Berriak Herrizaingoa
Eu

Negua ohi baino hotzagoa eta lehorragoa izango da Euskadin, Euskalmeten arabera

2010.eko abenduak 17

Negua ohi baino hotzagoa eta lehorragoa izango dela aurrikusi du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak, bere azken txostenean jasotzen denez.

Datu horien arabera, abenduaren 22an, 00:38an, hasiko da ofizialki negua Euskadin. Urtaro horretan, hilabete hotzak eta lehor samarrak izango dira nagusi eta, baliteke, martxoan prezipitazio gehiago egitea.
Euskalmetek bere ohiko iturrietan (Ipar Amerikako eta Britainia Handiko Meteorologia Zerbitzuak) oinarrituta egindako interpretazioaren arabera, urtarrilean hotza ekarriko duten aire-masa lehor samarrak helduko dira Europatik.
Prezipitazio asko egingo ez duen arren, elurra egin lezake kota baxuetan; are gehiago, elurte handiagoak eragin lezakeen aire hotz polarra sar litekeela ere aurreikusi dute.
Euskal Meteorologia Agentziak egindako txostenak jasotzen duenez, baliteke egun antiziklonikoak ere nagusitzea eta, hortaz, eguraldi egonkorra izatea, baina tenperatura baxuekin eta izozteekin leku gehienetan.
Otsailean, egonkortasuna nagusitu liteke, egoera antiziklonikoen eraginez. Izozteak izango dira eta, baliteke, aire hotza sartzea.
Martxoan, eguraldia aldakorra izango da eta egoerak ezegonkortzera egin lezake.
 
Iragarpena, epe ertainera: ez dira elurte handirik espero gabonetarako
 
Euskalmeten ustez, datozen egunotan, baliteke zirkulazio zonala nagusitzea latitude baxu samarretan, Britainiar uharteen eta Iberiar penintsularen artean; bertan, depresioak zabalduko dira mendebaldetik, ekialdera.
Egoera horrekin, tenperatuak aste honetakoak baino gozoagoak izango dira EAEn.
Halere, baliteke datorren astearen erdialdera depresio batek Iberiar penintsula zeharkatzea, EAEtik gertu, eta prezipitazioak eta haize-bolada handiak ekartzea.
Zirkulazio zonala urte amaiera arte luzatu liteke eta, ziur asko, gabonetan ez da aire hotzik sartuko eta ez du elur askorik egingo. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko