JAURLARITZAK 2,5ERA IGO DU 2018RAKO AURREIKUSITAKO EUSKAL EKONOMIAREN HAZKUNTZA
PRENTSA OHARRA
JAURLARITZAK 2,5ERA IGO DU 2018RAKO AURREIKUSITAKO EUSKAL EKONOMIAREN HAZKUNTZA
- Hiruhileko honetako BPGd-aren urte arteko aldakuntza % 3,0n kokatu da
- Barne-eskaria % 3,1 hazi da eta kapital-eraketa gordina nabarmendu da % 3,9 gehituz
- % 3,1, % 2,7 eta % 3,0ko hazkuntzen bitartez, zerbitzuen, industriaren eta eraikuntzaren urte arteko aldakuntza-tasak homogeneizatu egiten dira
- Eraikuntzak % 3,0ko hazkuntza erregistratu du, 2007. urtearen parekoa
- Azken hamabi hilabeteetan 20.000 lanpostu sortu dira, lanaldi osoko 937.000 enplegu baliokideak gaindituz eta 2011ko mailara itzuliz
Ogasun eta Ekonomia Sailak 2017ko hirugarren hiruhileko EAEko ekonomiaren hiruhilabetekaria argitaratu du. Bertan, Euskadiko ekonomiaren 2018rako hazkunde-aurreikuspena BPGd-aren % 2,5eraino handitu da. Halaber, 2017rako aurreikuspenak bere horretan jarraitzen du, % 2,9ko hazkundearekin. Enpleguari dagokionean, txotenean azpimarratu da enplegu garbia sortzen jarraituko dela, 2017an % 2,0ko tasarekin eta 2018an % 1,7koarekin; hortaz, 18.700 eta 15.600 lanpostu sortuko dira, hurrenez hurren.
BPGd-aren urte arteko aldakuntza % 3,0an kokatu zen 2017ko hirugarren hiruhilekoan. Hortaz, egonkortze-bideari jarraipena eman zaio, bi urtez jarraian (2015 eta 2016) % 3,1 eta 2017an % 2,9 haziz, lehen hiru hiruhilekoen batez bestekoa kontuan hartuta. Erritmoaren egonkortasun hori oro har Espainiako ekonomian emandakoaren antzekoa da (% 3,1 hirugarren hiruhilekoan), eta inguruko ekonomia nagusietan lortutako emaitza onez baliatzen da, Europar Batasunak %2,6ra arte hobetu baitu bere hazkundea.
Eskariari dagokionean, sendotasuna barne-merkatuak ematen jarraitzen du. Alde batetik, esportazioek nabarmen areagotu dute hazkundea —% 3,7ko urte artekoa jasoz—, aurreko datuen oso gainetik; eta iradokitzen dute helburu merkatuen hobekuntza EAEko produktuak bultzatzen ari dela. Bestetik, EAEko ekonomiaren berezko bizitasunak inportazioak % 3,9 igoarazi zituen. Barne-eskaria % 3,1 hazi da, hots, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago.
Bestalde, kontsumo pribatua % 3,0 hazi zen, eta jada hiru urte baino gehixeago daramatza tasa horren antzeko erritmoan edo pixka bat azkarrago hazten. Kapital-eraketa gordina % 3,9 hazi da, ekipamendurako ondasunetan % 4,5 inbertituz. Bertan, moteltze arin bat antzeman daiteke.
Hirugarren hiruhilekoan, eraikuntzaren arloa % 3,0 hazi da, 2007. urtearen pareko hazkunde-erritmoan. Era berean, industriak %2,7ko urte arteko gehikuntza eskuratu du, bigarren hiruhilekoaren datua lau hamarrenetan gaindituz. Manufakturek zein energiak hazkunde-erritmo garrantzitsuak izan dituzte. Zerbitzuek modu egonkorrean handitu dute euren balio erantsi gordina, % 3,1eko tasa lortuz. Gehikuntza horren buru, berriro ere, merkataritza, ostalaritza eta garraioa egon dira, % 3,8ko gehikuntzarekin.
BPGd-aren bilakaera onaren ondorioz, 2017ko hirugarren hiruhilekoan enpleguaren urte arteko gehikuntza % 2,1ekoa izan da. Beraz, lanaldi osoko lanpostu baliokideen kopuruak 937.000 enpleguen langa gainditu zuen sei urte beranduago. Azken hamabi hilabeteetan 20.000 lanpostu garbi inguru sortu dira, horietatik 15.000 inguru zerbitzutan.
EAEko ekonomiaren hedatzeak ez du oraindik tentsiorik sortu prezioen bilakaeran. Zehatzago adierazita, BPGd-aren deflatorea % 1,0ean kokatu zen, azpiko inflazioa —kontsumo-prezioen azpiko joera hobeto erakusten duena— % 0,8 izan zen azaroan, argitaratutako azken hilabetean. Bestalde, KPI orokorra altuagoa da (% 1,6), osagai hegakorren (energia eta elikagai freskoak) eraginagatik.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 20a
-
2017-12-20
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: 📈 El Gobierno incrementa a 2,5 la previsión de crecimiento de la economía vasca en 2018 ➡ https://t.co/LuFisLjxwf -
2017-12-20
Comentario de Twitter:
📈 El Gobierno incrementa a 2,5 la previsión de crecimiento de la economía vasca en 2018 ➡ https://t.co/ZjcQGILwJ0 -
2017-12-20
Comentario de Twitter:
📈 Jaurlaritzak 2,5era igo du 2018rako aurreikusitako euskal ekonomiaren hazkuntza ➡ https://t.co/xq7ohW56Rq