Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek langile desgaituak dituzten enpresei lehentasuna emango die kontratazio publikoko prozesuetan

2010.eko abenduak 17

Euskal Enplegu Zerbitzuak zerbitzu berezi bat izango du gizarteratzeko eta laneratzeko enpresentzat

Enplegu, Prestakuntza eta Gizarteratzeko sailburuorde Javier Ruiz jaunak esan duenez, kontratazio publikoko prozesuetan, desgaitasunak dituzten langileak plantillan dituzten enpresei lehentasuna emango die Lanbidek. Horretarako, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartearekin (Gizatea) batera, behar handieneko kolektiboen enplegua sustatzera bideratutako klausula sozialak gauzatzeko modua aztertzen ari da.

Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen hirugarren jardunaldia izango da Bilbon, eta ekitaldi horren inaugurazioan Javier Ruizek aurreratu duenez, lehen neurria hauxe izango da: urtarriletik aurrera, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresei bereziki zuzendutako zerbitzua izango du Lanbidek, izan ere, "Euskadiko gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak Estatuko sektore handiena izatea lortu nahi dugu, bai termino erlatibotan, bai termino absolututan".

Javier Ruizen ustez, neurri horri esker "sektorea erreferente izango da gai horretan, eta, bereziki, herritarrei kemena emango die, enplegua oraindik ere erronka eta premia moduan ikusten baitute". Era berean, Lanbide ere erreferente bihurtzea nahi du Javier Ruizek, eta kudeaketari dagokionez, "zerbitzu eredugarria" izatea.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bultzada handia eman izan dio sektoreari orain arte, baina orain are handiagoa, amaitzear dugun urte honetan eman dituen laguntzen zenbatekoa bederatzi milioitik hamaika milioira igo baitu. Sailburuordearen ustez, igoera horrek zerikusi handia du sektoreko enpresek enpleguarekiko hartu duten konpromisoarekin. "Hona hemen zalantzan jarri ezin den datu bat: gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen jarduera biltzen duten memoria guztietan -baita krisi ekonomiko larriko 2008-2010 aldia barnean hartzen dutenetan ere-, sektore hori fidagarria eta kaudimenduna dela aipatzen dute, eta enpleguari eutsi egiten diola, merkatu normalizatuaren batez bestekoak baino hobeto", azpimarratu du Javier Ruizek.

Konpromiso hori enpresen kontabilitatean sumatzen da, baina baita gizartearen eta lanaren arloko bazterkeria-arrisku handiena duten pertsonak laneratzearekin hartutako erantzukizun etikoan ere; beraz, sailburuordearen ustez, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak "bide-lagun ezin hobeak dira bazterkeriaren, langabeziaren eta pobreziaren aurkako borrokan".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan