Eu

Eusko Jaurlaritzak 2017-2020 epealdirako Euskararen Agenda Estrategikoa onartu du eta legealdiaren amaieran betetze-maila ebaluatuko du (Gobernu Bilera 2017-12-19)

2017.eko abenduak 19

Dokumentuak bederatzi helburu estrategiko kuantifikagarri finkatu ditu eta horiek lortu ahal izateko hainbat ekimen ezarri ditu

Eusko Jaurlaritzak Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 onartu du bere gaurko Gobernu Batzordean eta, honen bidez, legealdia amaitu bitarteko hizkuntza politikaren lan-ildoak zein helburu estrategikoak zehaztuta utzi ditu. Dokumentu honek bederatzi helburu estrategiko finkatu ditu euskararen ezagutza areagotzen jarraitzeko, erabilera sustatzeko, hizkuntza eskubideen bermean aurrera egiten jarraitzeko eta euskararen lurraldeen arteko harremanak sendotzeko. Helburu horiek guztiak kuantifikagarriak dira eta epealdia bukatzean betetze maila neurtuko da. 

Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 dokumentua Jaurlaritzak euskararekiko duen konpromisoaren erakusgarria da, eta hizkuntza politikarekiko dituen ekimenak behar bezala planifikatzeko eta gauzatzeko funtsezko tresna izango da. Dokumentu estrategiko honek, halaber, euskararen zehar-lerrotasuna bermatzen du, bai administrazioan, baita gizartean ere. 

Euskararen Aholku Batzordeak garatutako ‘Euskara 21. Itun berritu baterantz’, ‘Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP)’ eta ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuetan jasotako ildo eta gogoeten jarraipena da Agenda hau. Hortik abiatzen da euskara bultzatzeko hizkuntza politika sustatzailea eta iraunkorra egiteko, azken hamarkadetan euskarak gizartean izan duen aurrerapena sendotzeko eta bizkortzeko. Testuan jaso denez, hainbat erakunde, gizarte eragile eta adituren arteko elkarrizketan eta elkarlan etengabe koordinatuan gauzatu nahi da Agenda: hala euskararen esparruan, nola nazioartean. 

Eusko Jaurlaritzan dauden bi alderdiek adostu dute Euskararen Agenda Estrategikoa, bat baitator XI. legealdirako Euskadi 2020 Gobernu Programarekin. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak legealdiaren hasieran aditzera emandako lau konpromisoak agenda honen oinarrian daude. Euskararen ezagutza eta, ondorioz, euskaldunon kopurua areagotzen jarraitzea da lehen konpromisoa. Bigarrena euskararen erabilera sustatzen jarraitzea da, batez ere aisialdian eta eremu ez formaletan. Hirugarrenik, herritarren hizkuntza eskubideen bermean eraginkortasunez aurrera egiteko konpromisoa dago. Azkenik, euskararen hiru lurraldeen erakundeen arteko lankidetza antolatu eta indartzeko konpromisoa dago, baita euskararen nazioarteko aitormena bultzatzekoa ere. 

Konpromiso horiek lortu ahal izateko, Jaurlaritzak bederatzi helburu estrategiko onartu ditu Agenda Estrategikoaren bidez. Konpromiso bakoitzak alderdi ezberdinak ditu eta zehaztasun handiz onartuak izan dira: 

1.  Euskal herritarren euskara-gaitasuna ugaritzea.

   1.1. 2020rako 25 urtetik beherako gazteen (16-24 adin-tartea, Inkesta Soziolinguistikoan) %75 euskal hiztun izatea.

   1.2. Hiztun berrien kopurua handitzea (2020an 788.100 euskaldun izatea, zentsuaren datuen arabera).

   1.3. Herritarrek euskara ziurtagiriak lortzeko sistema hobetzea.

2.  Euskal herritarren artean euskararen transmisioa ugaritzea.

   2.1. Etxean (2020an %22,5era heltzea).

   2.2. Etxetik kanpo.

3.  Euskal herritarren euskararen erabilera handitzea eta kalitatea hobetzea.

   3.1. Etxean (%21aren gainetik 2020rako) eta lagunartean (%23aren langa gaindituz 2020rako).

   3.2. Hezkuntza arautuan (LMH4n, %61,4tik gora; DBH2n %44,7tik gora).

   3.3. Lankideekin (%28ra ailegatzea 2020an).

   3.4. Aisialdi-arloan: ingurune digitala (sare sozialetan %19,5etik gora), kirola, kultura edota hedabideak.

4.  Erakunde publikoen eta pribatuen euskararen erabilera handitzea.

   4.1. Euskara zerbitzu-eta lan-hizkuntza izatea administrazioan (euskaraz arreta jaso ahal izatea %100era bermatzea).

   4.2. Euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza izatea Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate publikoetan (%54ra iristea).

   4.3. Euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza izatea lan-munduan (Bikain ziurtagiria lortzen duten enpresa berriak 40 izatea 2020an; aurten 35 enpresa berrik jaso dute).

5.  Herritarren hizkuntza eskubideen babesa bermatzea.

   5.1. Konponbidea izan duten Elebideko intzidentzia kopurua ugaritzea (zerbitzu honetara heltzen diren inzidentzien %92 konponbide egokia izatea 2020rako).

   5.2. Herritarren hizkuntza eskubideen kontzientzia maila igotzea.

6.  Euskara biziberritzeko ezagutzaren garapenean (ikerkuntza) eta berrikuntzan (aplikazioa) sakontzea.

   6.1. Euskararen corpusa garatzea: hiztegiak (83 hiztegi terminologiko izatea 2020rako), Euskalterm (Euskaltermen 140.000 kontsulta izatea 2020rako).

