Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak 491 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa onartu du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta EPO-ren beharrei erantzuteko

2017.eko abenduak 19

Gobernu Kontseiluak 2017-2020 epealdirako Euskararen Agenda Estrategia onartu du eta legealdiaren amaieran betetze-maila ebaluatuko du

Gobernu Kontseiluak 491 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa onartu du 2018. urtean Gizarte Babeserako Euskal Sistema finantzatzeko. Zuzkidura horren bidez, Jaurlaritzak honako hauen inguruko premiei erantzungo die: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria. Gobernuak erabaki du gastu-espediente bien onespena aurreratzea (402 milioi DSBEarentzat eta 89 milioi EPOarentzat), horrela, Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuak prestazioak 2018ko urtarriletik aurrera ordaintzen dituela bermatzeko.

Josu Erkoreka bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez, neurri honekin “premiarik handiena duten pertsonei” hileko prestazio ekonomiko bat kobratzeko aukera bermatzen zaie, eta krisi ekonomikoarekin okerren pasatzen ari direnei elkartasuna agertzeko eta gizarteratzea bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoa betetzen da. 

Ez da izan Gobernu Kontseiluaren ondoren egon den prentsaurrekoan jorratutako gai bakarra. Bertan agertu da Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, gaur ere onartutako Euskararen 2017-2020 Agenda Estrategikoaren gakoak azaltzeko. Dokumentu horretan ezartzen dira legegintzaldi honen amaierara arteko lan-ildoak eta helburu estrategikoak.Sailak ahalegina egin du finkatutako helburu guztiak —bederatzi dira, guztira— kuantifikagarriak izan daitezen, aldiaren amaieran betetze-maila ebaluatu ahal izateko moduan. “Eusko Jaurlaritzak euskararekiko duen konpromisoaren erakusgarri da Agenda” esan du sailburuak. 

TORTUREI BURUZKO TXOSTENA

Gainera, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea interpelatu dute atzo aurkeztutako torturei buruzko txostenaren inguruan. Erkorekak gogorarazi duenez, txosten hori ez du "edozein” erakundek egin, Kriminologiaren Euskal Institutuak baizik, eta Paco Etxeberria forentse “ospetsuak” zuzendu du. Hortaz, ez du txostenaren kalitatea zalantzan jartzen. 

Adierazitako azterlanaren inguruan Gobernuko bazkideak izandako erreakzioari dagokionez, Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ez dagoela zalantzan hura osatzen duten taldeen apustua polizia-testuinguru batean izandako giza eskubideen urratzeak “onartu, haztatu eta erreparatzearen” alde.

2017-12-19 gai-zerrenda

Prentsa txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak