Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 2017. urtearen balantze positiboa egin du, Gobernu Programaren lau zutabe nagusiei dagokienez

2017.eko abenduak 26

Erkoreka bozeramalearen iritziz, Kataluniako hauteskundeen ondoren, "ez dute balio" iraganean erabakitako formulek, eta beharrezkoa da "elkarrizketa bidezko konponbide politikoa"

2017. urtea amaitzear dagoenean, Eusko Jaurlaritzak urtearen balantze positiboa egin du, Gobernu Programan jasotako lau lan-ardatz nagusiei dagokienez: ekonomia suspertzea; funtsezko gizarte-zerbitzuei eustea; bizikidetza eta giza eskubideak; eta autogobernua. Hala adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak, urteko azken Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoan.

Bozeramaleak adierazi duenez, 2018ra begira, lanpostuak sortzea izango da, berriro ere,  Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna, eta, ildo horretan, Exekutiboak enplegua suspertzeko zazpi programa onartu du gaur. Programa horiek Lanbideren bitartez kudeatuko dira. Zehazki, 13 milioi euro bideratuko da hiru kolektiboren kontratazioa sustatzera: dibertsitate funtzionala duten pertsonak, lan-merkatura sartzen diren gazteak eta enplegagarritasunerako zailtasunak dituzten pertsonak. Bozeramaileak adierazi du helburua dela langabezia-tasa % 10etik behera kokatzea 2020 baino lehen.

Hedabideek Felipe VI.a Espainiako Erregearen mezuari buruz galdetuta, Erkorekak ez du balorazio ofizialik egin nahi izan, baina aditzera eman du “adostasunerako borondatea” izango duen elkarrizketa irekitzeko garaia dela, betiereaitortutaestatuaren plurinazionalitatea eta lurralde-antolamenduaren arloko gatazka baten existentzia. Horrek estatuaren egitura berrikustea eskatuko du. “Espero dezagun Gorteetan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak kontziente izatea eta aurrean dugun erronkaren neurrian egotea”, erantsi du. 

Era berean, Kataluniako hauteskundeen emaitzei buruz galdetu zaionean, Erkorekak aditzera eman du, bozken banaketari dagokionez, hauteskundeek antzeko agertokia utzi dutela, baina partaidetza handiagoarekin. Horrek agerian utzi du behar-beharrezkoa dela “elkarrizketa bidezko konponbide politikoa” eta, egoera horri erantzuteko, “ez dutela balio” iraganean erabakitako formula berek. Hartara, Eusko Jaurlaritzak berretsi du gizartean errotuta dagoen gatazka politiko bati konponbide politikoa eman behar zaiola. “Negoziazioa errealismoz egin behar da, aurretiazko baldintzarik gabe eta akordioa lortzeko borondatez”, gaineratu du.

2017-12-26 gai zerrenda 

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)