Eu

Euskaltzaindiak bat egin du Euskaraldia proiektuarekin eta horretan parte hartzeko deia egin du, ekimenaren sustatzaileetako bat den Eusko Jaurlaritzarekin batera

2017.eko abenduak 22

Euskaltzaindiak bat egin du Euskaraldia proiektuarekin eta horretan parte hartzeko deia egin du urteko azken osoko bilkuran. Ekitaldian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Estibaliz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendaria izan dira, Eusko Jaurlaritza proiektu honen sustatzaileetako bat baita.

Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta Topaguneakoak ere izan dira ekitaldian. Horretan Bingen Zupiria sailburuak euskararen inguruko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du: “Euskaraldiak batu egingo gaitu 2018an eta 2019an zehar. Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatuko dugun garai bertsuan anbizio handiko proiektu hau izango dugu martxan euskararen lurralde osoan, hizkuntza-ohituretan eragiteko eta erabilerari bultzada bat emateko asmoz. Euskaltzaindiarekin batera, gure herriko instituzio nagusiak izango gara ekimen honetan: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa, aldundiak eta udal nagusiak. Era askotako eragileen babesa ere izango du proiektuak, eta euskalgintza protagonista izango da honen garapenean. Euskaltzaindiak euskararen inguruan beti aldarrikatu izan duen batasuna erakusteko aukera paregabea izango dugu”.

Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskaraldian parte hartzeko deia egin die herritarrei, baina bestelako ñabardura garrantzitsuak ere aipatu ditu: “Eskatuko diet jatorriz euskaldun direnei, aktiba daitezela berehala, egunero; baina, horrezaz gain -eta hau garrantzitsua da- abegikor eta ulerkor porta daitezela euskararen mundura etengabe hurreratzen diren horiekin, euren burua euskalduntzeko asmotan baitatoz eta beraiek baitira euskararen etorkizuna. Eta eskatuko nieke euskaldunei, baita, euskara batuarekin batzuetan agertzen duten mesfidantza baztertzeko; batuak, beste gauza askoren artean, euskaldunon arteko komunikazioa bermatzen duelako Euskal Herri zabalean, ez inkomunikazioa -batzuk tarteka adierazten duten legez-, batua ere geure egin behar dugulako baldin eta euskarak irautea nahi badugu, herrialdeetako euskarak ere aho mihietan ditugula”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak