Hezkuntza Saila Hezkuntza Bereziko eta Sukalde eta Garbiketako langileen ordezkariekin elkartu da Negoziazio Mahaietan
Hezkuntza Saila eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateaz arduratzen diren profesionalen ordezkari sindikalak Negoziazio Mahaian elkartu dira gaur arratsaldez, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan.
Hezkuntza Sailak, kidego honetarako eta legealdi honetan zehar 260 plaza inguruko EPE bat (Enplegu Publikorako Eskaintza) deitzeko aukera eskaini du bileran (bide juridiko guztiak jorratuz). Plaza kopuru honek egungo behin-betikotasuna 30 puntuan jaistea lekarke. Bestalde, kidego honetako 50 plaza dekretu bidez erregulatzeko aukera ere mahairatu zaie sindikatuei. Plaza horiek 2017 honetan dekretuz onartu diren beste 122 plazei gehitzen zaizkie. Honela, plaza horiek guztiak plantila estrukturaleko bihurtu eta etorkizuneko EPEtan eskaini ahal izango dira.
Kidego honentzako Gizarte Funtsa eratzea ere proposatu du Hezkuntza sailak, era honetan kidego hau gainerakoekin berdinduz. Horrez gain, fisioterapeuten, terapeuta okupazionalen eta gizarte-langileen soldata maisu-maistrenekin parekatzea ere proposatu zaie.
Era berean, ordezkapen zerrendak irekitzea –eta hauek irekita mantentzea-, eta 37,5 orduko lan-astea ezartzea ere Sailaren proposamenak izan dira.
Sukaldea eta garbiketa
Aurrez, sukalde eta garbiketako langileen Negoziazio Mahaia ere elkartu da gaur goizez. Hezkuntza Sailak Prestakuntza Plan Integrala eskaini du sukalde nahiz garbiketako langileentzat, honako arlo hauetan: sukaldeko dieta berrien inguruan, prestakuntza higieniko eta sanitarioa, edo lan arriskuen prebentzioan (psikosoziala, ergonomia). Euskalduntzeko liberazio kopurua bikoiztea, eta legealdi honetan EPE bat egiteko aukera aztertzea ere proposatu ditu Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordetzak.
Baina Hezkuntza Sailak kidego honekiko mahai gainean ipini dituen konpromisoen artean hauek ere badaude: ikastetxe bakoitzean dagoen dieta mota desberdintasuna aintzat hartzea, pertsonal premiak modulatzeko (sukaldeko langileei dagokionez), eta gutxienik 30 plaza erregulatzea, formalki langileen zerrendan sartuta, eta horrela horiek ere plantila estrukturaleko eginez.
Hezkuntza Sailak proposatu duen neurri-sortak hobekuntza esanguratsua dakar gorago aipaturiko kidegoen lan-baldintzetara, eta egonkortasuna ere esan nahi du plantilla horietarako.
Gaurko bi negoziazio mahaietan, datorren urtarrilean bilerei eustea adostu da, neurriak zehazten eta aurrera egiten jarraitzeko.