   6.2. Euskararen azterketa soziolinguistikoa egitea: ikerketa kuantitatiboak (adierazle sistema eta datutegiak; 425 tesi izatea 2020rako) eta kualitatiboak.

   6.3. Arnasguneei eta eremu funtzionalei buruzko azterketak ugaritzea.

7.  Hizkuntza bizikidetzan oinarritzen den gizarte aktibazioa indartzea.

   7.1. Euskararen eta hizkuntza politikaren inguruko adostasuna lortzea (Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana egoki baloratzen duten herritarrak %65 izatea, Inkesta Soziolinguistikoaren arabera).

   7.2. Euskararen unibertsoa eta bizipena gizarte osoan duintzea.

   7.3. Hizkuntza bizikidetzarako portaera berritzaileak sustatzea.

   7.4. Euskararekiko atxikimendua eta hizkuntzen arteko harremanak sendotzea (euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera %67ra heltzea).

8.  Euskararen lurraldea osatzen dugun eragile publikoekin eta pribatuekin lankidetza berritu eta ugaritzea (erakunde publikoekin eta pribatuekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak 28 izatea 2020an).

9.  Euskararen nazioartekotzeari eta eleaniztasunaren aldeko konpromisoari jarraipena egiteko ekintza kopurua ugaritzea (nazioarteko erakundeekin 10 lankidetza-hitzarmen sinatuta izatea 2020rako).

Helburu hauek lortu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak hainbat ekintza aurreikusten ditu 2017-2020 epealdirako. Hauetako asko azken 12 hilabeteotan aurrera eraman dira eta, gainontzekoak, legealdian zehar sustatuko dira.

Zehar-lerrotasuna

Onartutako dokumentuan nabarmentzen denez, Euskararen Agenda Estrategikoa Eusko Jaurlaritza osoari dagokio. Izan ere, dokumentu honen eginkizunetako bat da euskararen zehar-lerrotasuna bermatzea, bai administrazioaren eremu guztietan, baita gizartean ere. Agenda hau    –beste 14 planekin batera– Gobernu Programan txertatuta egoteak esan nahi du euskara ere sail guztietako gaitzat hartu dela. Euskararen erabilera administrazioan bermatzeko eta, gaztelaniarekin batera lan hizkuntza izateko, presente egon behar du sail guztietako plan estrategikoetan eta abian jartzen diren proiektu eta ekimen guztietan, gaia eta edukia edozein delarik ere. 

Helburu hori lortzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta honen menpe dagoen Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak akuilu lana egingo dute, eta gainontzeko sailekin lankidetza sustatuko du Gobernu Programan jasotako euskarari loturiko konpromisoak betetzeko, edozein sailari loturik daudelarik ere. 

Agendaren jarraipena

Jarraipen Batzordeak zehaztutako helburuen betetze mailaren jarraipena egingo du. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Hizkuntza Politikako sailburuordea, Hezkuntza sailburuordea, HABEko zuzendari nagusia, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria, IVAPeko zuzendaria edo IVAPeko Euskara zuzendariordea, eta Eusko Jaurlaritzaren sailetako Euskara Ataleko arduradun politikoak izango dira erakunde horren partaideak. 

Jarraipen Batzordea behar denean bilduko da, baina, gutxienez urtean behin, urte bakoitzaren hasieran, aurreko urteko planaren ebaluazioa egiteko eta urtean abian jarri eta kudeatu beharreko jarduerak zehazteko. Urterik urte ebaluatuko da Agenda honetan xehatutako konpromiso eta ekimen bakoitzaren betetze maila, konpromiso eta ekimen bakoitza gauzatzeko ezarri diren jarduerak maila kuantitatiboan eta kualitatiboan aztertuz. 

Era berean, erakunde hauetako ordezkariak, gutxienez zuzendari mailakoak, partaide izango dira: Osakidetza, Justizia, Ertzaintza, EiTB, Eustat eta Emakunde. Gainera, berariazko erabilera plan bakoitzak bere Jarraipen Batzorde propioa izango du, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin koordinatua. Izan ere, Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 dokumentuak kontuan hartu eta osagai ditu normalizazio plan hauek: Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia (V. plangintzaldia (2013-2017) eta VI. plangitzaldia (2018-2022), Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana (2013-2019), EAEko Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorra (2011-2020), eta Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eta EITBko Euskararen Erabilerarako Plana. 

Plan horiez gain, kontuan hartu beharrekoa da Hizkuntza Politika Sailburuordetzak Etxepare Euskal Institutuarekin izango duen harremana, euskal kulturaren eta euskararen nazioarteko proiekzioa sustatzeko. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2017.eko abenduak 20

    Patxi Bastarrika comentaba en su dilatada trayectoria al frente del ir y el venir de la Euskaldunización de Euskadi que el Euskera hay que utilizarlo como via de comunicación y que se deben de poner todos los medios suficientes para ello.
    Se ha conseguido que muchos hablemos en nuestras calles en los trabajos gracias a la perseverancia y al trabajo realizado, sin embargo para trabajar en la Administración Vasca se exige pasar unas pruebas de nivel que desde mi punto de vista deberian de tener algun cambio.
    Los examenes estan divididos en varias pruebas (comprension escrita, compresión oral...) y para la obtención del titulo hay que aprobar en cada convocatoria todas las partes.
    ¿Porque hay que repertir las pruebas que estan aprobadas, año a año, porque te cuesta aprobar el oral, por ejemplo? ¿Porque nos se da por apto para siempre esas pruebas que estan superadas?.
    Desde mi opinion sugiero al Departamento de Cultura y Politica Linguistica tomen en cuenta estas observaciones.

Komunikabideek behera kargatzeko