Eu

DEC 2017 Indizeak “bikain” kalifikazioa eman dio Euskadiri gizarte-zerbitzuen prestazioen arloan

2017.eko abenduak 22
  • Puntuazio hori lortu duen Autonomia Erkidego bakarra da
  • Indizea Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkarteak baloratzen du; sektorean ospe eta errekonozimendu handia duen erakunde pribatua da.
  • Gizarte-zerbitzuen tokiko sareak profesional bat dauka 1.943 biztanleko, eta Estatuko batezbestekoa, berriz, 2.436 biztanleko bat da.
  • Mendekotasunaren estaldurari dagokionez, 2016. urtean besteen mendeko biztanleria potentzialaren % 8,6k jaso zuen laguntza Euskadin, eta 2017an, berriz, % 10,6k (Estatuko batezbestekoa % 8,5 da).
  •  “Euskadi gizarteratzeko gutxieneko errenten hedaduragatik nabarmentzen da batez ere. Izan ere, pobrezia-mugaren azpitik dauden biztanleen % 77,5ek jaso dituzte (Estatuko batez bestekoa % 8,7 da)”.
  • Hartzaile bakoitzeko batez besteko zenbatekoa Euskadiko batez besteko errentaren % 16,11 da (% 12,14 Estatu osoan).
  • Euskadin, babes-agindua duten 100 emakumeko 80,9 harrera-plaza daude, eta Estatuan, berriz, 14,7 plaza batez beste.
  • Etxerik gabeko pertsonentzako ostatu-plazak 135,7 dira 100.000 biztanleko, eta Estatuko batezbestekoa 38,77 da.

 

VG 17 12 22

DEC 2017 Indizeak bikain kalifikazioa eman dio Euskadiri gizarte-zerbitzuen kudeaketa eta prestazioaren arloan, eta puntuazio hori lortu duen autonomia-erkidego bakarra izan da.   Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkarteko presidente José Manuel Ramírez Navarrok aurkeztu du DEC 2017 Indizea prentsaurreko batean. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek adierazi duenez, “positiboa da errekonozimendua, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta udalek egiten dugun ahaleginaren adierazgarri, etengabe ari baikara lanean gizarte-ongizatearen arlo honetan, oraindik lan handia geratzen bada ere”.

  “Oso garrantzitsua da gizarte-zerbitzuak komunikabideen agendan txertatzea, eta, berriz ere, Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak lortu egin du. Autonomia-erkidego guztietan erreportaje osoak egin dituen EFE Agentziaren lana azpimarratu nahi dugu batetik, eta emaitzen mapa argitaratu zuen El País egunkariaren erreportajea bestetik.  Nolanahi ere, eskerrak eman behar dizkiegu interesa agertu duten kazetari guztiei”, adierazi du Ramírezek.

 Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkarteko presidenteak azaldu duenez, konparazio-datuak zundatu eta biltzeko lana “diru-laguntza publiko edo pribaturik jasotzen ez dugun profesional konprometitu batzuen ekarpen altruista eta solidario baten bidez egiten da”.

 Aztertutako datu batzuen arabera, “Euskadin pobrezia-mugaren azpitik daudenen % 77,5ek jasotzen dituzte gizarteratzeko gutxieneko errentak; Murtzian, berriz, ehuneko hori % 2,2ra baino ez da iristen”.  Halaber, Euskadin “etxerik gabeko pertsonentzako 135,7 ostatu-plaza daude 100.000 biztanleko. Extremaduran, berriz, 15,44”.

  “2016. urtean, Euskadik 611,8 euro inbertitu zituen biztanle bakoitzeko gizarte-zerbitzuetan, eta Nafarroak 600,37 euro. Erregimen komuneko autonomia-erkidego batzuetan, 400 eurotik gora inbertitu ziren (Extremaduran, Errioxan eta Kantabrian), eta Murtzian eta Valentzian, berriz, 262,39 eta 251,16 euro, hurrenez hurren”, dio azterlanak.

 José Manuel Ramírezek adierazitakoaren arabera, DEC 2017 Indizearen emaitzek agerian utzi dute “Estatuko gizarte-zerbitzuen bilakaera positiboa izan dela azken bi urteetan, autonomia-erkidegoetako gobernu berriek emandako bultzadaren ondorioz. Gainera:

  • Asistentzialismora eta erakundeen limosnara itzultzeko arriskuak ikusi dira, kalitateko gizarte-zerbitzuen kalterako.
  • Berriz ere, Euskadik eta Gaztela eta Leonek dute kalifikaziorik onena gizarte-zerbitzuen arloan.
  • Kanariek eta Valentziako Erkidegoak izan dituzte orain arte gizarte-zerbitzurik okerrenak, eta berdin sailkatuta jarraitzen badute ere, oso hobekuntza esanguratsuak egin dituzte.
  •  Autonomia-erkidego gehienek bilakaera positiboa izan dute, baina beste batzuetan (hala nola Madrilen), gizarte-zerbitzuek okerrera egin dute.
  •  Katalunian, joera orokorraren aurka, administrazio publikoek gizarte-zerbitzuetan egindako gastuak behera egin du 2013. urteaz geroztik; urte horretan, arlo horretan egindako murrizketek behea jo zuten Estatu osoan”.

 Autonomia-erkidego batzuen eta besteen arteko desberdintasuna

Ramírezek gaineratu duenez, “2017. urtean desberdintasunak oro har murriztu badira ere, lurraldeen arteko desberdintasun handiak daudela egiaztatu da, eta oso handiak dira prestazio eta zerbitzuen estalduraren adierazle gehienetan; hona hemen adibide batzuk:

  • Zenbait autonomia-erkidegotan (Andaluzian, Euskadin, Murtzian, Gaztela eta Leonen eta Errioxan), besteen mendeko biztanleria potentzialaren % 10ek baino gehiagok jasotzen dute Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren laguntza. Beste batzuetan, berriz, ehuneko hori erdia baino txikiagoa da, hau da, % 5 baino txikiagoa (Kanarietan eta Valentziako Erkidegoan).
  • Gaztela eta Leonen, Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren laguntzak jasotzeko eskubidea aitortuta dutenen % 1,4 baino ez daude laguntza horiek jasotzeko zain. Kanarietan, berriz, ehuneko hori % 41,8ra iristen da.
  •  Euskadin pobrezia-mugaren azpitik daudenen % 77,5ek jasotzen dituzte gizarteratzeko gutxieneko errentak; Murtzian, berriz, ehuneko hori % 2,2ra baino ez da iristen.
  •  Extremaduran, finantzaketa publikoko 4,5 egoitza-plaza daude 65 urtetik gorako 100 pertsonako. Galizian, berriz, 1,08 plaza baino ez.
  •  Euskadin, etxerik gabeko pertsonentzako 135,7 ostatu-plaza daude 100.000 biztanleko. Extremaduran, berriz, 15,44”.

Azterlanaren egileen arabera, “estaldura-desberdintasun handi horien jatorria administrazio publikoek (autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek) lurralde bakoitzean gizarte-zerbitzuen arloan egiten duten gastuan agertzen den desberdintasun handia eta antolamendu-alderdi jakin batzuk dira:

 2016. urtean, Euskadik 611,8 euro inbertitu zituen biztanle bakoitzeko gizarte-zerbitzuetan, eta Nafarroak 600,37 euro. Erregimen komuneko autonomia-erkidego batzuetan, 400 eurotik gora inbertitu ziren (Extremaduran, Errioxan eta Kantabrian), eta Murtziako eta Valentziako Erkidegoetan, berriz, 262,39 eta 251,16 euro, hurrenez hurren.

  • Extremaduran, Autonomia Erkidegoak eta toki-erakundeek gizarte-zerbitzuen arloan egindako gastua eskualdeko BPGaren % 2,737 da, hau da, Madrilgo Erkidegoko ehunekoaren hirukoitza (% 0,944 Madrilen).
  • Euskal administrazioek (Autonomia Erkidegoko, Foru Aldundietako eta udaletako administrazioek) 2014. urtean gizarte-zerbitzuetan egindako gastua administrazio horien gastu osoaren % 10,05 izan zen. Valentziako Erkidegoan, berriz, gastu hori % 5,79ra baino ez zen iritsi”.

"Gehiago gastatzea, besterik gabe, ez da gauzak hobeto egitea: tokiko egituraketa eta deszentralizazioa erabakigarriak dira sistemaren efizientziarako”, adierazi dute azterlanaren egileek.

 Azterlanak gaineratu duenez, “DEC 2017 Indizearen aplikazioak berretsi egin du gizarte-zerbitzuen garapena ez dagoela soilik administrazio publikoek egiten duten ahalegin handiago edo txikiagoari lotuta. Gasturik handiena egin duten lurralde guztiak (autonomia-erkidegoak zein udalak) ez dira prestazio- eta zerbitzu-eskaintzarik onena dutenak”.

 “Gastuaren efizientziaren gakoetako bat toki-administrazioetako zerbitzuen deszentralizazio-maila da. Ratiorik txikieneko lurraldeak (eskaintzen duten estaldurarako gastu handiegia egin dutenak) gizarte-zerbitzuen kudeaketan eta emakidan tokiko parte-hartze txikia izan dutenak dira. Extremaduran, Asturiasen eta Kantabrian, estaldura-indizeak txikiak izan dira (3,4-4,0) egin duten ahalegin ekonomiko handirako (7,7-9,7)”, dio azterlanaren laburpenak.

  “Bistakoa da autonomia-erkidego horiek udalei bizkar emanez eman dituztela beren zerbitzuak, eta, horren ondorioz, gainjartzeak, itzalguneak eta hutsegiteak gertatu dira. Beste muturrean, gizarte-zerbitzuen kudeaketan udalei protagonismo handia eman dieten lurralde batzuek (hala nola Andaluziak eta Gaztela eta Leonek) estaldura hobea eskaintzen dute egindako ahalegin ekonomikorako”, interpretatu du Ramírezek.

 Balio hobea

Aurten ere, Euskadi izan da Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoaren garapenean baloraziorik onena lortu duen autonomia-erkidegoa, eta Bikain kalifikazio globala jaso du. Eskubideen eta sistemaren antolamenduaren arloan, Euskadik kalifikazioari eutsi dio, herritarren eskubideak bermatzen dituen Lege bati eta eskubide horiek garatzen dituen Katalogo bati esker.

 Txostenaren arabera, “halaber, plangintza estrategiko bat dauka, eta mendekotasunaren arreta gizarte-zerbitzuen sisteman txertatuta dago, Foru Aldundien eta udalerrien inplikazioarekin eta protagonismoarekin. Hori guztia dela eta, Bikaintasuna lortu du Indizearen atal honetan”.

 Datu horien arabera, “2016. urtean, euskal administrazio publikoek gehitu egin dute zertxobait gizarte-zerbitzuei lotutako inbertsioa aurreko urtearekin alderatuta eta administrazio publikoen gastuaren guztizkoarekiko; Autonomia Erkidegoko BPGarekiko proportzioa, berriz, murriztu egin da: - Biztanleko eta urteko gastua: 610,92 euro 2014an eta 611,8 euro 2016an (Estatuko batezbestekoa: 339,69 euro) - Administrazio publikoek gizarte-zerbitzuetan egindako inbertsioaren ehunekoa eskualdeko BPGarekiko: % 2,09 2014an eta % 1,92 2016an (Estatuko batez bestekoa: % 1,42) – Administrazio publikoek gizarte-zerbitzuetan egindako inbertsioaren ehunekoa guztizko aurrekontuarekiko: % 10,05 2014an eta % 10,29 2016an (Estatuko batezbestekoa: % 9,06)“.

 Prestazio eta zerbitzuen estaldurari dagokionez, “Euskadi Estatuko batezbestekoaren oso gainetik dago prestazio eta zerbitzu gehienetan; haietako zenbaitetan, gainera, desberdintasuna bereziki nabarmena da:

  • Gizarte-zerbitzuen tokiko sareak profesional bat dauka 1.943 biztanleko, eta Estatuko batezbestekoa, berriz, 2.436 biztanleko bat da.
  • Mendekotasunaren estaldurari dagokionez, Euskadiko besteen mendeko biztanleria potentzialaren % 8,6k jaso zuen laguntza 2016an, eta %  10,6k 2017an (Estatuko  batezbestekoa % 8,5 da). Laguntzen zain zeuden mendekoak, berriz, % 29,9 izan ziren 2016an, eta % 19,6ra murriztu dira 2017an (Estatuko batezbestekoa % 26,2 da).
  • Euskadi gizarteratzeko gutxieneko errenten hedaduragatik nabarmentzen da batez ere. Izan ere, pobrezia-mugaren azpitik dauden biztanleen % 77,5ek jaso dituzte (Estatuko batez bestekoa % 8,7 da). Era berean, hartzaile bakoitzeko batez besteko zenbatekoa Euskadiko batez besteko errentaren % 16,11 da (% 12,14 Espainia osoan).
  • Euskadin, babes-agindua duten 100 emakumeko 80,9 harrera-plaza daude, eta Estatuan, berriz, 14,7 plaza batez beste.
  • Gainera, etxerik gabeko pertsonentzako ostatu-plazak 135,7 dira 100.000 biztanleko; Estatuko batezbestekoa nabarmen txikiagoa da (38,77).

 

Webgunea

http://www.directoressociales.com/documentos/indices-dec.html

http://www.directoressociales.com/plugins/content/fb_tw_plus1/linkcmp.png] http://www.directoressociales.com/documentos/indices-dec.html

 

DEC indizeak - directoressociales.com

http://www.directoressociales.com/documentos/indices-dec. html

www.directoressociales.com 

http://www.directoressociales.com

@Ascdiresociales

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak