Eu

Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioetako sozietate publikoak Matxalen Lauzirika Jauregi izendatu du Itelazpiko zuzendari nagusi

2017.eko abenduak 22
  • Matxalen Lauzirika Jauregi profesional kualifikatua da, eta ospe handia lortu du bere karrera profesionalean, eremu publikoan zein pribatuan
  • Zuzenduko duen sozietate publikoa herrialdearen egituratzailea da, eta funtsezkoa euskal administrazio publikoen komunikazio kritiko guztien (suhiltzaileak, polizia, anbulantziak, EITB eta abar) seinalea garraiatzeko.
  • Itelazpi sozietateko zuzendari berria Euskadi “Smart Country” izateko lanean ari den Eusko Jaurlaritzaren zeharkako taldean txertatu da

Itelazpi sozietatearen Administrazio Kontseiluak Matxalen Lauzirika Jauregi izendatu du, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioetako sozietate publikoko zuzendari nagusi. Zuzenbideko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean eta Erromako Universitá degli Studi di Roma La Sapienza izenekoan. Konkurtso Zuzenbideko goi-mailako ikastaro bat egin du Bizkaiko Abokatuen Bazkun Ohoretsuan eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV), eta Giza Eskubideetan Aditua izateko ikastaro bat Deustuko Unibertsitatean, Comercial-Business School izenekoan eta Enpresa Zuzendaritzako Nazioarteko Institutuan. Gainera, Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketako Master bat egin du ESIC enpresa eskolan, eta gaur egun, Administrazio Publikoetako Zuzenbideko Master bat egiten ari da Rey Juan Carlos Unibertsitatean.

Itelazpiko zuzendari berria giza eskubideetako arduraduna izan da Transformados del Nervión SAM enpresan, eta esperientzia dauka konkurtso-administratzaile gisa. 1995etik 2015era bitarte, abokatu gisa jardun zuen Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen elkargoetan, eta enpresen aholkulari juridikoa izan da hainbat sektoretan (hala nola, makina-erremintan, automozioan eta eraikuntzan), baita aholkulari juridikoa ere Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailaren Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren Idazkaritza Teknikoan (azken bi ekitaldietan). 

Matxalen Lauzirika Jauregik euskaraz, ingelesez, frantsesez eta italieraz hitz egiten du.

ITELAZPI

Itelazpi S.A Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioetako sozietate  publikoa da. Sozietatearen lana oinarrizkoa da Euskadi egituratzeko, eta funtsezkoa Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan irrati eta telebistako seinaleak garraiatu eta zabaltzeko. Eusko Jaurlaritzak euskal administrazio publikoen zerbitzurako komunikazio kritikoetarako TETRA (Trans European Trunked Radio) sare bat zabaldu eta garatzeko agindu zion sozietate publiko horri.

Sozietateak azpiegitura egonkorrak ditu mendian, eta aterpe edo housing motako zerbitzua eskaintzen du mota orotako operadoreentzat: telefonia, telebista eta irrati publiko eta pribatua, anbulantziak, suhiltzaileak, larrialdiak eta abar. Euskadiko mendietan dauden instalazio guztiek ahalmen handiko seinalea garraiatzeko zerbitzua ematen dute, eta gainera, ingurumena erabat errespetatuta ezartzen dira.

Itelazpi, beste pertsona eta erakunde publiko batzuekin batera (hala nola, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea (EJIE SA), Euskadi “Smart Country” izateko lanean ari den Eusko Jaurlaritzaren zeharkako talde baten parte da.

AURREKONTUA

2018an, hainbat iturritatik lortutako diru-sarrerei esker, 18 milioi euro inguruko aurrekontua kudeatuko duItelazpik. Bere bezero nagusia, euskal administrazio publikoez gain, EITB komunikazio-taldea da.

ESKER ONA

Matxalen Lauzirika Jauregik, lau urtetan, Itelazpiko zuzendari nagusia izan den Juan José Bañosen lekua hartu du. Eusko Jaurlaritzak haren lana eskertu nahi du, eta Juan José Bañosek sozietate publiko garrantzitsu horretako zuzendari-lanetan agertu duen profesionaltasun handia azpimarratu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak