Eu

Familiaren Euskal Kontseiluak “Familien eta haurren aldeko Euskal Ituna” onetsi du

2017.eko abenduak 20
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu du.
  • Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, Eudelek, Haurreskolak Partzuergoak, Emakundek eta gizarte-eragileek landutako Estrategia batean oinarrituta sortu da.
  • Beatriz Artolazabal: “familien eta haurren inguruko politikek ekintza-ildo eraginkor bat garatzea da helburua”.

VG 17 12 20

Familiaren Euskal Kontseiluak “Familien eta haurren aldeko Euskal Ituna” onetsi du gaur goizean aho batez. Ituna Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak landu du, eta Eusko Jaurlaritzaren hainbat sailen, Emakunderen, Foru Aldundien, Eudelen, Haurreskolak Partzuergoaren eta hainbat gizarte-eragileren ekarpenekin landutako Estrategia batean oinarrituta sortu da. Beatriz Artolazabal sailburuaren arabera, “familien eta haurren inguruko politikek Europar Batasunarekin bat etorriko den ekintza-ildo eraginkor bat garatzea da helburua”.

 Artolazabalek adierazi duenez, “Legegintzaldi honetan, “Familietan eta haurtzaroan inbertitzeko estrategia” bat landu dugu hainbat erakundek eta inplikatutako hainbat gizarte-eragilek. Dokumentu horrek, nolanahi ere, joan den legegintzaldiaren amaieran egindako lan bat zuen oinarri. Lan horretan, erakundeek eta gizarte-eragileek ez ezik, adituek, unibertsitateko irakasleek eta familiari eta haurtzaroari lotutako politiken inguruko ikertzaileek hartu zuten parte. Dokumentua hainbat forotan aurkeztu da, hala nola Familiaren Euskal Kontseiluan, Elkarrizketa Zibilerako Mahaian eta Gizarte Elkarrizketako Mahaian”.

  “Familien eta Haurren aldeko Euskal Ituna” Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei eta Haurrei Laguntzeko Erakunde arteko IV. Planaren bitartez ezarriko da aurki.

  “Eusko Jaurlaritzak konpromisoa dauka familien eta haurren aldeko itun bat lortzeko, eta eragile guztiekin landutako Estrategia hori izan da oinarria ildorik garrantzitsuenak ateratzeko eta gaur Familiaren Euskal Kontseiluak (guztiok osatzen dugunak) izenpetu duen eta aurki Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Eudelek izenpetuko duten Familien eta Haurren aldeko Euskal Ituna proposatzeko”, gaineratu du Artolazabal sailburuak.

 Familiaren Euskal Kontseiluak, halaber, seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak arautzen dituen martxoaren 17ko 30/2015 Dekretua aldatzen duen Dekretuaren proiektuari buruzko txosten bat –aginduzkoa eta ez-loteslea– igorri du gaur. Dekretuaren proiektu horrek bi urtetik hirura zabaltzen ditu bigarren seme edo alabagatiko laguntzak. Beatriz Artolazabalek adierazi duenez, “era horretan, Gobernu Programan jasota zegoen konpromiso bat bete dugu, eta aldaketa hori baliatu dugu hobekuntza batzuk sartzeko”.

 Gaur goizean Lakuan egindako topaketan, ordezkari sozialez eta erakundeen ordezkariez gain, Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak eta Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendari Ernesto Sainz Lancharesek hartu dute parte.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Marian Olabarrieta