Eu

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko 2017-2020 Plan Estrategiko berriari oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzak

2017.eko abenduak 26
  • Gaur onetsi da Gobernu Kontseiluan Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Plan Estrategikoa (TMKPE 2017-2020), Sailak planteatzen dituen helburuak eta ekintzak zehazten dituena.
  • Plan Estrategikoak hiru helburu nagusi ditu. Turismoaren eremuan, Euskadi sendotzea kalitateko helmuga gisa, euskal gizarteari eta sektoreari aberastasuna eta oparotasuna emango dizkiena, eta turismo iraunkorraren ikuspegitik betiere.
  • Merkataritzaren eremuan, euskal merkataritza modernoa, lehiakorra, integratua eta berritzailea bultzatzea, Euskadiko herrietan eta hirietan kohesio soziala eta urbanoa bultzatuko dituena.
  • Kontsumobidek, bere aldetik, prestakuntza eta informazioa bultzatzen ditu, kontsumoaren eremuan gatazkak prebenitzeko, gutxitzeko eta ebazteko tresna bilakatzeaz gainera.
  • TMKPE 2017-2020k 17 ardatz estrategiko hartzen ditu, hiru eremuetan eta 214 ekintza zehatzetan egituratuak.

 

Gobernu Kontseiluak gaur goizean eman dio bere oniritzia Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Plan Estrategikoa 2017-2020ri. Dokumentuan sail bakoitzeko lan-gidalerroak, programak eta aurrekontu-zuzkidurak zehazten dira, Euskadiko Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa sustatzera bideratuak.

Plana Eusko Jaurlaritzak giza garapen iraunkorrarekin hartua duen konpromisoaren barruan kokatzen da, eta enplegua, ekonomiaren susperraldia eta iraunkortasuna hartzen ditu erreferentziatzat.

2016az geroztik Euskal Turismoan eragina duen araugintza-esparru berria, ostatu-irudi berriak edo, merkataritzaren eremuan, merkataritza elektronikoaren gero eta pisu handiagoa ikusita, beharrezkotzat jotzen zen sailetako helburu estrategikoak berrikustea. Plan honek biltzen dituen ekintzetako asko hasiak dira garatzen 2017an zehar, besteren artean, Eudelekin sinatutako akordioa erabilera turistikoko etxebizitzen inguruan edo, sustapen sektorialeko elementuak, horien artean 10+ merkataritza-bonua, erabateko indarraldian dagoena.

 

JARDUTE-ARDATZAK

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Plan Estrategikoa 2017-2020 17 jardute-ardatz estrategikoren inguruan egituratzen da:

 

Turismoa

 

1.- Aparteko eskaintza turistiko bat sendotzearen alde apustu egitea, turistaren bizi-ziklo osoan zehar.

 

2.- Marketin berritzaile eta eraginkor bat hedatzea, xedetzat hartutako merkatuetan eskari handiagoa sortzeko helburuz.

 

3.- Mekanismoak garatzea turista izan dadin ekonomiaren eta gizartearen aurrerabidearen, aberastasunaren, eta enpleguaren eta bizitzaren kalitatearen eragileetako bat.

 

4.- Euskadiko turismoaren garapenaren printzipio gidari gisa iraunkortasuna ezartzea eta hazkunde-eredu iraunkor eta arduratsu baten alde apustu egitea.

 

5.- Euskal turismoaren industrian lehiakortasuna sustatzea eskaintza dibertsifikatu bat egiteko.

 

6.- Gune turistikoen eta baliabideen erabilera antolatzeko eta planifikatzeko tresna egokiak abian jartzea.

 

7.- Kudeaketa- eta gobernantza-sistema berri bat sortzea, informazioan, gardentasunean eta konfiantzan oinarritua, koordinazio handiagoa sustatuko duena euskal administrazioko maila desberdinen eta sektorean jarduerak garatzen dituzten eragileen eta herritarren artean.

 

Merkataritza

 

1.- Sektorea modernizatzea lehiakortasunean arian-arian hobetzeko.

 

2.- Sektoreko enpresen lehiakortasuna bultzatzea, kudeaketa-estandarren hobekuntza orokorraren, digitalizazioaren, merkatuan diren kanal guztiak integratzearen eta prestakuntzaren bitartez.

 

3.- Hiri-inguruneetako merkataritzaren kudeaketan sakontzea.

 

4.- Merkataritzako politiken eraginkortasuna hobetzea eta horretarako politika horien diseinuan, aplikazioan eta jarraipenean lidergo publikoa indartzea; eta xede hori lortzeko eskueran dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak sendotzea eta optimizatzea.

 

Kontsumoa

 

1. Informazioa eta prestakuntza. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak orientatu, prestatu eta informatzeko mekanismoak garatzea, dituzten eskubideen eta eskubide horiek erabiltzeko moduen inguruan.

 

2. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzea. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak gehiago errespetatu daitezen sustatzea, kontsumoko ikuskaritzaren eta alerta-kudeaketaren bitartez, baita kontsumitzaileen elkarteen jardueren bitartez ere.

 

3. Kontsumoaren bitartekaritza eta arbitrajea sustatzea, kontsumoaren eremuan gertatzen diren gatazkak bizkor, eraginkortasunez eta egokiro prebenituz eta ebatziz, eta gatazka horien ebazpen boluntarioa eta euskal kontsumoaren arbitraje-sistemaren garapena erraztuz.

 

4. Lankidetza eta elkarlana bultzatzea funtsezko erakundeekin: Eusko Jaurlaritzako beste sail eta erakunde batzuekin, Administrazioekin, Autonomia Erkidegoekin, Europako beste eskualde batzuekin, udalerriekin, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteekin eta abar, batera jarduteko programak garatuz.

 

5. Etengabeko hobekuntza eta berrikuntza. Kontsumobideko sailen eta zerbitzuen arteko komunikazioa hobetzeko foroak ezartzea.

 

6. Nabaritasuna eta proiekzioa kanpoaldera. Kontsumobideren ezagutza eta irudia bultzatzea erabiltzaileen eta eragileen artean.

 

PARTAIDETZA ETA GARDENTASUNA

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Plan Estrategikoa 2017-2020 diseinatzeko partaidetzazko prozesu bat ireki da inplikatutako eragile ekonomikoen ekarpenak jasotzeko helburuz, baita beste instituzio batzuenak (Foru Aldundiak eta Udalak) eta beste eragile batzuenak ere, herritarrek ekarpenak egiteko gune ireki bat eskaintzeaz gain.

Parte hartzeko ekintzen artean nabarmentzekoak dira: online galdeketak, elkarrizketa pertsonalak, lan-saioak eta lan-taldeak, online parte hartzeko webgune bat 900 telefono baten laguntzaz, eragile instituzionalen eta sektorialen ekarpenak biltzen dituena, baita herritarren informaziorako eta partaidetzarako atal bat ere, publikoa eta irekia.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko