Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Haurrei eta nerabeei laguntzeko telefono-zenbakian 400 dei jaso dira lehen bi hilabetetan, orientazio eta aholku eske

2010.eko abenduak 17

 

  • 116 111 telefono-zenbakia helduei ere zuzenduta dago, baldin eta haur eta nerabeen eskubideak urratzen ari diren kasuren baten berri badute

 

Abian jarri zenetik bi hilabete igaro direlarik, 116 111 adingabearen telefono-zenbakian 406 dei jaso dira orientazio eta aholku eske, eremu emozionalarekin lotura duten gaiei buruz, bereziki, egoera afektibo-sexualekin, jazarpen-egoerekin loturikoak, baita kideen edo senitartekoen arteko harremanei buruz ere; telefono-zenbaki hori doakoa eta konfidentziala da.

Familia eta Komunitate Politikako zuzendari Loli García andrea oso pozik agertu da Eusko Jaurlaritzak adingabeei eskaintzen dien zerbitzu berriak izan duen informazio-eskaeraren maila dela-eta; urriaren hasieran iragarri zuen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak zerbitzu hori martxan jarriko zela. Zuzendariaren esanetan, onarpen-maila hori "bat dator zerbitzuaren egitekoarekin, hau da, haur eta nerabeei gizarte-babesa izateko eta gizarteratzeko eskubidea bermatzen laguntzearekin", eta denborak aurrera egin ahala, maila horri eutsi egin beharko litzaioke.

Haur eta nerabeei laguntzeko 116 111 telefono-zenbaki europarraren helburua zera da, arriskuko edo gatazkako egoera pertsonaletan dauden haur eta nerabeei -edo hirugarren pertsonek pairatzen dituzten egoera zailen berri dutenei- orientazioa, aholkularitza edo informazioa ematea elkarrizketaren bitartez solaskide profesional batekin; profesional horrek laguntza eskainiko die, arazoaren nondik norakoa balioetsiko du eta gehien komeni den esku-hartzea zehaztuko du. "Telefono-zenbaki hori helduentzako ere bada, baldin eta haur eta nerabeen eskubideak urratzen ari diren egoeren berri badute", esan du Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikako arduradunak.

Gaur egun, hiru bide daude zerbitzuarekin harremanetan jartzeko: telefono-zenbakia, bide nagusia da eta arreta guztia horra bideratzen da; kontsultak egiteko postontzi elektronikoa; eta sare sozialak (Facebook, Tuenti, Twiter). Erabilera handiena telefonoak izan du, kontsulten % 97, hain zuzen ere.  Postontziak eta sare sozialek gainerako % 3a osatu dute.

Martxan egon den bi hilabeteetako batez bestekoari erreparatuta, haurrek eta nerabeek baliatu dute gehien zerbitzua, guztirakoaren % 64 izan baitira; helduak, aldiz, % 36. Azken horien artetik, erdia baino gehiago (% 50,68) aitak eta/edo amak izan dira, % 17,12 bigarren eta hirugarren mailako senitartekoak, eta deien % 28,02 bizilagun eta ezagunek egin dituzte.

Argi eta garbi, 12 urtetik gorakoak izan dira 116 111 zerbitzua gehien baliatu dutenak. Horien partaidetza-kuota % 94 izan da, eta adin horretatik beherako haurren kontsulten kasuan, % 6 izan da. Loli García andrearen arabera, datu hori koherentea da 12 urtetik gorako nerabeen ohiko zirkunstantzia eta aukerekin; izan ere, "adin horretan autonomizazio-prozesu bati ekiten diote, eta prozesu horrek, nerabezaroarekin loturiko beste hainbat faktorerekin batera, hainbat baliabide baliatzeko aukera ematen die, telefono-zerbitzu hori, esaterako". Neskek kontsulta gehiago egin dutela ere egiaztatu da. 

Gaiak

Logikari jarraiki, zerbitzu berriari buruzko informazioa nahi zuten deiak izan dira; horietaz gain, 116 111 telefono-zenbakiaren call centerrean jasotako kontsulta kopurua kontuan izanik, harreman afektibo-sexualak bereziki interesatzen zaizkie adingabeei. Deien % 21 honako gai hauei buruzkoak izan dira: mutil-lagun edo neska-lagunarekiko harremanei, harremanak eteteari eta lehen sexu-harremanaren gaineko zalantzei buruzkoak.

Jazarpen-egoerak (% 15) ere ohikoak izan dira kontsultetan, baina bat bera ere ez da hartu bullingeko kasu larri edo oso larritzat. Pertsona horiei orientazioa eman zaie aurre egiteko jarraibideen bidez eta senitartekoei jakinarazteko mekanismoen bitartez (adingabeen kasuan) eta ikastetxeko langileetara bideratu dira (helduen kasuan).

Parekideen arteko harremanei dagokienez (kideak, adin bereko lagunak eta abar), kontsultak (% 13) koadrila-aldaketarekin eta gaizki-ulertu nahiz haserreekin izan dute zerikusia; kontsulta horiek guztiak adingabeek egin dituzte.

Familia-harremanei buruzko kontsultak (% 11) familia-eremuko komunikazioarekin eta konfiantzarekin loturikoak izan dira, esate baterako, haur eta nerabeek eskolako emaitza txarren berri etxekoei emateko izaten dituzten zailtasunak. Autolaguntzaren atalean (% 10), entzunaldi aktiboa nabarmentzen da, baita konponbideen bilaketa parte-hartzailea ere, bai helduekin, bai adingabeekin.

Halaber, beste zenbait dei ere izan dira behar ez bezalako kontsumoekin, genero-arloko tratu txarren ustezko egoeren jakinarazpenarekin eta ciberbullingarekin loturiko problematikei buruz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan