Eu

Erkorekak gogorarazi du torturen eta tratu txarren txostenaren helburua fenomeno hori "argitzen laguntzea" zela

2017.eko abenduak 20

Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak esan du “Euskadin gertatutako torturak eta tratu txarrak aztertzen dituen txostenaren kalitate zientifikoa ukaezina” dela. Gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan Erkorekak gogoratu du ikerketa UPV/EHUko ikertzaile-talde batek egin duela Eusko Jaurlaritzak eskatuta, eta txostenaren helburua zela “1960 eta 2014 artean gertatu zen eta Euskadin inork zalantzan jartzen ez duen fenomeno hori argitzen laguntzea”.

PSE-EEk ikerketari buruz egindako kritikez galdetu diotenean, Erkoreka sailburuak erantzun du desadostasunak ez duela eraginik koalizio-gobernuaren bideragarritasunean, ez eta polizia-gehiegikerien biktimak aitortzen dituen legean ere, “biok aldezten dugu eta”.

Kataluniako hauteskundeei buruz, berriz, Erkorekak esan du parte-hartzea  “handia” izatea espero duela. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaleak ez du uste inork aterako duenik gehiengo absolutua, eta espero du “agertoki berrian elkarrizketa eta egonkortasuna” gailentzea, bere ustez hori dela eta Kataluniako herritarrek “irrikatzen" dutena.  

Gaur eguerdian Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek sindikatuekin egingo duen bilerari buruz, berriz, Erkorekak esan du Eusko Jaurlaritzak “irtenbideak bilatzeko eta akordioak lortzeko jarrera irmoa” erakutsiko duela, baina, Jaurlaritzaren bozeramailearen esanetan,  ez dela erraza izango adostasun batera iristea beste aldeak greba-dinamikaren planteamenduari eusten badio.  

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)