Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariaren nahia da ETAren mehatxupean kalera ateratzen den ertzainen azken promozioa izatea gaur ospatutakoa

2010.eko abenduak 20

Ertzaintzaren XXII. Promozioaren egiaztagiriak emateko ekitaldia

Ertzaintzak Arkauten dituen instalakuntzetan ospatu dute gaur Ertzaintzaren XXII. Promozioaren egiaztagiriak emateko ekitaldia. Ekitaldian egon dira Lehendakaria, Patxi Lpez, eta Barne sailburua, Rodolfo Ares. Lehendakariaren itxaropena da laster ertzainek uniformeak etxe barruan sikatzeari uztea eta kanpoan eseki ahal izatea, bakezko eta askatasunezko Euskadi berri baten aire freskoan. Hori egiten duzuenean, senti zaitezte Ertzaintzaren taldeko partaide izateaz harro, inoiz ahaztuko ez ditugun zuen kideek terrorismoaren aurka egindako sakrifizioaz harro, egunero gizarte honen zerbitzura egoteagatik sentituko duzuen harrotasun berberarekin, gu zuekin harro gauden bezalaxe, gehitu du.

Ekitaldia Lehendakaria barrutira heldu denean hasi da. Patxi Lopezek ertzain berrien formazioa ikuskatu du; aurreko hogeita bat promozioetako estandarteak zituen alboetan agente berrien taldeak. Jarraian, Patxi Lopez tribunan sartu da eta, bertatik, Ertzaintzaren musika bandak jotako Euskadiko himnoa entzun du.

Elena Moreno Akademiako zuzendariak ongietorria egin die bertaratutakoei hitzaldi labur baten bidez eta, ondoren, kredentzialak banatu dizkiete ertzain berriei. Lehendakariak eta Herrizaingo sailburuak promozioko lehen hamabi agenteei zuzenean eman dizkiete kredentzialak eta zoriondu dituzte; beste hogeita hamar bat agentek, berriz, euren senitartekoen eskutik jaso dituzte; hain zuzen, aurreko promoziotako ertzainak diren euren gurasoek, anai-arrebek edota ezkonlagunek eman dizkiete.

Kredentzialen banaketa amaitu ostean, Lehendakariak eskerrak eman dizkie agente berriei, eta, ondoren, Ertzaintzaren himnoa jo dute. Azkenean, Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendariak ongietorria egin die agente berriei. Ekitaldia, ohi bezala, ikasle-ohiek txapela airera botata amaitu da.

Ertzaintzan sartu ostean, XXII. promozioko agenteek urte beteko praktikaldia egin beharko dute. Praktika horiek egokitu zaizkien EAEko ertzain-etxe eta unitateetan egin beharko dituzte eta, amaitzen dutenean, karrerako polizia-funtzionarioak izango dira, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

290 ertzain berri (247 gizon eta 43 emakume) horiekin, Ertzaintzaren plantilla bere zifra ofizialera (8.000) hurbiltzen da; 2011ko irailean helduko da kopuru horretara, hurrengo promozioa lanean hasten denean, alegia. Halaber, XXII. promozioak EAEko Poliziaren plantilla gaztetuko du; gaur egun, 50 urtetik gorako agente asko daude. Halaber, EAEko Polizian lan egiten duten emakumeen ehunekoa handituko du; ertzainen % 10 baino apur bat gehiago dira emakumeak.

XXII. promozioak Ertzaintzaren plantilla etengabe berritzeko joera bati hasiera eman dio, promozio berriak denbora tarte txikiagotan deitzeko prozesu baten bidez; modu horretan, urtero gutxienez ertzain-talde berri bat lanean hasiko da, Ertzaintzan une oro 8.000 agente egon daitezen. Joera horri, Ares sailburuak Legebiltzarrean aurkeztu berri duen Ertzaintza Modernizatu eta Berrantolatzeklo Planeko aurreikuspenak gehitu behar zaizkio; besteak beste, herritarren segurtasunerako lanak betetzeko ertzain-etxeetan eta EAEko kaleetan agente kopurua handitzea du helburu planak.

 

Iruzkin bat
  • @txorittikia
    2010.eko abenduak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: El Lehendakari desea que ésta sea la última promoción de ertzainas "que sale a la calle bajo la amenaza de ETA". http://bit.ly/fX3pSb

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)