Berriak Hezkuntza
Eu

5 milioi eskola garraiorako laguntzaile zerbitzua kontratatzeko (Gobernu Bilera 2017-12-19)

2017.eko abenduak 19

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko egunez hartu du 5 milioi euroko gastu bat baimentzeko erabakia, Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraiorako laguntzaileen zerbitzua kontratatzeko, Bizkaiko Lurralde Historikoan, 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetarako. Kontratua beste bi ikasturtez luzatu ahal izango da. 

Eskola garraioko laguntzaileek ikasleen ongizatea eta segurtasuna zaintzeko ardura dute, jasotzen dituzten lekutik eskolarainoko ibilbide guztian zehar, nahiz bueltakoan. Horregatik, langile hauek lehen geltokitik amaierarainoko ibilbide guztia egiten dute, euren lana lehen geltokitik bertatik hasita. Ikasleei ibilgailura sartzen laguntzen diete, hala behar izanez gero –batez ere zailtasun bereziak dituzten haurren kasuan-, eserlekuetan egokitzen dituzte, eta gidariari enbarazurik ez dietela eragingo ziurtatzen dute. 

Era berean, autobusean pertsona arrotzik ez dela sartu ere zaintzen dute laguntzaileek. Bueltako bidaian, ikasle bakoitza dagokion geltokian jaitsi dela zaintzen dute, eta gurasoek edo haiek izendatutako pertsona batek hartzen dituztela. Laguntzaileen beste zereginetako bat da, eskola ordutegia amaitzean, haurrak jolastokian zaintzea, hauek dagokien ibilgailura sartu arte.

Egun eskola garraioko 134 ibilbide daude Bizkaian, eta 223 laguntzaile arduratzen dira horietaz. Lurralde Historiko horretan ikastetxe publikoetako 8.200 ikasletik gora garraiatzen dira egunero, eskola garraioaren bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko