GC1Xs
Sentsibilizazio-programa horixe bera izango da Urte Zahar gauean ETBn emango den azkeneko iragarkiaren gaia. Trafiko Zuzendaritzaren webgunean ere izango da ikusgai.