Eu

Josu Erkorekak etika publikoaren eta gobernu onaren arloko kargudun publikoen beste prestakuntza-jardunaldi bat zuzendu du

2017.eko abenduak 20
  • Lan-jardunaldia HAEEk antolatu duen seigarrena izan da, eta etika publikoko aditu, Zuzenbideko doktore eta unibertsitateko irakasle Rafael Jiménez Asensiok hartu du parte

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak “Etika eta Jokabide Kodeari”  atxikita dauden Eusko Jaurlaritzako kargudun publikoak prestatzeko HAEEk antolatutako etika publikoaren arloko seigarren lan-jardunaldia inauguratu du gaur. XI. Legegintzaldiaren lehen urte honetan egiten den bigarrena da.

Jardunaldiak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) antolatzen ditu, eta dokumentu horretan jasotako balioak, printzipioak eta portaerak zabaltzea eta ezartzea dute helburu. Gainera, administrazioa etika publikoaren arloan hobetzeko zabalkunde eta prestakuntzako programak sustatzeko konpromisoan aurrera egitea ahalbidetzen diote Eusko Jaurlaritzari.

RAFAEL JIMÉNEZ ASENSIO

Gaurko jardunaldian, Zuzenbideko doktore (Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean) eta Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle Rafael Jiménez Asensiok parte hartu du.

“Integridad Institucional: Cargos públicos, personal directivo y funcionariado” izenburuko hitzaldian, erakunde-integritateko politiken eta “Gobernantza Onaren” arteko lotura landu du. Rafael Jiménezen ustez, “integritatearen” balioa erakunde guztietara, beren jarduera politikoa, zuzendaritza-jarduera edo jarduera profesionala eremu horretan egiten duten pertsona guztiengana eta kontratazioaren edo diru-laguntzak jasotzearen bidez administrazio publikoekin lotuta dauden erakunde eta herritarrengana zabaldu behar da.

Hitzaldian gogorarazi du Eusko Jaurlaritza aitzindaria izan zela, “Etika eta Jokabide Kodea” onartu zuenean, Jaurlaritzako goi-kargudunei aplikatu beharreko erakunde-integritateko esparru bat abian jartzen, eta, gaineratu duenez, “eredugarria izan da elementu askotan, eta erakunde askok erreferentziatzat hartu zuten. Etika Publikoko Batzordea izan da erakunde-integritateko politika bat abian jartzeko aukerari bidea eman dion funtsezko elementua”.

ETIKA PUBLIKOAREN ARLOKO JARDUNALDIAK

Prestakuntza-jardunaldien zikloa 2014. urtean hasi zen, Javier Goma Lanzónen hitzaldiarekin. Ondoren, Carles Ramió Matas, Victoria Camps Cervera, Francisco Longo Martinez eta Concepción Campos Acuñaren hitzaldiak izan genituen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak