Eu

Arabako Foru Aldundiarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin hitzarmena Autobus Elektriko Adimendua ipintzeko (Gobernu Bilera 2017-12-19)

2017.eko abenduak 19

AED-BEIk 10 kilometroko trazatua izango du, eta bertan 24 geraleku berri sartuko dira noranzko bakoitzean

12 eta 18 metroko luzera duten autobusak gehituko dira, %100 elektrikoak, bide-gurutzeetako semaforoetan lehentasuna izango dute eta errail erreserbatutik zirkulatuko dute

Eusko Jaurlaritzak onartu du gaur Arabako Foru Aldundiarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin hitzarmen bat sinatzea, Autobus Elektriko Adimena-AED ipintzeko.

AED-BEI proiektuak 42.850.000 euroko oinarrizko aurrekontua du, eta honen finantzaketarako hitzarmena berehala berretsiko da. Finantzaketaren banaketari dagokionez, tranbiaren eraikuntzarako aurrera eramandako eredu bera jarraituko da: Eusko Jaurlaritzak %65 jarriko du, eta Foru Aldundiak eta Udalak, %17,5 bakoitzak.

ETS erakunde publikoak, jasotako kudeaketa enkomendan oinarrituta, proiektu teknikoa gauzatu du. Behin hau amaituta, eta Baldintza Teknikoen eta Administratiboen Plegua idatzi eta gero, Gasteizko udalak lizitazioari ekingo dio, bus elektriko sistema egungo 2. linean ezartzeko, ondoren TUVISA udal enpresak ustiatuko duelarik.

AED-BEIk 10 kilometroko trazatua izango du, eta bertan 24 geraleku berri sartuko dira noranzko bakoitzean, orain arte “ohiko” geralekuak egon diren kokalekuetan. Geralekuei dagokienez, markesinen estetika tranbiaren markesinen antzekoa izango da, baina OPIan 29”-ko LCD pantaila handiagoa jarri da, itxaron beharreko denborari edo beste linea batzuekin dauden konexioei buruzko datuak denbora errealean eskaintzen dituen multimedia informazioa hobetzeko. Horrez gain, geralekuek jendearen arretarako sistemak izango dituzte, ahots eta bideo bitartez.

Beste alde batetik, aurre azterlanetan, autobusen karga elektrikorako merkatuan dauden soluzio teknologiko guztien azterketa zehatza egin da. Azkenean, pantografo inbertitua duen aukerako karga sistema aukeratu da, eta linea bakoitzerako bi kargagailu proiektatu dira, hau da, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bi: Bulebarrean eta Mendizorrotzan. Erabaki hori, karga sistemaren batek huts eginez gero ere zerbitzua ziurtatzeko helburuz hartu da.

Ibilgailuen ezaugarriak kontuan izanda, ustiapenak irauten duen bitartean, itzuli bakoitzeko 5 minutuko karga azkarra egiteko aukera dago, baina bi puntu gehitu dira, berme gehiago eskaintzeko. Aukerako karga edo karga azkarra goialdean pantografoa ukituz egingo da (ibilgailuak berak edo karga azpiegiturak). Kotxetegietan ere ekipamendua aurreikusten da, gaueko erregulazio karga egiteko, unitateak aparkatuta daudenean.

Komunikazioei dagokienez, AED-BEIren geraleku guztiak TUVISAko Kontrol Zentroarekin, Trafikoaren Kontrol Zentroarekin (semaforoen lehentasuna kontrolatzeko) eta San Martinen dauden udal bulegoekin lotuko dituen zuntz optikoko eraztuna eraikiko da. Horrela, aginte postutik monitorizatuko den sistema seguruagoa eta interkonektaturikoa bilakatuko da.

Tituluen balioztapenari eta salmentari dagokienez, TUVISAren ohiko funtzionamendu sistemarekin alderatuz izango duen berrikuntza nagusietakoa geralekuan baliogabetu ahal izatea izango da, eta baita joaneko tituluak erosteko, BAT txartela kargatzeko edo kreditu txartelarekin eta BARIK edo MUGI txartelekin ordaintzeko aukera ere. Beste berrikuntza bat, BAT txartela autobus geltokiko, Mendizorrotzako eta Bulebarreko geralekuetan eskuratzeko aukera izango da. Ticketing sistema berri horrek guztiak, tranbian erabilitakoaren antzekoak, geratzeko behar den denbora murriztea eragingo du eta, ondorioz, linearen ibilbidea egiteko beharko den denbora murriztea.

Vitoria-Gasteizko kaleetatik, %100 elektrikoak izango diren 18m-tako 7k autobusek eta 12m-tako 6 autobusek zirkulatuko dute, etorkizuneko garraioaren eskakizunetara egokituz garapen teknologiko berritzaileak integratuko dituztelarik. Berrikuntza gisa, segurtasunerako eta gidaritzari laguntzeko sistemak (geralekura hurbiltzeko laguntza, gidatze optiko bitartez), irisgarritasun arloko hobekuntzak (ahalmen handiagoa eta autobusaren solairua ohikoa baino beherago) eta klimatizazio baldintzak hobetuko dituen ateen eskuzko irekiera gehituko dituzte. Eta, azkenik, autobus elektrikoa denez, azpimarragarria da ez duela zaratarik egingo, hiriko hots kalitatea eta gidarien lan baldintzak hobetuz. 

Informazio gehiago Irekian: https://goo.gl/5WLSs2

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko